Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Apirila »  Mendiaren gogortasuna

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

mendia

Mendiaren gogortasuna

Ainitze Oruesagasti

Olatz Larrañagak izozketak izan zituen Dhaulagiri VII mendian, eta hatzak eta behatzak moztu behar izan dizkiote. Osatze lanetan da orain, animatuta

Beste bien babesa
Beste bien babesa.  Olatz Larrañaga —argazkian erdian— Jose Luis Eizagirrerekin eta Benantxio Iruretarekin joan zen Dhaulagirira, eta izozketak izan zituenean, garrantzitsua izan zen, besteak beste, bien babesa. 

Duela zazpi hilabete Phuta Hiunchuli edo Dhaulagiri VIIra (7.246 metro) espedizioa egin zuten Olatz Larrañagak, Jose Luis Eizagirre eta Benantxio Iruretak, bi nafar eta bi oiartzuarrekin batera, eta espedizio hartan, Larrañagak eta Eizagirrek izozteak izan zituzten hatz eta eskuetan. Larrañaga eskuetako zaurien konponketen zain dago oraindik, baina biak errekuperazioan hasita daude dagoeneko. Honatx sufrikarioaren istorioa.

Hasiera batean, Euskal Herritik mendia igotzeko aukeratu zuten bidearekin deskuidatu egin ziren. “Katmandura iritsi eta bidearen aukeraketan egindako akatsa zuzendu genuen. Guk bide normaltzat jotzen genuena, haientzat beste bat zen”, dio Eizagirrek. Aldaketa eginda, Katmandutik hamalau orduko autobus bidaia egin zuten Nepalera, eta han Dolpo bailarara eramango zituen abioneta hartu zuten.

Yupal herrira iritsi (2.500 metrora dago) eta zamaketariak-eta inguratu ondoren, egunero ibilbide zati bat egiten hasi ziren. “Yupal ondoren, Dunai izeneko herria zegoen. Militarrak eta telefonoa horra arte zeuden. Hortik aurrera ez zegoen ezer”, dio Benantxio Iruretak.

Dunaitik aurrera, zamaketariak aldatu egiten behar izan zituzten. “Han horrela arautua dagoelako”, dio Iruretak. Hara iritsita, arazoa zamaketariak topatzea zen. Aurretik, espainiar batzuen espedizio bat zihoan eta haiek zamaketariak hartuta zituzten. Herrian gizonezkoak falta ziren eta emakumeak eta haurrak zeuden bakarrik. Han hiru egun egin zituzten. “Bitartean, guk buelta batzuk egiteko aprobetxatu genuen. Hango familia baten etxea genuen eta haiekin momentu politak izan genituen”, gogoratzen du Olatz Larrañagak. “Azkenean, alkateak erabaki zuen zamaketariak behar bagenituen emakumeek eta umeek egingo zutela lan hori”, gaineratzen du. “Esperientzi polita, baina gogorra iruditu zitzaigun. Emakumeek eta umeek, berriz, barre egiten ziguten. Ez dakigu zein tratu egin zuten, gu ez ginelako askorik enteratu, baina 35-40 bat emakume etorri ziren gurekin. Haurdun zeudenak eta bi hilabeteko umeak zituztenak ere baiziren”, dio Iruretak. “Hasieran gu errukituta geunden, baina denak gustura ikusten genituen”, esaten du Larrañagak.

Zamaketariak lortzen behar izan zuten denbora eta gero, aurrikusita zutena baino beranduago iritsi ziren beheko kanpamendura; urriaren 17an, hain justu ere. “Igoerarako, zazpi laguneko taldeak bi ekipotan funtzionatu genuen. Izan ere, besteak eskiekin igo behar zuten, eta hirurok, berriz, oinez. Mendira igotzeko postura ezberdina da”, diote.

Beheko kanpamendura iritsi eta hurrengo egunean ekin zioten Dhaulagiri VIIa igotzeari. “Aklimatatzeko gaizki ibili nintzen —dio Iruretak—. Nik beti izaten dut arazo hori. Nahiko makala naiz, eta denbora behar izaten dut aklimatatzen, eta denbora justua izan genuen. Bigarren kanpamendura iritsi ginenean nik behera jaistea pentsatu nuen, pixka bat errekuperatzera”. Lehenengo kanpamenduan, 5.400 metrora, beste biak ondo zeuden.

Hala, aklimatatzeko, lehenengo kanpamendura jaitsi zen Benantxio Irureta, beste lau taldekideekin: “Egun bat atseden hartzera behera jaitsi ginen”. Baina taldea banatzerakoan, elkarrekin komunikaziorik mantentzeko aukerarik gabe gelditu ziren, walkie-talkietako bat falta zitzaielako.

“Berez jaitsi egin behar genuenean, gu han gelditu ginen, baina nik behintzat, gailurra lehenago ikusten nuen, berriz ere behera egin baino. Hortik aurrera gauzak nahiko gaizki joan ziren. Eguraldia ona zen baina hotza, batez ere hotza”, dio Olatz Larrañagak.

Laupabost egun pasatu zituzten Larrañagak eta Eizagirrek bi kanpamenduetan. “Gailurra egiteko asmoa genuen. Gero, ordea, Olatz eta ni ez ginen ondo antolatu, bigarren kanpamendutik hirugarrenera kanpin dendarik gabe igo ginelako. Hirugarren kanpamendura iritsi ginenean espainiarrak zeuden han eta beraien dendan gaua pasatzea pentsatu genuen. Haiek, ordea, tontorra eginda nekatuta zetozela-eta lo egiten han geratzea pentsatu zuten. Orduan guk behera egin behar izan genuen. Baina hurrengo egunean, berriro hirugarren kanpamendura”, kontatzen du Eizagirre azkoitiarrak. Behin horra iritsita, bi mendizaleek egunez atseden hartu zuten, gauean gailurrerako saiakera egiteko asmoa zutelako.

