Kelly Perez:
Kelly Perez orain hiru urte etorri zen Azpeitira. Lehenengo haren senarrak irten zuen Ekuadorretik Europara, etorkizun hobearen bila. Senarra hasieran lanera Suitzara joan zen —orain dela bost urte—, eta han urtebete pasatu ondoren etorri zen Azpeitira. Gero, Kelly alaba txikienarekin etorri zen, eta iaz beste bi seme-alabak ekarri ahal izan zituzten. Orain beste bat gehiago dira familian, eta seiak “gustura” bizi dira hemen.
Ez omen zen erraza izan Ekuador uztea, baina ezta han senarrik gabe bizitzea ere: “Dena oso zaila izan zen. Lehenengo senarrak hura utzi eta hiru seme alabekin bakarrik gelditu nintzen. Ondoren bi seme-alaba han utzi eta hona etortzea ere ez zen samurra izan”, esan du.
Kellyren senarra Suitzatik Euskal Herrira etortzea ez zen gustu kontua izan. “Suitzan gauzak hemen baino zailagoak dira. Senarra bi aldiz harrapatu zuten poliziek, eta egoera zailean zegoen. Beraz, hura utzi egin zuen, eta Donostiara etorri zen lehenengo, eta gero Azpeitira”. Ekuadorretik etorri eta dena izan da ezberdina, haren ustez: “Zorte handia izan dut. Etorri eta segituan egin nituen lagunak, eta laguntza handia eman didatenez, erraz ohitu nintzen hemengo bizitzara”, dio, gustura. Seme-alabak etorri zirenean ere laguntza handia jaso zuten, herrian lehenbailehen integra zitezen. “Ikasturtea hasita etorri ziren, eta irakasleek laguntza handia eman ziguten umeek euskaraz ikasi bitartean”.
Egoera legeztatzeko gauzak ez zitzaizkion zailak egin. “Senarrak aurreko erregulazio kanpainan lortu zituen paperak. Beraz, nik ez nuen inongo arazorik izan paperak lortzeko”.
Hemen ondo egon arren, Kelly Perez asko gogoratzen da bere herriarekin. “Ez dut aukerarik izan Ekuadorrera joateko. Familia handia gara eta guztiok joateko diru asko behar da. Bueltatzeko ideiarekin etorri nintzen, baina umeek hemen egingo dute bizitza eta ez dute bueltatu nahiko ziurrenik”, dio, bukatzeko.
Fitxa
Izen-abizenak: Kelly Perez.
Herrialdea: Ekuadorrekoa da.
Adina: 36 urte.
Lanbidea: Tarteka etxe batean lan egiten du. Jostuna ere bada.
Hizkuntza: Gaztelera.
Zaletasunak: Ez du zaletasun berezirik.
|