Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko irailek 3,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Imanol Lazkano: "Gazte-gaztetatik bertsoaren 'mozkorra' izan naiz"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bertsolaritza

Imanol Lazkano: "Gazte-gaztetatik bertsoaren 'mozkorra' izan naiz"

Amaia Mendizabal

 
Imanol Lazkano -argazkian, erdian- bertso afari batean kantuan. 
Lazkano, gaztetxoa zenean. 
Amuriza eta Lazkano berriketan 
Lazkano eta Joxe Agirre gaztetan. 

Imanol Lazkanok urte asko daramatza bertsotan. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari ere urte ugari egin du; otsailaren 19an utzi zuen kargua. Uztarriak bezperan deitu zion hari, elkarrizketa egiteko. Bertsoaren inguruko hausnarketak kontatu dizkio Uztarriari, bere baserrian, lasai.

1.- Imanol Lazkano, bertsolaria. “Egia esan, oso gaztetan mozkortu nintzen bertsolaritzarekin, eta ordutik ofizio honetako mozkor bat izan naiz. Horrela, asko landu izan dut bertsolaritza, baina ez irakurrita eta paperetik, baizik eta neure kabuz. Bertsolari guztiek bezala, bertsoaren munduaren gustukoen ditudan gauzak bereiztu eta haiek lantzen saiatu naiz: Basarriren erretorika, Uztapideren zuhurtzia eta bizkortasuna, Xalbadorren sakona, Joxe Lizasoren gatza, Agirreren ziria... denak gustatu zaizkit eta denetik pixka bat landu dudan bertsolaria naizela esango nuke. Dena dela, esaerak dioen bezala, askotan ibili izanagatik, denetan erdi bidean geldituko nintzen, agian. Hori bertsolari gisa ezagutzen nautenek esan beharko dute”.

2-. Jubilazioa. “Ofizialki jubilatuta banago ere, enpresa neurea izanda, guztiz utzita ere ez daukat, erdizka nabil. Etxean enbarazu egiten dudala antzematean, lantokira joaten naiz, eta han enbarazu egiten dudala antzematean, etxera. Hala ere, antzematen dudan bitartean, tamaina politenean nagoen seinale; enbarazu egiten dudala antzemango ez banu... Bertsolaritzan, aldiz, oraindik urtean saio batzuk egiten ditugu, baina ez garai batean hainbeste, jakina. Dena dela, garai batean adina saio egitea ere seinale txarra litzateke, horrek atzetik guri bultzaka inor ez datorrela esan nahiko bailuke. Zorionez, oso jende ona dator atzetik eta gu pixkanaka baztertzen goaz. Seinale ona da bertsolaritzarentzat!”.

3.- Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. “Halabeharrez sortu zen, aurretik gehiegi pentsatu gabe eta gauzak etorri bezala. Izan ere, Euskal Herria osoa txapelketaren zain zegoenean, Euskaltzaindiarekin haustura gertatu zen, seguru asko inoiz gertatu behar ez zena. Ordu arte Euskaltzaindia arduratzen zen Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia antolatzeaz, eta hausturaren ondorioz, txapelketa kolokan gelditu zen. Guk ez genuen halakorik nahi, hainbeste plaza ematen zizkigun herria txapelketarik gabe uzterik. Beraz, bertsolariok eta gure inguruko hainbat bertsozalek txapelketa antolatzeko ardura geure bizkar hartu genuen. Txapelketa nahiko biribil irten zen eta geuk ere pozez eta ilusioz gainezka bukatu genuen, lanerako gogo biziz. Elkartea sortzeko ordua zela ikusi genuen. Horrela, 1987an Donostian Euskal Herriko Bertsozale Elkartea aurkeztu genuen. Jende askoren laguntzaz gero eta indar handiagoa hartzen joan da, gaur egun iritsi den mailara iritsi arte. Hasieratik neu jarri ninduten lehendakari. Askotan aipatu izan dut bertsolaritzak niri nik berari eman diodana baino gehiago eman didala, eta nik ezin nion ezer ukatu elkarte horri. Dena dela, ez nengoen seguru nola egingo nion mesede gehiago, lehendakaritza utzita edota bertan jarraituta. Horregatik, besteei esaten nien aukeratzeko: nik jarraitu ala ez. Beharbada aldaketa lehenago tokatuko zen, baina pauso zuzenak emateko sekula ez da berandu. Nik uste aldaketak elkarteari mesede egingo diola, dudarik gabe: Ińaki Muruak elkartean lan asko egin duelako, gazteago izanik ni baino gaurkotuago dagoelako. eta badakidalako pertsona eta bertsolari bezala nolako maila daukan. Elkarteari tokatzen zaion mailako pertsona da”.

