|
|
|
Burutik beherakoa
Euzkadi
Jose Luis Otamendi
Aspalditik badarabilt itxura batera letra ziztrin baten aldea besterik ez duen bi munduren talka zainetan zalapartan. ‘Euzkadi’ amets baten izena da, herri izan nahi bat mende beteko historiari deika, zuzendu beharra duen ametsa, memoriaren sehaskan kulunkatu eta utopien arriskuak joa... Aldiz, ‘Euskadi’ gastatu eta mutilatu hori eguneroko errealitate motza islatzen duen hitza bihurtu da niretzat, ota-motxeko garaileen erresuma edo; bestela esanda, ametsak poltsikoaren neurrietara egokitu dituenarena. Eta eskerrak azpeitiarrok ez dakigula ‘s’ eta ‘z’ hizkiak ahoz ondo bereizten. Non da, ordea, ‘s’ horrek hemen adina luzitu dion herririk? Hemen adina euskara erraz eta landu gabe, hemen adina aberats zahar eta berri, hemen adina industria eta eraikin oparo? Gutxi izango da hiru txorteneko autonomiaren kontura hemen adina gizendu garen jenderik.
Koska ederra dago letra triste baten kontura. ‘S’-dun Euskadi kamuts horrek Euzkadi ez ezik, Euskal Herria ere jateko bidea darama eta kultura batean oinarri duen gure herria hiztegietako zoko ilunetan lizuntzeko bidean da. Euskadi ‘s’-dun harro horri apostasia egin nahiko nioke, deitoratu, desapuntatu, diruaren eta esku-erakutsien gainean jasoa baitago. Etsipenaren eta konformismoaren irudia da. Baina horren erraz eta eroso bizi gara ia denok erdi-funtzionario eginak gauzkan sistema honetan. Euskal Herriak, berriz, amets izatera kondenatua segituko du. Gora!
|