Zer dio?
Gazteok, kale gorrian
Markel Mendizabal (Kale Gorrianeko kidea)
Orain gutxi Udalak gazteei eginiko inkestan, gazteoi interesatzen zaizkigun gaiak etxebizitza eta bidaiak direla irakurri nuen. Nik uste bidaien gaia dela benetan interesatzen zaiguna, etxebizitzen gaia buruhaustea baita. Horregatik, Kale Gorrian gazte kolektiboa berriro kalean da, etxebizitza eskubidearen urraketak benetan kezkatzen gaituelako.
Sarritan galdetu izan diot neure buruari bizitzeko lan egiten dugun edota lanerako bizi garen. Etxebizitza, nahiz heziketa duin bat izateko eskubidea, nahiz lan duin bat izateko eskubidea... gizakiok bizitzeko ditugun oinarrizko beharrak dira, horregatik dira eskubide eta horregatik ezin dira gure bizitzako helburu bilakatu, helburuak lortzeko bitarteko baitira.
Etxebizitza eskubidea urraturik dugun eskubidea da, kapital soil bilakatu dugu, diruz neur daitekeena eta ondorioz, diru etekinak lortzeko erabiltzen duguna. Gizarte honetan gutxi dira diruz neurtu ezin diren gauzak, bizitza etxebizitza batean hipotekatu duen zenbat jende dagoen ikusi besterik ez dago.
Txikitatik erakutsi diguten Monopolian, arauek jokoaren funtzionamendua bermatzen dute. Bizitza errealean ere gauza bera ikus daiteke, agintariek eginiko legeek etxebizitzaren negozioa bermatzen dute. Madrazok orain gutxi Azpeitira ekarririko legea lekuko: etxe hutsen jabeei jabego pribatuaren etekina diru publikoz bermatzen die. Kale Gorrianetik alokairu pribatuek etxebizitzen negozioa elikatu besterik ez dutela egiten salatu nahi dugu, eta horren aurrean alokairu publikoaren alternatiba aldarrikatu.
Bukatzeko, agintariek gazteon eskubideak erabiliz beraien negozioak elikatuz jarraitzen duten bitartean, eta gazteok kale gorrian gauden bitartean, okupazioa erabat zilegi dela aldarrikatu nahi dugu.
|