Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Apirila »  Iritza »  Anakonda

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Anakonda

Koldo Aldalur

Aldizkarien montoira jo eta Uztarriaren 58. zenbakia eskura. Picassoren behi, argi, oihu eta esperantzak azalean. Barruan Jose Luisen hausnarketa sakona, Alaitzen hitz jokoak, Xabiren ideia borobilduak, Jokinen etorria. Entresakan, Antonio Loinaz eta Paulina Bidasororen pasadizo latzak. Serio eta beltz herria eta hizkuntza uztartzen dituen aldizkaria.

Nik, ez serio, ez beltz, aritzeko gogorik batere ez. Kirolei buruz idazteko asmorik ez, eta hara lagun bizkaitar batek kontatutakoa non etorri zaidan gogora. Laneko lagun bat da. Igartzen ez bazaio ere Barakaldoko euskaldunberri katxondoa (galdezka ari bazarete zer ikusia duten euskaldunberri izateak eta katxondoa izateak, ezta ideiarik ere). Kontua da lagun honek baduela hogei urte inguruko alaba bat. Aspaldi gabe, bazkaltzen ari zirela, kontatu omen zion dezentetan joaten zela Barakaldon dagoen Anakonda saladefiestas-era. Han ligatzeko, edo zuzen esanda enroilatzeko, nik ezagutzen ez nuen sistema bat omen dute. Han dozena erditik gora telefono badira lokalaren barruan, bakoitza bere zenbaki eta guzti. Zenbaki handiak telefono gaineko paretetan. Ikusteko modukoak.

Ez dakit hariari segitzen diozuen, nire gaurko etorria Egańaneko bonben krema baino lodiago dagoelako. Nolabait zuzentzeko, jo dezadan, erdipurdiko idazleek egiten duten bezala, lagunak kontatutakoa adibide bihurtzera.

Sartu da koadrila bat Anakondora eta ari dira ehiztari lanetan –pentsatzen ari bazarete denak mutilak direla, oker zabiltzate–. Halakoren batean mostradorearen bestaldeko telefono parean ikusi dute planta oneko tipo bat. LAUa. Koletadunak espero zuen unea. Telefono bera ere dariola.

— Zu, bai, bai zu. BI zenbakian nago eta barrualdea irakitan jarri zait zu ikusita.

— Zu ere ez zagoz txarto. Minutu barru atean. Gerta daiteke adostasunik ez izatea. Replay.

— Zu, bai, bai zu. BI zenbakian nago eta barrualdea irakitan jarri zait zu ikusita.

— Aizu, ba, gaur ez. Kasualitatez nengoen telefono ondoan. Beste batean, bale?

Sistemak ba omen ditu abantailak, nire lagunaren alabaren esanetan. Telefonoz neska edo mutil bati erakartzen zaituela esatea errazagoa ei da. Ezetz erantzuten badizu ez duzu zertan bertan gelditurik, duintasunaren zamapean zer esan ez dakizula. Ausardia lortzeko hogei trago jo beharrean, dozena batekin nahikoa duzu. Merkeago, beraz. Baiezkoa bada, garbi dago biok, edo hirurok, edo zaretenok, ados zaudetela gorputzari gozatualdi bat emateko. Telefono ondoan dabilena, galduta ez badabil, jakitun da zein arriskutan dabilen. “Biharko geldituko al gara?”, galdetzen badizute, “gogorik badut telefono inguruan ibiliko naiz”, erantzun dezakezu. Eta besteren bat burura ez datorkidana.

Herrian. Bale. Zenbaki honetan dauden albiste beltz bezain garrantzitsuei umore pixka batekin heltzeko, zientifikoa ez den inkesta eta hausnarketa.

— Holakorik ez dugu berehala Azpeitian ikusiko.

— Seguru, jarriko balute, mutilek bakarrik deituko luketela.

— Erdia baino gehiago asmatutakoa izango da. Horrelakorik ezin da.

— Bideo pornoren bat egiteko gidoi bezala ez dago gaizki, baina badakigu errealitatea ez dela horrela.

— Ni egun eta gau egongo nintzateke telefono ondoan, disimulo-disimuloan, baina inork ez lidake deituko, seguru. Bost pentsamendu horietatik bakar bat etorri bazaizu, ez zara erabateko azpeitiarra, edo monjen, fraideen edo ikastetxe publiko nahiz pribatuen eraginak ez zaitu erabat ukitu. Bi edo hiru aldiz gorritu zaizkizu matrailak zutaz zuzenean ari zela galdezka pentsatu baduzu, zorionak, San Inazioren seme kuttun izendatuko zaituzte laster.

Pleno edo bingo kantatzeko moduan bazaude —bostak asmatuta, alegia—, animo, neuk emango dizut Barakaldoko Anakonda dantzalekuko helbidea, eta, erregutuz gero, nire lagunaren alabaren eta haren koadrilakoen ezaugarri fisikoak, egunen batean, telefono ondoan agertuko balira ere. Barakaldon altzari saltzaile txikiak itoko dituen dendatzarra ireki omen dute. Aitzakia ederra alde hartara buelta txiki bat egiteko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak