Autoak
Imanol Uria: "Lehenengo autoa soldadutzan erosi nuen"
Ainitze Oruesagasti
Imanol Uria loiolatarrak 71 urte ditu, eta betidanik izan du auto zaharrak konpontzeko zaletasuna. Zortzi auto ditu zaharberrituta, bedertzigarrenarekin lanean ari da eta “gustukoa” gelditzen ari zaio azken hori. Diruaz gain, dedikazioa garrantzitsua dela dio.
Noiz hasi zinen autoak biltzen?
Urteetako lana da. Lehenengo autoa soldadutzan irabazitako diruarekin erosi nuen. Autoa ez zen ibili ere egiten. Aldrebesa erosi nuen, baina zerbait nahi nuen eta... Gero, 10.000 pezeta kostatu zitzaidan auto bat erosi nuen, eta ondoren, 10.000 durokora pasatu nintzen. Soldadutzatik etorri nintzenean, 1958an, hamahiru lagun ibiltzen ginen auto hartan. Lanera joaten ginen lagun taldea, aita eta ni. Aita eta biok aurrean eta beste 11 atzean joaten ziren. Atzealdean ahulkirik ez zuen.
Auto askotxo dauzkazu...
Zortzi, eta bederatzigarrenarekin lanean ari naiz. Azken hori auzoko batena zen, belar azpian zeukan estalita, eta erosi egin nion. Lanean hasi aurretik orduko jabeari bere ezkontza egunerako prestatuko nuela esan nion, baina hura etorri zen eta nik autoa bukatu gabe. Lehengo jabeak duela gutxi probatu zuen autoa eta ilusioa egin zion konponduta ikusteak. Hamargaren autoa ere badut, baina oraindik ez naiz harekin lanean hasi.
Nolatan hasi zinen auto zaharrak konpontzen?
Afizioz. Ofizioa ez da, inon ez dudalako ikasi. Lehen, astegunetan lan egiten nuen, eta autoekin asteburuetan; larunbat eta igandeetan ibiltzen nitzen. Orain, berriz, jubilatu egin naiz eta ari naiz pixka bat gozatzen autoekin. Behar den bezala ari naiz orain prestatzen. Lehen aldean denbora gehiago eskaitzen diet orain.
Egunero jarduten al zara?
Egunero ez daukat jarduterik, baina lehen baino gehiago bai. Astegunetan ibiltzen naiz. Hala ere, larunbatak iristeko pozarren egoten naiz, bakar-bakarrik orduantxe autoekin lanean egoteko; zapatua ederra izaten da.
Auto dotore hauek zein garaikoak dira?
Pare bat izan ezik, beste guztiak urte ezberdinetakoak dira. 1920. eta 1950. hamarkada bitarteko autoak dira denak ere.
Aspaldiko autoak dira. Itxuraz bakarrik ez, motorra-eta erabat konpontzen diezu. Arazorik izaten al da horrelako autoentzat piezak topatzean?
Hemen inguruan horrelako autoentzat piezak topatzea ez da erraza izaten. Orain gutxi Frantzian izan ginen pieza bila. Han auto zaharren feriak egiten dira eta horrelako tokietan aurkitu izan ditut faltan ditudan piezak. Alemaniara ere joana naiz pieza bila. Duela hilabete joan nintzen azkena. Gau baten joan eta bestean etorri; feria egunez ikusi eta autoarentzat piezak topatu nituen. Auto hori Mercedesa da eta nola alemaniarra den, errazagoa da jatorrizko herrialdeetan piezak topatzea hemen baino. Ahal den guztia egiten dugu pieza originalak aurkitzeko. Egin ezin daitekeen gauzarik ez dago, baina zenbait pieza hemen bilatzen hasi eta non lortu...
Nondik lortzen dituzu auto zahar hauek?
Toki ezberdinetan erosiak dira. Auto bat Madrilen erosi nuen larunbat batean; martxan jarri eta igande arratsalderako etxera ekarri nuen. Gasteizen ere erosi nuen beste bat. Beste bi auto konpleto samar erosi nituen, bere pinturarekin daudenak. Bi horiek kenduta, gainerako denak nik hementxe prestatutakoak dira.
Gidatzerakoan gaur egungo autoekin alderatuz izango da ezberdintasunik, ezta?
Auto hauekin ez daukazu urrutira joaterik, baina hemen ibiltzeko ondo ibiltzen dira. Auto batekin Soriara (Espainia) joan ginen iaz, eta duela bi urte, berriz, auzoko lagun batekin Oviedora (Espainia).
Era honetako autoen bilkuretan parte hartzen al duzu?
Bai. Gure elkartea dugu Donostian: Nubolari. Ibilaldiak eta rallyak-eta egiten ditugu. Iruñean ere Anak izeneko elkartea dago, eta urtean hiru irteera egiten ditugu haiekin. Irteerak, gozatzeko eta asetzeko ederrak izaten dira. Elkarteko batzuek afizioa badaukate baina diruarekin egiten dena: joan, dagoen ederrena erosi eta kito.
Afizio bera duen ingurukoren bat ezagutzen al duzu?
Azpeitian ez, baina Zestoan bada bat kotxe bat daukana.
Afizio garestia dela iruditzen al zaizu?
Batzuk ehizera joaten dira, guk hauxe daukagu kapritxoa. Famili handia gara eta ezkontzetarako-eta auto hauek erabiltzen ditugu. Hori bai, gastu handia dauka. Lau llanta aldatu behar ditut laster eta 700.000 mila pezeta inguru kostatuko zaizkit (4.200 euro). Hor gelditzen zaio bere balorea eta...
Zure autoetatik zein da gehien gustaten zaizuna?
Orain lanean ari garen autoa gustuko ari zait gelditzen. Diesela da, eta merke ibiltzen da.
|