Gailurrera erasoa. Urriaren 24an, gaueko hamabiak aldera pentsatu zuten gailurrera igotzeko ahalegina egitea Larrañagak eta Eizagirrek. Eguraldia dena baretu zen, oskarbi zegoen, nahiz eta hotz egin. “Azkenengo aukera hortxe ikusi genuen —dio neskak—. Haize zakarra zegoen eta hotz handia egiten zuen, baina elurra ez zen behar bezala gogortzen. Gaina kostra eginda zegoen, elurretan hondoratu egiten ginen. Une horretan raketak soltatzen ziren, eta eskuak eskularruetatik atera eta lotzen ibili ginen. Bi hatz gogorrak antzeman nituen orduan; elkar ukitzean zarata ateratzen zuten, baina nire ezjakintasunean hori, kolorean ez nuen ezer ikusten eta... 6.500 metrora egongo ginen”. Bi mendizaleek aurrera egin zuten ilargiaren argipean mendian gora. “Ilargia ezkutatzen zen eta ‘hortxe izango da gailurra’, pentsatzen genuen, baina ez. Halako batean behintzat, iritsi ginen”, gogoratzen du Larrañagak.

Nekatuta baina gustura, beherako bideari heldu zioten gero. “Jose Luisi termoa eskatu nion eta ihes egin zigun”, dio neskak. Orduan Eizagirre termoaren bila hasi eta markatutako bidetik irten egin zen. Gero gerrirainoko zulo batean sartu zen, baina nola edo hala irten zen handik. Larrañaga beherago zihoan. “Ura egiten hasteko asmoa nuen. Nik raketak-eta aldatu nituen eta ez nuen ezer antzeman eskuetan. Behatzekin moskeatua nengoen eta eskularruak jantzi nituen. Jose Luis kanpin dendara etorri zenean, nik aldatu nizkion galtzerdiak, eta ez nuen izozterik igarri”.

Gaua kanpinean pasatu eta esnatzean, biek eskuak eta hankak puztuta sentitu zituzten. “Gailurrean argazkiak ateratzean hatzak kastañeatzen sentitu genituen. Eskuak eta hankak puztuta, ezin genuen ezer manipulatu. Ezjakintasuna handia zen, nirea behintzat”, diote. Ez zuen beherako bidea hartzeko moduan ikusten bere burua: “Uste nuen altuera haietara helikopteroa iristen zela, eta kanpinean gelditzea erabaki nuen”. Neskak, puztutako hanketan botak jantzi eta beherako bideari ekin zion. Lehenbailehen iristearren ez zuen ezer hartu; plumiferoa eta bastoiak baino ez.

Bitartean, beheko kanpamenduan Benantxio Irureta eta besteak zain zeuden. “Olatz iritsi zenean txoke handia izan zen. Behetik Jose Luisen bila atera ginen taldeko bat eta ni, lehenengo kanpamendura. Gaua han pasatu eta laguna aurreko egunetan tontorra eginda zegoenez, behera bueltatu zen. Ni behin ere baino indartsuago sentitu nintzen. Hirugarren kanpamendura iritsi nintzenean, gustura jarri nintzen Jose Luis bizirik ikustean. Hasieran negar egin nuen, gero errieta egin nion”. Nepalen oso helikoptero gutxi daude eta altuera horietan ez dute hegan egiten.

Olatz Larrañaga bitartean, beheko kanpamenduan taldeko batekin —erizaina bera—, bainuak eta antibiotikoak hartzen hasita zegoen izozteak zaintzeko. Garrantzitsuena: hanka eta eskuak ez gaiztotzea.

Aurrera begira. Behin Irureta eta Eizagirre beheko kanpamenduan zirela, denak helikopteroan atera ziren handik. “Azaroaren 4an Donostian geunden, aseguruko sendagileek Donostiara joateko esaten zigutelako. Han hiru-lau egunen bueltan ebakuntza egin nahi ziguten. Orduan, Zaragozako Ospitalera joatea erabaki genuen. Ebakuntza Donostian egin izan baligute, hatzak eta behatzak gehiago moztuko zizkiguten”, dio. Azkenean, eskubiko hatz guztiak bigarren zatitik, eta ezkerreko eskutik 3 eta 4. hatzak goiko zatitik moztu zizkioten. Hanketan berriz, eskubiko hankan behatz guztiak goiko zatitik eta ezkerrekoan, behatz lodia bigarren zatitik, eta ondorengo biak goitik moztuta ditu.

Osatze lanetan da orain. “Prozesu luzea da. Zentrimetro bat errekuperatzen dela, baina hori errekuperatua. Behatz batzuk errekuperatu dira bainuetan ibilita, nahiz eta hasieran gorriak ikusi, azala erori eta onera etorri delako”.

Mendian segitzeko asmoa dute biek. “Izoztea erraz egiten den aberia da baina denbora behar du sendatzeko —dio Larrañagak—baina jarriko naiz poliki-poliki. Aurrera begiratu behar dugu. Gogor ordaindu dugu hangoa, baina mendian segitzeko asmoa daukagu. Oraingoz, Euskal Herrikoetan; gero, ikusiko”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak