|
|
|
Eta beste
Kaleen berriketa
Ainhoa Odriozola
Pertsonifikazioa: berez pertsonenak diren nolakotasun eta akzioak, gauza ez animatu eta irrazionalei egoztea. Eskolan ikasia, poetek erabiltzen zituzten errekurtso literarioetatik bat. Eguraldia burugogor, trafikoa ero eta mundua gaixo dagoela badiot, egia borobilak esateaz gain, errekurtso hori erabiltzen ari naiz. Berdin gure kaleak nortasuna galtzen ari direla esaten badut, jakinda ere kaleek nortasunik ezin dutela eduki. Azpeitiko kaleez ari naiz, parte zaharraz. Azpeitiko argazki zaharrak gainbegiratzen. Antzinako instanteak, zuri-beltzezko pertsonai eta historiak, elektrizitate hariek gurutzatutako kaleetan. Kiribildutako balkoiak leiho lotsati edo handikien atari, eguzki bila luzatzen diren miradoreak, kale estu adokinatuak, horma lodi eta harri zabaleko etxe oinarriak, hamaika dendatxoren kokaleku. Egurrezko zutabe, harrizko arku, burdinezko txiribuelta, marrazkietan elkarlotzen diren adreilu, landutako teilatupe... guztiei nortasuna darie, borborka.
Erdi kalean, Abalianekoen etxeak bazuen ate bat, harrizko blokean bikain landua, arkuan bukatua. Orain ez dago, eraikitzeko zain dagoen orubea soilik. Irudika dezakedan etxerik ederrena eraikita ere, etxe hark, kantoi hark zuen berezitasuna ez du berdinduko. Joan da, eskabadoreak eraman zuen berekin itsatsita zuen nortasunarekin batera. Aurreko etxean kartel dotorean *próximo derribo y construcción*. Beldurra. Soreasurako entzun ditudan asmoek ematen didaten beldur bera, etxegile eta udal arduradunen sentsibilitate ezak ematen didanaren parekoa. Herriko zenbait txokok badute nortasunik oraindik, bertatik zabiltzala adi jarriz gero, belarrira mila istorio xuxurlatzen dituzten harri eta izkinak, bere arteko berriketetan. Pertsonifikaziora goaz berriro; kaleek ez dute hitz egiten, ordea... ezta pertsonek askotan entzun ere.
|