Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Maiatza »  Iritzia »  Gauza txiki handiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Gauza txiki handiak

Xabi Borda

Ilunpean dago dena. Jendearen murmurioaren azpitik, musika entzuten da. Atzeko aldean, taupadak senti daitezke; lagunenak eta nireak. Bat-batean, musika kendu dute eta jendea isildu egin da. Orain, ezin dugu hitz egin. Eskenatokiko argiak piztu egin dira. Jada ez dago atzera egiterik; lehenengoa irten da.

Ezinezko misioak zuen izena gure antzezlanak. 11 sketch-ek osatzen zuten. Denak, nahi eta ezinari buruzko istorioak: kuadro bat amaitzea lortzen ez zuen margolariarena, muxu baten ordez belarrondokoa jasotzen zuen gaztearena... Ez ginen Shakespeare, ez ginen Beckett. Baina geuk idatzi genuen.

Emanaldia iragartzeko egin genuen kartelaz ere oroitzen naiz: soka batetik zintzilik objektu batzuk eta erdian bonba bat. Bola beltz bat eta metxa bat piztuta. Zentsuratu egin nahi izan ziguten; ez genien utzi. Probokatzaile sentitu ginen, La Fura dels Baus-ekoen pare.

Antzezlana larunbat batean izan zen, arratsaldez. Etorri ziren guztiak, jakina, gure gurasoak eta lagunak ziren. Taldean ez ginen gutxi eta jende ugari bildu zen. Baikoitzak, gainera, ehun pezetako sarrera ordaindu behar izan zuen. Benetako aktoreak ginen.

Ez dira atzoko kontuak. Hamar bat urte igaroko ziren ordutik. Baina atzo antzeztu bagenu bezala oroitzen dut. Ilusioa gainezka geneukan. Eta Soreasu antzokia, gure Broadway, bete egin zen. Egundokoa izan zen hura. Edo nire begiek horrela ikusi zuten, behintzat. Umeak ginen artean.

Umeen miopia. Gustatzen zait umeen miopia eder hori: gauza txikiak handi eta gauza handiak sinple ikusteko duten deformazio natural hori. Ez da gaitz larria, eta urte batzuk pasatuta, bere kasa sendatzen da.

Antzerkia egiteari aspaldi utzi nion. Ez nuen Brad Pitten edo Tom Cruiseren mailarik lortu. Ezta Joselontxorenik ere. Han geratu zen, beraz, zineko izar izateko ametsa. Niri ere denborak ondo biribildu baitizkit begiak. Gauzei bere neurria hartzen diet orain. Nahi gabe. Puztuta nituenek bolumena galdu dute, eta lehen hain sinpleak ziruditenak beldurgarri hazi zaizkit. Dena ongi, beraz.

Izan ere, ez da komeni ur txikietan murgilean saltatzea. Eta ezta itsaso handietara txaluparik gabe barneratzea ere. Bizitzak bere neurriak ditu, gauza bakoitzak bere garrantzia du, eta gu egokitu behar omen gara horietara. Ez alderantziz.

Hala ere, nik umeen begiak behar ditut bizitzeko. Nahi ditut. Gauza txikiekin mundua alda daitekeela sinetsi nahi dut. Gauza txikiek egiten gaituztela handi. Zer egingo genuke ilusiorik gabe?

Badakigu, adibidez, Literatuzta-k mugak dituela. Txikia dela. Ez dugu jakingo zenbatek irakurriko duten, zenbat salbatuko diren zakarretatik. Baina zein ederra, hilabeteetako lanaren ondoren, aleak gure eskuetara iristea. Norbait hurbiltzea hurrengoa noiz irtengo den galdezka. Ilusioak inprimatzen du Literatuzta.

Soreasu zaharra. Antzerkia egin genuenerako zaharra zen Soreasu. Egia esan, ez zitzaigun guri gehiegi axola. Geurea zen Soreasu. Maite genuen. Bertan beste hainbaten bizitzak bizi izan genituen, arrisku handirik hartu gabe. Hantxe izan ginen Indiana Jones. Hantxe askatu genuen mundua gaiztoengandik 007 agenteok. Bertan ito ginen Titanicen.

Gaur egun, ordea, Soreasu ez omen da hain segurua. Aulkian eseri eta atzeraka erortzeko arriskua omen dago. Halaxe adierazi zidan udal arduradun batek aurrekoan. Zaharregia omen da eta bota egin behar dute.

Orain han kultur gunea egitekotan dira. Itzelezko etxe bat, bere antzeztoki, zinema, aparkamendu, taberna eta guzti. Eta ez tamainaz bakarrik erraldoia: aurrekontua ere horrelakoa dauka, edonor hankaz gora botatzeko modukoa.

Berez, ez da ideia txarra kultur gunea egitea, hainbeste diru kulturan inbertitzea. Herriak behar du kultur gunea. Baina beldur naiz: ez ote da dena etxea eraikitzera mugatuko? Nahiago nuke, Udala, megaproiektuetan sartu aurretik, ardura handiagoa ipintzen hasiko balitz ekintza txikiak bultzatzen. Eta kultur arloan, zerbait egin nahi duenari, oztopoen ordez, baliabideak eskuetara jartzen.

Gauza handi eta hutsek zarata ateratzen dute. Baina hori bakarrik, zarata.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak