|
|
|
Mamia
Aberastasuna (Azpeitia eta topikoak)
Ihintza Agirretxe
Aberatsa al da Azpeitia? Zertan oinarritzen da aberastasun hori? Diru asko al dago herrian? Horra hor oraingoan argitu beharreko galderak
Ez da erraza aberastasuna neurtzea. Aberatsa era askotara eta alor ezberdinetan izan daiteke, baina mendebaldeko gaur egungo gizartean beti lotzen da aberastasuna diruarekin. Beste gauzak hain zehatzak ez direnez neurtzeko, Azpeitia eta Topikoak-en hirugarren atalean, Azpeitia, diruz, aberatsa al den argitzen saiatzeko eta azterketa hori egiteko, Jesus Mari Agirre, Iraurgi Lantzen Urola Erdiaren Bultzatze eta Garapenerako Elkarteko zuzendariaren ustez, hainbat osagai dira kontuan hartu beharrekoak.
“Herri bat aberatsa da biztanleek oinarrizko beharrak asetuta
dituztenean”, hasi da herriko aberastasunaz hitz egiten. “Baina diruaz gain natura, kultura eta pertsonen garapenak ere egiten du herri bat aberats. Askotan gai horiei ez diegu beharrezko garrantzirik ematen, baina dirua bezain garrantzitsuak dira. Eta kontuan hartu beharrekoak”.
Datuei begira. Taulako datuei begira jarriz gero, Azpeitia ongi kokatua dago Agirreren iritziz. “Herri batekin edo beste batekin alderatuz gero, Azpeitia aberatsa edo pobrea izango da. Baina lehen munduan bizi garenez, orokorrean aberatsak gara. Gipuzkoan, biztanleria kopuru antzekoa duten herrien artean, batez bestekoaren gainetik egongo ginateke” (azpeitiarra da Agirre bera).
Gipuzkoako ingururik aberatsena hiriburu ingurua da, eta horrela adierazten dute datuek ere. Ondoren Debagoiena dago, eta atzetik, Goierriko herri batzuk tarteko, Azpeitia. “Hiriburu ingurua beti izaten da aberatsa, eta haren ondoren Debagoiena izatearen arrazoia, kooperatibismoa da. Goierri ingurua pixkanaka-pixkanaka indartzen ari da, eta ez da arraroa taularen goialdean agertzea”, dio Agirrek.
Aberats, nola? “Iraurgi Lantzenen helburua, pertsonen bizi maila hobetzea da”, dio. Baina nola lortzen da hori? Lehenengo, enpresak sortu behar dira, eta horrela, lanpostuak sortzen dira. “Garrantzitsua da enpresak sortzeaz gain, berauek lehiakorrak izatea. Behin enpresak sortuta, horrek lana ekartzen du eta horrek lanpostuak sortzen ditu. Aldi berean, langabezia jaitsi ere egiten da, beraz. Horretaz gain, Debagoienan dagoen kooperatibismoaren filosofiak ere herri baten bizi kalitatea mantentzen laguntzen du. Azpeitia inguruan Arcelor eta era horretako beste enpresa handiren batek gainbehera egingo balu, herriko ekonomia kolokan jarriko luke. Debagoienan, berriz, kooperatibismoa medio, talde bateko enpresa baten gainbehera ez da hain azkarra, enpresa bat beheraka doanean besteen laguntza izaten baitu”, adierazi du.
Udal aurrekontuak. Udal aurrekontuetan ez da alde nabarmenik nabari Gipuzkoako herrien artean. Donostiak biztanleko diru gehiago gastatzen du, “baina hori normala da”. Gainerako denek biztanleko gastatzen duten euro kopurua antzekoa da; denak dabiltza 5-6 euroko aldearen bueltan. Baina Agirre ez du diruaren kopuruak arduratzen: “Udal aurrekontuetan, zenbatekoa baino garrantzitsuagoa da zer egiteko bideratzen duten diru hori. Gaur egun, Azpeitiak gabezia batzuk ditu azpiegitura, etxebizitza eta arlo kulturalean. Etorkizun oparo bati begira erronka horiek izan beharko lukete lehentasuna. Gabezia horiek ez dira oinarrizkoak, baina gauza horiek ere bizi kalitatean eragiten digute. Behar kulturalak baleude, beharrak herrian bertan asetzeko aukera gehiago genuke, kanpora joan beharrean”.
Ikasketak. Hasieran aipatu bezala, dirua ez da dena, naturarekiko dugun harremana, kultura eta garapenak ere berebiziko garrantzia dutelako. Gizakiak naturakin daukan harreman maila eta maila kulturala neurtzea ez da lan erraza. Baina herri bateko biztanleen garapen maila hezkuntzarekin lotuta doa, eta hori errazagoa da neurtzeko.
“Hemen hezkuntza mailan gertatzen dena kezkatzekoa da. Enpresetan eta beste leku guztietan, gero eta kualifikazio handiagoko jendea eskatzen dute. Baina gure bailaran asko dira oinarrizko ikasketak (DBH) bukatuta lanean hasten den jendea. Unibertsitatera eta goi mailako ikasketak egitera ere, beste herriekin konparatuz, jende gutxiago doa, eta formakuntza beharrezkoa da herri baten garapenean”, dio.
Baina Agirreren hitzetan, “ez da ahaztu behar aberastasunik handiena norberak bere barruan duena dela. Diruaren adinako garrantzitsua da, eta maiz kontuan hartzen ez duguna, gainera”.
|