4.- Barrerako bertsoa, malkorakoa. “Bertsolaritza eta umorea beti eskutik joan izan dira, baina bertsoa ez da barrea bakarrik; hileta eta antzeko gertakizunekin ere beti ondo uztartu izan da. Barrerako eta malkorako bertsolaritzan, adibide bezala Lazkao Txiki jarriko nuke. Oso gizon argia eta umoretsua zen, eta jendeak horretarako erabili ohi zuen; gaiak ere beti bere ingurukoak jartzen zizkioten. Berak hori dela-eta sufritu izan zuen pixka bat. Izan ere, zirian bezain ona zen sakonean, eta hori erakusteko aukera askotan ematen zioten. Hura gai zen publikoa barrez tripak bota beharrean jartzeko, eta handik ordu erdira negar eragiteko. Bertsolaria festa giroan ibiltzen dela kontuan hartuta, errazago aurkitzen da umorezko bertsoarentzat lekua, are gehiago kontuan izanda festa giroan ibili ohi dela bertsolaria. Bertso sakona egiteko, halakoxe giroa topatu behar duzu. Azpeitiko plazan Santo Tomas egunean han sakontasunerako toki gutxi dago. Baina zinema areto batean egindako saio batean, non entzulea isil-isilik bertsolariari entzuten arreta osoz dagoen, errazagoa da sakontasunari tokia egitea. Baina biak dira baliagarri eta beharrezko. Bertsoaren kalitatea da baloratu beharrekoa. Horrela, epaile baten aurrean beti nik zalantzan ondorengos jartzen dut: zerk balio du handiagoa, herri guztia barrez lehertzen jartzen duen bertso bizi batek edota herria negarrez jartzen du bertso batek? Epailea sentimental samarra baldin bada, negarrerako bertsoarekin geldituko da, baina beste batek barrerakoa izango du nahiago. Horregatik uste dut bertsolariak ez lukeela txapelketara joan behar, bertsoa neurtezina delako, gustuaren gorabeheran gelditzen da. Hori erromeriara joan eta bi neska gazte ikustea bezala da: biak dira politak, baina zein da politagoa? Gustuen arabera, bakoitzak erantzun bat edo beste emango dizu. Bertsoarekin hauza bera; nor da gai bertsoa neurtzeko?”.

5.- Pare bat bertso merezi duen gaia. “Euskarazko prentsaren alde herriko jende batek egiten duen lanaren inguruan herrian sentsibilitate falta dago. Jende hori sinesmen osoz buru-belarri ari da lanean eta herriak, oro har, lan horri ematen dion erantzuna ardurarik eza da. Ikaragarria da, beraz, sentsibilizaziorik eza”.

6.- Baserria. “Horrek ere balio luke pare bat bertsotarako gai bezala! Aurrekoan Euskadi Irratian Paul Nicholson-i (EHNE) egin zioten elkarrizketa eta honako datua eman zuen: Euskal Herrian batez beste egunean baserri bat husten da; Europan, berriz, minutuko bat. Tristea benetan! Hemengo baserriek oso lur sail mugatuak dituzte, eta eurek ekoizten dutenarekin, ezin diote aurre egin enpresa handiei. Enpresa hauek, hala moduz ekoiztutako euren produktuekin prezioak hankaz gora botatzen dituzte; hemengo baserritarrak ezin du horrekin lehiatu. Ez dakit, gainera, gobernuan eta administrazioan zenbaterainoko sentsibilitatea dagoen gai honen inguruan; gaur egun ematen zaion tratamenduarekin baserria uztera kondenatuta dago. Gaur egun guztia errentagarritasunaren eta produktibitatearen arabera neurtzen da, eta ez zaio baliorik ematen baserriak orain arte euskal kulturari eman dion horri guztiari. Horretaz gain, kontuan izan gure mendi zahar zatar hauek izatez sastraka besterik ez dutela sortzen, eta ingurumen nahiz paisaia aldetik ere ez da baloratzen baserriak gure mendiak txukun mantentzen egin duen lana. Baserritarrik ez badago, dena pinuak hartuko du; eta inork ez dituenez pinuak zainduko, azkenean guztia sasiak hartuko du!”.

7.- Plaza bat, bertsotarako lagun bat. “Plaza bakarra aukeratzea seinale txarra litzateke, plaza onak asko daudelako, eta aukera handia edukitzea ona da. Baita bertsotarako lagun on asko edukitzea ere! Denekin ondo moldatu izan naiz ni. Aurrekoan irratiko elkarrizketa batean zaharren eta gazteen artean zubi-lana egin nuela esan zidaten, akaso zurikerian. Halakorik egin izan badut, ez da behintzat nik asmatutako ezer izan. Gogoan dut, gu artean plazak egiten hasiberriak ginenean, Uztapidek, Basarrik... nolako mimoarekin tratatzen gintuzten. Basarriz gizon harroa izan zela entzun izan dut, baina nik harekin saio gutxi egin baldin banituen ere, ez dakit gu bezalako bertsolari gazteak tratatzen gintuen bezain ondo tratatuko ote zituen bere semeak! Hainbeste estimatzen baduzu zuri zaharrek halako tratua eman izana, naturalena da zeuk ere ondorengoekin gauza bera egitea. Beraz, zubi-lanarena egin badut, oso erraz egindakoa izan da; nire aurreko bertsolariek emandako ikasgaia da. Gainera, zeu ere erosoagoa sentitzen zara gazte bat zure ondoan gustura dagoela ikustean; hori harro egoteko arrazoia da. Bestalde, bertsolariak elkarren lagun izatera behartua daude. Bertsoa kantatzerakoan herriaren aurrean jartzen zarenean zure babes bakarra alboan daukazun laguna da. Bertsotan hasi aurretik mikroaren aurrean zaudenean hitz laburrak besterik ez dira gurutzatzen bertsolarien artean, baina izugarrizko babesa ematen dute. Hori bai, behin bertsotan hasitakoan albokoa baino hobeto egiten saiatuko naiz, eta berak ere gauza bera egingo duela pentsatzen dut. Baina bertsolarien artean dagoen giroa izugarri ona da: askotan saio batean ezinean baldin bazabiltza, albokoari doinua aldatzeko edo puntua jartzeko eskatu eta egon seguru onartu egingo dizula, zuri laguntzeko, nahiz eta bera agian aurreko doinuan eroso ibili. Mundu polita da bertsolari- tzarena!”.

8.- Imanol eta Lazkano. “Kanpotik ikusita Hirutasun Santuaren misterioa irudi dezakeen arren, natural eramaten dugu bertsolariok bat bitan banatze hori. Imanol eta Lazkano, pertsona eta pertsonaia, Azpeitiko etxegilea eta bertsolaria, erabat dira desberdinak. Ez da izen kontua bakarrik, ezta gutxiago ere. Bizitzari aurre egiteko bi jarrera desberdin dira batarena eta bestearena. Halaxe bizi izan dut, eta uste dut bertso lagunek ere hala bizi dutela”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak