|
|
|
Burutik beherakoa
M-11: hamaika motibo
Jose Luis Otamendi
Konparazioak mingarriak direlako dakart hona sorta bat. Noiz egiten dio Azpeitiko Udalak jendeari dei kalean mobilizatzeko? Zein irizpide du? Zenbat kilometroko eragin eremua du bere sentikortasunak? Eta zein da epe-muga edo iraungitze data? Noiz merezi du gertaera batek udal gobernuaren erantzuna kalean? Auskalo Udalak azken aurrekoz noiz joko zuen plazarako korneta. Emakumeen kontrako indarkeriaren kausaz? Manoli Urangaren etxeari eraso ziotenean? Ez nago seguru, baina denbora asko pasatu da. Azkena, berriz, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen urteurrena dela-eta izan da. Egia da, minak hainbeste aurpegi ditu! Eta oraindik ez da asmatu hori neurtzeko makina. Kontua da Azpeitian ez dela nonbait kalera irteteko beste motibo aski sendorik egon Udalarentzat hilabetetan!
Konparaziorako bideak mingarri direla jakinagatik ezin zaizkit gogotik kendu motibo batzuk: bitarte honetan zenbat azpeitiar epaitu duten, zenbat diren epai bidetan (18/98 eta bestelako), gurean lanean hil direnak, atxiloketak, polizia-etxeko egonaldiak...
Herrian diren minak kudeatzen ere jakin behar du Udalak. Min guztiak eta guztien minak errespetatu eta zuhur kudeatzen. Nork bere pentsaera eta ideologiarekin zintzo bai, baina inoren saminari ezentzunarena egin gabe aurpegira. Konparazioak ala motiboak dira mingarriago? Min ofizialak ezin ditu ahaztu gainerako minak.
|