Iņaki Alberdi: "Autoen maila handiak afizioa dagoela erakusten du"
Kepa Urbieta
Iņaki Alberdi Txikiye auto gidariarekin hizketaldian jardun du Uztarriak, Azpeitian zaletasunik dagoen jakiteko.
Azpeitian zaletasun handia al dago?
Bai. Gazteen artean batik bat, baina ez hain gazte direnen artean ere nabaritzen da. Kotxeen maila handia begiratu besterik ez dago.
Zergatik?
Ez dakit. Piloto asko eman ditu herriak; Xague, esaterako. Lagun Artea eskuderiak ere lan asko egin du. Horiek izan daitezke arrazoiak.
Zeuk lasterketatako lau modalitate ezagutu dituzu. Non aritu zara erosoen?
Denetan sentitu naiz eroso eta denetan asko ikasi dut. Espainian ibili izan nintzen urte batzuetan auto-krosean eta lur gaineko rallyetan, eta han oso maila altua dago. Asko ikasita itzuli nintzen. Hemen ere gustura nabil. Igoeratan eta rally-sprintetan, eta oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Ezberdinak dira. Bat esatearren, lur gaineko rallyetakoa dudala gustukoena esango dut, baina denak dira politak.
Gaitasun handiak dituzula diote, baina zorte txarra izan omen duzu. Zer diozu?
Jainkoari eta izan ditudan lagunei eskerrak nago nagoen tokian, eta zorte handia izan dut horretan. Txarra? Nagoen tokian egoteko...
Zer aholku emango zenioke lasterketetan hasi nahi duenari?
Ikaragarri garestia da zaletasun hau. Gauzak garbi izan behar ditu, langile baten soldata segituan gastatzen baita. Nik auto-krosean hasteko esango nioke, kotxe txiki bat ahal duen ondoen prestatuta, pare bat urtez probatzeko eta autoen mundua ezagutzen joateko. Eta orduan egin dezala gogoeta: gaitasunik ba al duen, hainbeste diru gastatzeak merezi duen, eta merezi badu nondik aterako duen.
Auto asko probatu dituzu. Zein duzu gustukoena?
Probatu ditudanak oso onak dira. R-8 eta Boogya euren garaian onak ziren, Ibiza GTI, Ibiza Kit-Car, Scort WRC, Maximeganea, eta orain Toyota Celica batekin nabil.
|