Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Zapo mundutiarrak »  Mariberkis de la Cruz: "Euskal Herrira etortzeko beldur pixka bat buen"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mariberkis de la Cruz: "Euskal Herrira etortzeko beldur pixka bat buen"

 

Mariberkis de la Cruzek denbora gutxi darama herrian; iritsi berria da. Lau hilabete eskas dira Domikar Errepublikatik zuzenean Azpeitira etorri zela, eta pixkanaka-pixkanaka ohitzen ari da bizileku berrira. Baina hemengo klimara ohitzea ez omen da batere erraza.

Dominikarra maitasunak ekarri zuen herrira bizitzera. Mariberkis eta Migel Anguelen istorioa, gaur egungo gizartearen erakusle da. Izan ere, orain dela bi urte ezagutu zuten elkar Internet bidez, eta orain senar-emazte dira. “Internet bidez ezagutu ginen eta ondoren, Miguel Angel hiru bat aldiz joan zen ni bisitatzera”, hasi da neska bere istorioa kontatzen. “Nik hona etorri nahi nuen gero, bera eta haren familia hobeto ezagutu ahal izateko. Baina paperak zirela-eta ezin nuenez etorri, Dominikar Errepublikan ezkondu ginen eta ondoren etorri ginen”, adierazi du. Paperen kontua ez omen dago erraza. “Nire herrian Espainiako kontsulatuaren-eta aurrean izugarrizko iladak izaten dira bisa lortzeko. Baina oso jende gutxik izaten du hona etortzeko aukera”, dio. “Nik ere arazoak izan nituen bisa lortzeko. Orain, berriz, hemen nago, baina ezin dut inora joan paperak zuzentzen ez dizkidaten bitartean, behintzat”.

Mariberkisek Euskal Herrira etortzeko “beldur pixka bat” ba zuen. “Telebistan Euskal Herria beti ETA eta indarkeri kontuekin lotzen dute han. Bizitzera hona netorrela esan nuenean, zoratuta nengoela esaten zidaten. Abiatu aurretik beldurra nuen, baina behin hona iritsita ikusi dut Euskal Herria ez dela telebistan agertzen den bezalakoa”, dio erdi barrezka.

Euskaraz zerbait ba al dakien galdetzean azkar botatzen du erantzuna: “Bai, pixka bat”. Ikasteko asmorik ba al duen galdetzean ere, “bai, poliki-poliki”, esan du dominikarrak. Ari da herrira ohitzen, lagunak ere egin ditu, eta familikoekin ere “etxean bezala” sentitzen da. Baina badu desio bat: “Lana topatu nahi dut. Lehen komertziala nintzen, eta hemen antzeko lanen bat topatu nahiko nuke. Orain arte zorte txarra izan dut, baina laster zerbait topatuko dudala espero dut”.

Azpeitian ez du inoiz arazorik izan, baina hasieran zaila egin omen zitzaion. “Nire herrian kanpotar bat ikusi eta agurtu egiten duzu, irribar egitearekin batera, kanpotarra bertako senti dadin. Hemen, aldiz, jendea hotzagoa da eta ez dizu inork kasurik egiten”.

Fitxa

Izen-abizenak: Mariberkis de la Cruz.

Herrialdea: Dominikar Errepublikatik etorria.

Adina: 33 urte.

Lanbidea: Ez du lanik egiten gaur egun.

Hizkuntza: Espainola da bere hizkuntza.

Zaletasunak: Gauza normalak egiten ditu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak