Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Azpeitia eta topikoak- 1 »  Entrenamendua prest

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Entrenamendua prest

Oihana Elduaien

Azpeitiko lasterkari eta triatleta asko Lazkaora, Kemenera joaten dira, Etor Mendia prestatzaile fisikoarengana, lasterketak-eta ondo prestatzeko

 

Prestaketa ez da broma. Ez behintzat lasterkan ibili zale diren azpeitiar askorentzat. Norbere buruaren gaitasuna eta helburuak kontuan hartu eta prestaketa serioa egiten dute hainbatek. Kemenen ari dira asko, Etor Mendia lazkaotarrarekin, prestaketa hori tajuz egiteko. Mendiarekin dabiltzan lasterkariak bost bat dira; baina horiez gain triatletak ere badira herrian; Mendiarekin dabiltzanak 20 bat. Horietatik bakarra da emakumezkoa, “gutxitxo”, Mendiak dioenez.

1997an edo 1998an joan zitzaion lehen azpeitiarra Mendiari, eta, lazkaotarrak dioen moduan, “lehengo hark propaganda ona egin izango zuen inguruan”, ordutik azpeitiar asko joan baitzaio prestaketa programa eske.

Agian, Asier Oiarzabal Disdira trialeta bera izango zen aurrena Mendiarengana joaten. “Betidanik ezagutu izan dut Etor”, dio, “eta Ironman proba egitea erabaki nuenean norbaiten laguntza behar nuela pentsatu nuen, eta horrela hasi nintzen”. Duela hiruzpalau urte joan zen aurreneko aldiz. