Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Zapo mundutiarrak »  Gertrudis Mangue Copariate: "Deportatua izateko arriskuan nengoen paperik gabe"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gertrudis Mangue Copariate: "Deportatua izateko arriskuan nengoen paperik gabe"

 

Gertrudis Mangue orain bost urte iritsi zen Euskal Herrira. Lehenengo Beasainen bizi izan zen urtebetez, eta ondoren bikote proiektu batek ekarri zuen Azpeitira bizitzera. Hasieran bakarrik etorri zen, baina denborarekin alaba ekarri zuen.

“Nire amaren lagun bat etorri zen lehenik, eta hemen zela, esan zidan hegazkin txartela eta gastuak ordainduko zizkidala etorri nahi banuen”, gogoratzen du. Gineako bizitza ez da erraza, eta bakarrik zailagoa omen da. “Ama hil berria zen, eta neuk aurrera irten behar nuen, eta alaba neukan. Amaren ileapaindegian nuen lanarekin egin nuen aurrera”, dio serio jarrita. Kontua da erabakia hartu eta aurrera egin zuela, eta Beasainera iritsi zen. “Edonorentzat da zaila sorterria uztea, eta hasieran alaba han utzi behar izan nuen, gainera. Baina banekien ni hona etorrita alabak nik izan ez nituen aukera asko izan zitzakeela gero. Iritsi nintzen unetik nire helburua dirua bildu eta alaba ekartzea izan zen”.

Etorri, eta denak “harritu” zuen. “Aurretik, ez nuen inoiz Euskal Herriaz ezer entzuna. Hizkuntzak harritu ninduen gehien, baina baita paisaiaren edertasunak eta hemen dagoen askatasunak ere”.

Egoera zailak ere pasatu behar izan ditu hark, ordea: “Paperik gabe etorri nintzen, eta deportatua izateko arriskuan nengoen. Nire gaur egungo senarrarekin ezkontzea zen irtenbide bat, eta ezkondu egin ginen. Ez nintzen paperengatik ezkondu, ordea. Nik nire gizona maite dut, eta ezkondu egin ginen. Fernandok maite ninduen, eta horregatik ezkondu ginen. Niri laguntzeko era bat izan zen”, dio gustura baina, aldi berean, serio.

Aurreiritzi askori aurre egin behar izan dio Gertrudisek. Jende ona ezagutu omen du, baina baita txarra ere. “Askotan, batik bat gizonezkoek, neska beltzaran bat ikustean, badirudi kopetan ‘emagaldua’ dioen kartel bat jartzen dizutela. Askorentzat beltzaran bat beti emagaldua izango da, eta hori ez da horrela. 11-12 urte inguruko haurrak ere gaiztoak dira. Askotan azalaren kolorea dela-eta iraindu egin nahi izaten zaituzte. Baina beltza naizela esateak ez nau iraintzen. Beltzarana naiz, eta harro, gainera".

Fitxa

Izen-abizenak: Gertrudis Mangue

Herrialdea: Ekuatore Ginean jaiotakoa da, Niefanf herrian.

Adina: 30 urte.

Lanbidea: Langabezian dago.

Hizkuntza: Fang-a da haren hizkuntza.

Zaletasunak: Erosketak egitea du gustuko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak