Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Iritzia »  Mendizaleak eta jonkiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Liburuaren berri

Mendizaleak eta jonkiak

Iñaki Segurola

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo’ (Iñaki Segurola) Apirilaren 27an aurkeztu zuen azpeitiarrak, Donostian. Bere lehendabiziko liburua du. Lanak 296 orrialde dauzka, eta Alberdaniak argitaratu du

(**J. J. Joaristi “Botikas” gogoan**). Aurrena basoarekin, ur-xirripekin eta gauza ederrekin gozatzen hastea da. Gero aldapak datoz, eta tontorrak, eta haietan penatzea, haietan behartzea inork agindu gabe (“mendira lanera”, Olentzero bezalaxe), eta izerdia bota beharra, eta erlojuari begira hastea, eta bizkarrean karga eramatea jaberik gabeko esklabo baten gisan, eta pareta itsuak besarkatzea, eta “gauza zailak eginez” flipatzea; auskalo zenbat mila metroko puntarengo puntan oina jarri eta, Natura mendean hartuz, ezin goragoko sentsazioak sentitzea, hots, laineza geografiko bat baizik ez den gailurretako flasha; esan nahi baita, geografiaren datuak gogoan erabili (“Unibertsoaren halako puntutan nago! uaaa!”) eta haiekin ergelki zorabiatzea, zeren bestela, datu haiek gabe, jakite hura gabe, nola sentitu ezer, ez flashik eta ez flashondorik, nolatan aluzinatu deus ez dagoen bazter edo ezleku alu haietan? Gauza ederrekin gozatzen hasi eta laino guztien gaineko ezereztegietan flashaturik eta ezin bizizko ezleku arnasgabeetan flipaturik bukatu: horixe da mendizale jonkitu edo mendigoizale puntarengoaren karrera, heriotzaren mugetarainoko jolas zoro batek koroatzen eta tontortzen duena.

Milaka metroko desnibel ikaragarri bat igaro, eta haruzkaldeko behere hartan, laino guztien azpiko ezereztegietan, hauts zikin bat zainetan eta huts garbi bat bihotzean, jonkia dabil espediziotik espediziora, bere izpiritu eroria, ertz zailenetik abiatuz, hutsetik hutsagora altxako duen jenero santuaren bila, orratz-puntatik orratz-puntarengora, bizi-kimikarik ezean Kimika salbagarri baten mirabe bihurtua, ezinegon lazgarri baten izerdi hotzak heriotzaren koloreko gailur hotziletara bulkatzen duela.

Flasha, ezin goragoko sentsazioa, heriotzaren mugetarainoko jolasa, Natura goitarra edo Kimika goitarra bezalako ideien liluramendua eta itsumena, Haiek gabe egon ezina…: gauza askotxok senidetzen ditu mendigoizalea eta drogagoizalea, baina, ongi pentsatuz gero, azken honen jarduna askozaz ere garbiagoa da, soilagoa, biluziagoa eta zintzoagoa, mendi-jonkiarena baino.

Batarena onartua dago, eta mundu ororen bistan lotsagabeki erakutsia, onetsia eta ezin sinetsizko moduan goretsia, lagundua eta sponsorizatua; bestearen diru-eske eta lapurretari, berriz, “diru-eske” eta “lapurreta” deitzen zaio garbi-garbi, eta ez dauka modurik egindako balentria beldurgarriei buruzko diaporama eta esplikazio lehorrekin bere burua zuritzeko eta, bidenabar, bazterrak nazkatzeko. Mendi-jonkia, gezurra badirudi ere, gazteriaren eredu bihurtua dago, eta kasik esan liteke kausa bat daramala bizkar-gainean: zerbaiten ordezkaria da, marka komertzial edo nazional batena eskuarki, eta haren seinalea edo bandera darama soinean; jonki zintzoak, berriz, ez du bere bururik ere ordezkatzen, eta, ez letra eta ez kolore, dakartzan marka bakarrak zainzulatuek bere haragian utzitako haiexek besterik ez dira. Ehundaka metrotako hegaldian amiltzen denean, hilotz ohoragarri bat uzten du mendi-jonkiak, eta biografia eder bat, eta orrialde bete eskela egunkarian; haren heriotza ezbeharra da, baina bestearena halaxebeharra jende on-onen begietan (zebilen bideak harrapatu!), eta jende on-onak lurrazpian ikusten zuen hura bi oinen gainean zebilenean ere, lurrazpian hobira baino lehenago ere. Eta jende on-onen gizarte onak malko epel gezurrezko bat ixurtzen du mendizale zintzoaren heriotzan, eta nazka hotz egiazko bat sentitzen jonki zikin pozoitua, ongi merezita, nirbana ttipitik nirbana handi betikora irristatu eta hiltzera etzaten denean, metro pasatxoko hegaldi motz itsusian.

Mendizaleak eta jonkiak: ezin goragoko gailurretako jende eria izateko bi modu. Baina ixil-gordean, ezkutuan, ezinean, jende prestuen begiratu gaiztoaren pean, ohore gezurrezko guztietatik garbi eta eredu izatetik ezin urrunago, nere errespetu eta begiramenetik puska handi bat gailur-jende gaitzetsiarentzat: ohore guztiaren jabe bidegabeki egin diren mendi-jonkiek merezi ez duten puska huraxe eta bera, hain juxtu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak