Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Zapo mundutiarrak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Etorkinak

Zapo mundutiarrak

Ihintza Agirretxe

Maiatzean bukatuko da etorkinek paperak erregulatzeko martxan jarritako kanpaina; Uztarriak herriko etorkinen esperientziak jaso ditu

Argentina, Ekuador, Ekuatore Ginea, Maroko... gaur egun herrialde ugaritako jendea topa daiteke herriko kaleetan. Guztiak datoz euren sorterrian ez dituzten aukeren bila, baina inork gutxik du hemen gelditzeko asmoa, hasiera batean behintzat.

Euskaldunak ere izan ziren imigrante Ameriketan Espainiako Gerra Zibilaren garaian. Eta Euskal Herriak berak ere ezagutu izan du, beste garai batzuetan, beste etorkin batzuen etorrera. Adibidez, 1960. hamarkada aldera, Euskal Herriaren industrializazioarekin batera hain zuzen, Espainiatik eta Galiziatik milaka etorri ziren. Azpeitian ere garai hartan hasi zen industria suspertzen eta indartzen, eta lurralde haietatik jende ugari etorri zen lanpostu bila. Etorkin gehienak Sanjuandegi auzora joan ziren bizitzera, eta orduan hazi zen gaur egun Azpeitiko zati handi bat den auzo garrantzitsuenetako bat.

Etorkinak. 400 etorkin berri inguru daude erroldatuta Azpeitian momentu honetan, eta gehienak Hego Amerika eta Afrika iparraldetik etorritakoak dira.

Ezagutzen ez den herri batean bizitzea zaila da, eta oraindik eta zailagoa hemengo hizkuntza arrotza zaienean: “Normalean, errazago integratzen dira herrian Hego Ameriketatik datozenak, gazteleraz dakitelako. Baina hizkuntzaz aparteko beste kontu batzuk ere badira tartean. Afrikatik datozenak musulmanak izaten dira, eta erlijioak oraindik ere muga asko jartzen ditu. Janzteko era ere ezberdina dute, eta hasieran gauza denek oztopatzen dute integrazioa”, uste du Edurne Zubia, Udaleko Gizartekintzako arduradun teknikoak.

Etorkin askok hona iristean ez dute ezer, eta laguntza bila Karitasera joaten dira. Maria Dolores Udabe, Karitaseko kideak ongi asko daki etorkin horiek egin beharrekoa, 18 urtetik gora daramatzalako bertan lanean: “Garrantzitsua da etortzen direnean herrian erroldatzea. Izan ere, gaur egun paperen erregulazio prozesu bat martxan da, eta erroldatze data hartzen dute kontuan. Eta, bestetik, oinarrizko errenta lortzeko ere erroldatze data garrantzitsua da”.

Etorkin izatearen berezko zailtasunez gain, Azpeitian badago beste bat erantsia: “Euskal Autonomia Erkidegoko herri gehienetan, etorkin batek oinarrizko errenta jasotzeko sei hilabetean egon behar du erroldatuta.

Azpeitian, berriz, bi urte pasatu ondoren hasten dira oinarrizko diru hori jasotzen”, dio Maria Dolores Udabek. Beraz, zailtasuna zailtasunaren gainetik integrazioaren bidean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak