Eta beste
Elizako diru kontuak
Kepa Susperregi
Bi hilabeteko tartea pasatu da eta iritsi da, berriz ere, nire txanda. Ez dakit idaztera noan artikulu hau aldizkariaren txoko honi dagokiona den, baina tira. Aurreko batean, elkarrekin bildurik geundela, herriko lagun batek animatu egin ninduen, eta aurrera egitea erabaki dut.
Elizaren diru kontuak eta nondik norakoak hizpide izan dira azken hilabeteetan. Eztabaidaren bat sortu izan den garaietan nagusiki. Elizaren autofinantzaketaren gaia plazaratzen da horrelakoetan: Espainiako Estatuko laguntzaren menpeko ote da Eliza?
Ez naiz iaioa ekonomi gaietan, baina ezagunak ditut gure Elizbarrutiak gogoan dituen hainbat irizpide. Horien artean ditugu: Ekonomia administrazioan sekularren parte-hartzea; Elizaren ekonomiari eusteko laguntza eliztarren artean bultzatzea; Elizbarrutiko parrokien arteko solidaritza bideratzea; eta autofinantzaketa helmugatzat izatea.
Bat egiten du gure Parrokiak ahalegin horretan. Eta urtero eskaintzen dugu egoera ekonomikoaren berri.
Gure Parrokiak iaz izan zituen diru-sarrerak kontuan hartuz gero, honoko hauek azpimarratuko nituzke: 160 mila euro pasako diru sarrerak izan ditugu. Horietatik, 134 mila euro baino gehiago eliztarrak eskainiak dira. 7 mila euro jasotzen ditugu Gotzaitegitik. Gure sarreren %90 baino gehiago, beraz, jendearen eskutik datorkigu.
Ohiko irteerak, berriz, 147 mila eurokoak izan ziren. Horietatik hirutik bat, Hirugarren Munduko herrietara eta Misioetara eskaini ziren; seitik bat, herriko eta Elizbarrutiko Karitasi; hirutik bat, Parrokiako gastu ezberdinek hartu dute; apaizen soldatak irteeran zazpitik bat suposatu dute; eta Elizbarrutiari gure sarreren %8 eskaini zitzaion.
Hori da ohikoa. Eliztarren laguntzaz egiten dugu nagusiki aurrera.
|