Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Kontuz, voyeur-a

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jakiteko

Kontuz, voyeur-a

Kepa Urbieta

Gurasoak etxetik joan ezean, nahikoa lan izaten dute gazteek bikotearekin sexu harremanak izateko; ‘begiraleak’ dituzte

 

Gaur egun larrua ere ezin da lasai jo. Ez gaztea bazara, behintzat. Lekua bilatzeko hainbat buruhauste izaten da, zer esanik ez autorik ez badago tartean. Autoa edukita ere... Atzerriko hizkuntzetan voyeur deitzen zaio besteek sexu harremanak dituzten bitartean begira egotea gustatzen zaionari. Eta Azpeitian bada horietako bat gutxienez; hau da, begi-luze bat. Hainbat zeresan sortzen duen gaia da gazteen artean.

Goenako zabaldegian gertatu zen honoko istorio hau, eta hala bizi izan zuen lekuko honek egoera, Uztarriari kontatu dioenez: “Goizeko ordubata aldea izango zen. Ilargi betea zegoen eta, horregatik, nahiko argitsua zen giroa. Larre azpiko zabaldegian geunden; oso garbia da, esan nahi dut han ez dagoela ezer ezkutatzeko aukera ematen duenik. Halako batean, itzala iku-si genuen eta geure artean brometan hasi ginen norbait ote zebilen esanez. Baina laster hasi ginen benetakoa zela pentsatzen, eta autoa martxan jarri genuen ea itzal hura mugitzen zen ikusteko. Eta halaxe gertatu zen; han joan zen zabaldegian zehar lasterka. Susto galanta hartu genuen guk, eta ezin ezer egin. Atzetik ezin abiatu, biluzik geundelako, eta bestela ere nahiko izu sentitzen da egoera horretan”.

Loiolan. Ez da Goenakoa kasu bakarra. Loiolako alberge inguruan ere gertatu izan da horrelakorik. Honela kontatzen du beste lekuko batek berak bizitakoa: “Albergeko zelai-unean geunden. Lau bat auto izango ziren gau hartan; gurea azkena, urrutiena zegoena. Banan-banan joaten hasi ziren. Gu harritu egin ginen, autoak argiak piztuta-eta denbora askoan egon baitziren. Gu atzeko eserlekuetan geunden eta bat-batean aurpegi bat ikusi genuen leihoan. Laguna negar batean hasi zen eta herioan autoa piztu genuen, baina ordurako joana zen. Ostirala zen, goizeko ordu bata edo”.

Beraz, gazteek ezin intimitatea topatu, ezin lasai laztandu. Eta zer egin kasu horren aurrean? Zein da irtenbidea? “Zaindariak jarri beharko!”, dio lekuko batek txantxetan. Baina arazoa hor dago, eta bitartean gazteek etxerik gabe jarraitzen dute.3

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak