Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Apirila »  Iritza »  Amatasuna

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Amatasuna

Alaitz Olaizola

Beste urte batez, aitaren eguna ospatzera goazen honetan, amatasunari buruzko gogoeta egiteko grina sartu zait niri. Amatasuna diot, ez baitakit zer den aitatasuna, ezta horrelakorik baden ere. Gizonezkooi tokatzen zaizue gai hori jorratu eta argitzea, eta gustu baduzue, ez dakigunoi argitzea. Kontu hori dela eta —amatasunarena, alegia—, aspaldian buruari bueltak ematen nabil. 11 urte akaso, ama naizenez geroztik.

Ezagutu nuen emakume gazte bat, ama izateko sekulako grina azaldu zuena eta modu artifizialean izatea erabaki zuena. Bihotzez zoriondu nuen bere ametsak, gero obsesioa iruditu zitzaidana, gauzatzeko ahalegina egingo zuela ikustean, animoak eman ere bai, mahai baten bueltan, elkarrekin afaltzea erabaki genuen arte. Horrelakoetan izan ohi den moduan, solasaldi guztia amatasunaren ingurukoa izan zen. Zein zoriontsu zeuden bera eta bikotekidea, zein zoriontsuak izango ziren umearekin, halakoa eta bestelakoa izango zela, berdin umearen heziketa... Irribarre eta ospakizun artean pasatu genuen denborarik gehien, hitz egitea bururatu zitzaidan arte. Baietz esan nien, ederra zela ama izatea eta amatasuna horrelako osotasunarekin bizitzea, baina bide luze horretan, betirako izango den suposatzen den bide horretan, bestelakoak ere badirela. Alegia, umeak gaixo jartzen direla, ezustekoak makina bat izaten direla... Eta zerbait aipatzearren, umea sehaskatik erori zeneko hura aipatu nien, edo termometroa puskatu zeneko hura eta merkurioa desagertu zenekoa, umeak irentsi ote zuen pentsatu nueneko hura. Guztia, oso modu animosoan, anekdotikoan, betiere ama izateak niretzako ekarri zuen zoriontasuna behin eta berriz aipatuz. Alegia, gauza batek ez zuela bestea kentzen. Horrela esan zidan, negarrez hasteko puntuan: “Guztia oso beltz jartzen ari zara eta nik ez dut horrela pentsatzen”. Aho bete hortz geratu nintzen hura entzutean eta hamalau berba etorri zitzaizkidan ahora, baina isilik geratu nintzen.

Aldaketak. Geroago, berdinari ekin zioten. Umea izatean zenbat gauza egingo zituzten, ia umerik gabe egiten zituztenak baino gehiago. Batez ere, lasai zioten, beraiek betiko bizitza egiten jarraituko zutela, aldaketa gutxi jasango zituztela. Pentsatzen nituenaren erdiak baino esatera ez nintzen ausartu, egoera gehiago ez nahastearren. Amatasuna, pentsatze eta ameste kontua baino gehiago, errealista izatea zela, egunerokotasunean gozatu eta sufritzea, amatasunaren sentimendu ederra eta zoragarria ondo zegoela, beharrezkoa seguruenera jota. Ama izatea erabaki duenak, ametsak izateaz gain, errealista izan behar du. Hori da esan nuena, beste hau pentsatu nuena: munduan izango zen lehenengo ama zirudiela. Bitartean, milaka urtetan, dozenaka ume izan dituzten ama ugari hor, ahaztuta geratu zirela.

Gure antzerki batean, horrela dio pertsonaia batek: “Ez daukat umerik, baina maternidadeko liburu mordoa irakurri ditut, ama izaten naizenerako ondo prestatuta egoteko”. Eta horrekin, dena esana geratzen da.

Amatasunaren idealizazioan, gaur egungo mundu modernoak sekulako eragina duela esango nuke. Baloreak transmititzeko ahalegin horretan gabiltza eguna joan eta eguna etorri, beharrezkoa dena inongo dudarik gabe, eta modu berean, ume perfektuak egin nahi ditugu, amatasunaren grina sentitu genuenean amestu genituen bezalakoak: guapoak, azkarrak... Gero, irakaslearekin hitz egitera joatean, entzun nahi ez duguna esaten digu, justu, pentsatutakoaren kontrakoa. Orduan, umearen irakaslea, irakasle txarra da. Enfin...

Luze joko luke esan nahitako guztiak aipatzen hasiz gero. Gainera, amatasuna, sakonagoa da, konplikatuagoa, nahi bada, eta era berean, erronka zoragarria. Beti itxaroten, beti al loro, beti adi...

Kaka-nahaste horretan, ez ote zaigu ahantziko urte gutxira euren buruaren jabe izango direla, eta “agur ama” esan eta beraien bidea hartuko dutela! (Kasurik onenean, musu txiki bat jasota).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak