Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Apirila »  Mendiaren gogortasuna »  Rikardo Arregi: “Izozteetan osatze lanak garrantzi handia dauka”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Rikardo Arregi: “Izozteetan osatze lanak garrantzi handia dauka”

Ainitze Oruesagasti

Rikardo Arregi irundarra, Zaragozako Ospitaleko Istripuen Mutuako neurozirugiako arduraduna da. Euskal mendizale federakundeko aholkulari medikua eta Al filo de lo imposible abentura taldeko aholkulari medikua ere bada sendagile. Phuta Hiunchulitik bueltan, Arregik egin zizkien Olatz Larrańagari eta Jose Luis Eizagirreri hanka eta eskuetako izozteetako ebakuntzak. Haren eskuetatik pasatu dira, antzeko kasuetan, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Ińurrategi anaiak, Jon Beloki...

**Zu arduratu zara Olatz Larrańagaren eta Jose Luis Eizagirreren izozteen ebakuntzaz**.

Jose Luisek ia bukatu du tratamendua. Azken fasean dago. Olatzek ere asko egin du hobera, hasieratik hona alde handia egin du. Izozte kasuetan jarraitu beharreko tratamenduek bere denbora behar izaten dute. Baina biek egin dute hobera.

Izozteekin zer tratamendu egin behar da?

Era horretako zauriek fase ezberdinak izaten dituzte. Hasieran sendagai ugari hartu behar izaten dira, eta nahiko konplexua izaten da garai hori. Hasierako fasea bukatu ondoren, zauriak nola dauden ikusi behar izaten da. Hala, zauri bakoitza pixkanaka-pixkanaka sendatzen joaten da. Izozte kasuetan osatze lanak garrantzi handia du.

**Esan duzu Olatz Larrańagak asko egin duela hobera**...

Bai, hala da. Pixkanaka-pixkanaka errekuperatuko da. Hankak ibiltzeko moduan ditu eta eskuak ere pixkanako erabiltzeko moduan izango ditu.

Zuk ere mendian esperientzia duzu eta espedizioetan ibilia zara.

Bai, Al filo de lo imposible taldeko aholkulari medikua naiz urte askoan, eta zenbaitetan mendira joateko aukera izan dut. 1992an Everestera joan nintzen eta 1999an Ipar Polora. Aurrera begira, hurrengo espedizioa Antartidara egiteko asmoa dut, guztia ondo irteten bada behintzat. Niri gustatzen zait horrelako espedizioetan parte hartu eta bertara joatea, baina nire lanak ez dit uzten nahi beste joaten. Baina joan naizen guztietan izugarrizko esperientzia politak izan dira. Bestalde, kontuan izan Euskal Herriko Federazioak duela federatutako jende gehien; beraz, normala da euskaldun asko etortzea nigana.

Eta mendizale ezagun ugari pasatu dira zure eskuetatik.

.20 urtetik gora daramatzat alpinistekin lanean, eta Euskal Herriko mendizale ezagun asko nire eskuetatik pasatu dira. Edurne Pasaban eta Juanito Oiarzabalen erreskatea nik antolatu eta prestatu nuen. Ondoren, Zaragozara etorri eta bertan egin genizkien beharrezko zaintza guztiak. Ińurrategi anaiak, Vallejo, Badiola eta Jon Beloki mendizaleak ere nire eskuetatik pasatu dira izozte kasu bat edo bestearengatik.

Izozte kasu gehienak zortzimilako mendietan gertatzen direla uste da.

Bai, askotan uste da mendi handietan, zortzimilako mendietan bakarrik izaten direla izozteak eta arazo larriak, baina bada bestelakorik. Aconcagua bezalako mendiak lan handia ematen digu; jende ugari etortzen da hortik izozteekin. Baina mendi txikiagoetatik ere —Pirinioetatik esate baterako—, jende asko etortzen da izozteekin eta arazo larriekin.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak