|
|
|
Burutik beherakoa
Azkoipeitia
Jose Luis Otamendi
Edo Azpeikoitia, Iņaki Segurolari irakurri nionez. Izenarena bat da, eta ez txikiena. Zeinek esan behar zigun sekula Azkoitia eta Azpeitia bat izan zitezkeenik. Baita zera ere...! Ba tankerako burubideak darabiltzate, nonbait, Jaurlaritzan, Urola Kostako Zatikako Lurralde Plana dela eta. Hala azaldu zen prentsan orain hurrengoan, Jaurlaritzako Martin Arregik Azpeitia eta Azkoitia elkartu beharra agertu du. Plana 2006an onartu nahi dute, 2020 arteko lurren garapena aurreikusten da: etxebizitzak, garraioak, nekazaritza... Jar zaitezte 2020an. Batzuk eginago, helduago egongo zarete, besteok heldutik paseak, ximelean fuerte. Urrutienera jota Abitaiņen edo... auskalo, Baldatxon ere igual! Piura ederrak. Bestelako kalkuluak egindakoak izango dira : zenbat mila etxe berri, zenbat bozka, zenbat eltzeko... Askorentzat, badakizue, ibili dena festa. Harripean pagotxa.
Herri bateko egingo ote gaituzte azkenean? Hori, besterik gabe, onartuko al dugu zapook harro-harro, eta xakelek xano antzean? Egia da, behin behintzat, 1766ko matxinada garaian, elkar hartu zuten herri biotako jende xeheek justizia pixka bat jartzeko bailaran. Baina ez du ematen orain derrepente matxinatzen hasteko tamainan gaudenik. Beraz, aurki gara denok azkoipeitiar edo azpeikoitiar... Egundokoa behar du, San Inazioren estatua Plaza Berrian, edo aste santuan San Migel Erdi Kalean gora ikusteak. Happening hutsa. Eta andramaixek saninaziyotan? Ohitu artekoa.
|