Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Korrikaren zatiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Korrikaren zatiak

AEK Mikelats euskaltegia

Poema bat, bertso bat, pasadizo bat, datu bat eta galdera bat. Denak zuretzat, Korrika 14

Aurtengoan ere badator Korrika. 14. edizioa martxoaren 10-20 bitartean izango da. Orreagan izango du irteera, eta Bilbon bukatuko da. Egun horietan euskaldunek aukera ederra izango dute euskararen alde metro edo kilometro batzuk egiteko. Azpeitira martxoaren 16an iritsiko da, eguerdi aldera, eta orduan izango dute herritarrek lasterka irteteko aukera. Gurera Korrika 14 hasi aurretik Uztarriak tarte berezia egin nahi izan dio: bertso bat, poema bat...

Poema

Zatoz nigana, zatoz
emeki oratu nazazu
Zatoz nigana, zatoz
betirako gelditzeko

Zatoz nigana, zatoz
esan iezadazu hitz bat
nik bi esango dizkizut
esan maite nauzula
nik erantzungo dizut

Zatoz korrika
zatoz euskara, zatoz
ni han izango nauzu zain
ni ere bai!

Kepa Urbieta

Bertsoa

Orreagatik Bilbo
helmuga jarrita
euskara festa dator
hamaika herrita.
Ni ere bai!’ abestuz
behar aldarrika
euskaldun berriaren
grina ta irrika.
Zatoz, zatoz zu ere
badator Korrika!

Josu Azpillaga

Pasadizoa

Amona hura. “Urte askoan hemen Korrika antolatzen aritu garenon artean, bada une bat maitasun handiz gogoratzen duguna. Gogoan dugu nola amona batek hartu behar zuen lekukoa, eta zein gustura eta emozionatuta hartu zuen gainera. Emozioarekin lasterka ere hasi zen, baina ez da erraza adin batzuetan lasterka egitea, eta azkenean, oinez egin behar izan zuen lekukoa eramatea tokatzen zitzaion kilometro zatia. Inguruan zegoen jende dena txaloka hasi zitzaion. Une polita bizi izan genuen han inguruan ginenok, eta nola ez, amonak berak ere ez du berehalakoan ahaztuko metro haietan bizi izan zuena”.

Margari Eizagirre eta Dorleta Odriozola

Datua

Zazpi kilometro. Aurten buelta txikia egingo du Korrikak herritik. Kostaldetik etorriko da, eta Azkoitia aldera joango. Herrian zazpi kilometro daude salgai eta erosle kopuruaren arabera banatuko dira. Erosle asko daudela? Poltsikoa gehiago beteko du euskarak.

Korrika Batzordea

Galdera

Erdi kaletik bai? Badator Korrika, eta Erdi kalean obretan. Nondik pasatu behar du? Kamioiek egingo al diote lekurik euskarari? Eliz kaletik pasatuko dela diote...

Ihintza Agirretxe

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak