|
|
|
Enbido
Taxian
Alaitz Olaizola
Chamartingo tren geltokitik autobus geltokira iritsi eta Bilbora eramango gintuen autobusa hartzeko, taxi bat hartzea besterik ez zitzaigun geratzen. Geltokitik ateratzean, ilara egina zegoen hurrengo taxia hartzeko. Gizalegez, hirugarrenak jarri ginen eta uste baino lehen taxiak bata bestearen atzetik iristen hasi ziren. Ustez, tokatzen zitzaigun taxilariari ‘arratsalde on’-ak eman eta gero, emakume bat sumatu nuen neure atzean oihuka. Ez nintzen berehalakoan jabetu nitaz ari zenik! Begira geratu nintzaion eta taxilariari ari zitzaion, haserre moduan, beraien txanda zela esanez, guk aurre hartu geniola. Sekulako lotsa sentitu nuen. Ordubete baino ez genuen pasatu behar Madrilen, eta nork esan behar zidan atentzioa eman behar genuenik! Ezetz esan nion, txanda behar bezala errespetatu genuela guk eta hura zela guri tokatzen zitzaigun taxia. Emakume hark nire aurpegia ikusiko zuelakoan nago, keinuak argi esango zion benetan ari nintzela, edo gutxienez, esaten nuenaz konbentzitua nengoela. Gure atzetik zen emakume batek ere hala esan zion, gure txanda zela eta beraiek gure atzetik zeudela. Halako batean, taxilariak maleta kendu eta “¡*entre señora*!” oihukatu zidan. Di-da batean taxian sartu eta han utzi genituen hurrengo taxiaren aurrean eztabaidan.
Behin taxi barruan, behin eta berriz esaten nuen ez nuela ezer ulertzen, gure txanda zela argi nuela eta ez nekiela nondik atera zen emakume hura oihuka. Betaurreko beltzak jantzita zeramatzan berrogei inguruko taxilaria, erabat haserre, berriketan hasi zen orduan. Nazka-nazka eginda zegoela hainbeste txanda eta ez txandekin. Hamazazpi mila taxi daudela Madrilen, inon baino gehiago, eta ezin zuela ulertu jendeak zuen jarrera, jakinda bat bestearen atzetik etortzen direla eta ez dela inor geratuko taxirik gabe. Lasai egoteko esaten zidan behin eta berriz, eta ez kezkatzeko. Guztia, ordea, tonu ozen batean, oihuka, munduarekin haserre balego bezala. Ea horrelakoak gertatzea ohikoa al den galdetu nion. Galdetu banion, galdetu nion! Eguneroko kontuak direla eta bera leporaino eginda dagoela. Hamalau orduko lan orduak sartu behar izaten dituela hilaren bukaeran soldata duin batera iristeko. Bezperan, ia jo zuela muturrean autoan eraman zuen emakume bat. Hau da, taxia geltokira iristean, emakume haren txanda omen zen legez, baina gidariak ikusi omen zuen beste emakume bat bi haur txikirekin emakume honen atzetik txanda gordetzen, eta honi galdetu zion ea ondo iruditzen ote zitzaion txanda-pasa egin eta amatxo hura hartzen bazuen; ezetz esan omen zion, bere txanda zela eta errespetatu beharra zegoela.
Berriketan. Handik aurrera, ez zen isildu. Hor hasi zen ez zela harritzen (hego) euskal herritarrak Espainiatik alde egin nahi izana esanez. Berak ere gauza bera egingo lukeela. Sozio txar batekin ez dagoela lanean jarduterik. Ondo bizi direla Euskal Herrian eta Espainia ez dutela sozio ona. Isilune txiki bat egin zen, eta barru-barrutik atera zitzaidan, euskaldunak ginela esatea. “Bai, ezta?”, esan zidan. Espainolez egindako hitzek salatu ninduten, nonbait. “Ese ‘eukera’, o ‘aureka’. A ese no le dejan, que te digo yo. Bueno, ese que quiere decir uno para todos”. Saiatu zen Aukera Guztiak esaten eta azkenean, ezinean, itzulpen hura egin zuen. “Y todos para uno” etorri zitzaidan bete-betean ahora. Baina esaion ba bero-bero dabilen txoferrari halakorik! Berriketan jarraitu zuen. Euskal herritarron alde dagoela, hainbat konturekin ados ez badago ere. Hura zen madrildar independentea! Taxilari izateari uzten dionean, politikari bihur daitekeela komentatu nion eta orduan ere pobre izango dela gaineratu zidan, justizia aurretik hartuta dabilena ez dela-eta sekula aberasten. Minutuko euroa ordaindu, eta bidaia ona opatuz agurtu gintuen. Autotik irtetean, azpeitiar bat ikusi genuen. “Euskal Herrian ez gara biztanle asko izango, baina toki guztietan gaude, demontre!”.
Jakingo nuke taxilari hark geroztik zenbat beroaldi gehiago izan ote dituen... Euroko bat, akaso?
|