Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Hemen da berriro Toshack

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hemen da berriro Toshack

Enekoitz Esnaola

Gustukoa du Azpeitiko futbol zelaia: Realarekin hainbat aldiz etorri zen, eta maiatzaren 20an Galesko selekzioarekin izango da

 

Galesko futbol selekzioak hamar eguneko egonaldia egingo du Donostian maiatzean, eta 20an Azpeitira etorriko dira entrenatzera. Eta zein da Galesko hautatzailea? John Toshack lagun zaharra. Honelakoa da pertsonaia hori.

Azpeitia gustuko du.

  • Toshackek Realean fitxatu zuenean (1985eko udan), denboraldi-aurreko lehen partida Azpeitian jokatu zuen taldeak, Lagun Onaken kontra. Harrezkero gehiagotan etorri izan da entrenatzera. Azkena, 2001eko urtarrilean, Realarekin. “Eskakizun bat baino gehiago dugu Zubietatik kanpo entrenatzeko. Ona da, atzerritarrek klub hau desberdina dela ikusteko. Reala ez da Donostiako kluba bakarrik”, zioen orduan Toshackek.

Esandakoak.

  • “Anoetan Athleticen entrenatzaile bezala egotea, heriotza bera baino mingarriagoa imajinatzen dut”. Asko maite zuen Reala “Galesko euskaldunak” —hala definitzen zen bera—, baina 1989an gustura asko joan zen Real Madrilera... Reala utzita.
  • “‘Erretiroa’ da inoiz entzun dudan hitzik zentzugabeena [orain dela bost urte esan zuen hori]. Hiztegitik kendu beharra dago. Oraindik gaztea naiz”. 56 urte ditu eta ez da erretiratu, gero eta talde apalagoak entrenatzen baditu ere (Murtzia iaz...). 1989an Luis Uranga Realeko presidenteak: “Toshack lanik gabe geratuko balitz, Realean lekurik ez duela esan dezaket”. Bi urtera berak fitxatu zuen hura. Orain behintzat, Luis Uranga ez dago Realean, bestela Toshack...
  • “Partidaren ondoren garagardorik edan ez badaiteke, noiz edan behar da? Hasi aurretik?”.
  • Luis Perez Realeko jokalariak min askotan hartzen zuela eta, Toshackek prentsaurrean: “Honek Poliklinikoan andregaia duela uste dut”.

Ohiturak.

  • Hauxe da haren egunik gustukoena: Zarautzen etxea du, eta han denean, bederatziak aldera jaiki, gosaldu Argińanonean, bederatzi zulo jokatu golfean, Getariara joan paseoan, han Elkanonean lasai bazkaldu, atzera Zarautzera abiatu, beste bederatzi zulo jokatu golfean, eta gero afaltzera. Ondo bizi da gizona.
  • Orain dela lau urte zioenez, ez omen da behin ere ordenagailuan aritu. Hala ere, gustukoa du entrenamenduetan zer egiten duten idaztea; “30 minutu eguneko saioari buruz, beste 30 hurrengo egunekoa prestatzeko”. Noizbait memoriak idazten baditu, “prezio onean” idatziko ditu; Gipuzkoako kontu askotxo izango ditu kontatzeko.

Pasadizoa.

  • “Liverpooleko lehen taldera igo nindutenean, entrenamenduaren ondoren leher eginda nengoen eta botak jaurti egin nituen —agerraldian hori kontatzen ari zela, zapatak bota zituen—. Kapitaina etorri zitzaidan, belarritik heldu eta esan zidan talde hartan bi botetako lokarriaz lotuz gordetzen zirela botak, ondoren gazteagoek bota horiek garbitu egiten zituztelako. Hura zen diziplina. Oraindik hala lotzen ditut”.

Fitxa

  • 56 urte ditu eta galestarra da (Cardiff).
  • Liverpoolen jokatu zuen, aurrelari. Europako bi Kopa irabazi zituen, bi UEFA, Ingalaterrako hiru Liga...
  • Entrenatzaile, Swansea, Sporting Lisboa, Reala (hiru aldiz), Real Madril (bi aldiz), Deportivo, Besiktas, Saint Etienne, Catania, Murtzia eta Galesko selekzioan (bi aldiz; 1994an, Realeko entrenatzaile zela. Partida bat baino ez zuen zuzendu: 3-1 galdu Norvegiaren kontra). Titulu nagusiak: Espainiako Liga bat (Real Madril) eta Kopa bat (Reala, 1987).
  • Reala gehien zuzendu duen entrenatzailea da (386 partidatan; 158 irabazi, 99 berdindu, 129 galdu). Azkeneko aldiz, 2002ko martxoan.
  • Orain 2006ko Mundialerako sailkapen fasean da Galesekin. Ez da sailkatuko (Gales behin baino ez da egon Mundialean: 1958an). Ryan Giggs (Manchester United) du jokalari onena. Salva Iriarte beasaindarra da Galesko bigarren hautatzailea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak