Rosa Lujan de Gomez: "Argentinara, nire herrira itzultzeko ez dut asmorik"
Ondo gogoan du noiz etorrizen Azpeitira Rosa Lujan de Gomezek; 2004ko uztailaren 14an, hain zuzen ere. Azpeitira iristeko izan zuen lehen arazoa ere ez du ahaztuta: “Barajasetik (Madrildik) etorri ginen Bilbora. Hegazkinetik jaitsi eta taxi gidariari Azpeitíra etorri nahi nuela esan nion, eta berak erantzun zidan ez zuela ezagutzen. Ni larrituta Azpeitía herri bat zela hasi nintzen esaten. Baina gizonak esaten zidan ez zekiela non zegoen. Azkenean, alabak esan zidan ez nuela ongi ahoskatzen eta ‘Azpeitia’ zela, ez ‘Azpeitía’, azentoa azkeneko ‘i’-n jarrita. Ongi ahoskatuta, azkenean ulertu zuen taxi gidariak nora gentozen”.
Baina hori ez da haren familiaren historiaren hasiera. Rosa eta Ernesto bere gizona ongi bizi ziren Argentinan, etxe handi bat zuten, eta Ernesto enpresa txiki baten jabea zen. Rosak administrazio lanak egiten zituen. Baina Argentinak ez ditu garai onak bizi, eta gaur egun egonkortasun segurtasunik gabeko herrialdea da. “2003ko abuztuan nire senarra Euskal Herrira etorri zen lan bila. Kontratupean lana aurkitu ondoren, berriro Argentinara itzuli zen paperak egitera, eta ondoren alaba eta ni etorri ginen lehenengo, eta astebetera etorri zen Ernesto. Orain familian bat gehiago gara, beste alaba bat izan dugulako”.
Etorkin gehienak sorterrira bueltatzeko ideiarekin etortzen dira, baina Rosak gauza bat argi du: “Nik ez dut nahi Argentinara bueltatzerik, ez orain Argentinan dagoen egoeran, behintzat. Han egundoko segurtasun falta somatzen da, eta hau ezagutu ondoren, nik ez dut hara bueltatzearekin amesten. Bisitara eta lagunak ikustera bai, baina bizitzera ez”, dio.
Ongi eta gustura bizi da Rosa Azpeitian. Bere lekua topatzen ari omen da pixkanaka-pixkanaka, eta gero-eta erosoago sentitzen da herrian. “Denborarekin jendea ezagutzen ari naiz, eta gero eta gusturago ibiltzen naiz kalean pasiatzen ere”.
Jende ona eta laguntzeko prest dagoena topatu du herrian, eta horrek harritu omen du. “Ezer eskatu gabe gauza asko ematen dituen jendea tokatu zait niri, eta hori eskertzekoa da. Nire alaba jaio zenean, sehaska bat ekarri zidaten; eskatu gabe horrela gauzak ematea harrigarria egiten zait. Bueltan ezer espero gabe eta jendea nolakoa den jakin gabe horrela jokatzen duen jendea ezagutzea pozgarria da”, dio Rosak, oraindik ere izandako laguntzaz harrituta.
Fitxa
Izen-abizenak: Rosa Lujan de Gomez
Herrialdea: Argentinatik etorria, Mendoza hiriburutik.
Adina: 41 urte.
Lanbidea: Administrazio lanean ibilia.
Hizkuntza: Gaztelera da haren hizkuntza.
Zaletasunak: Saskibaloia gustatzen zaio.
|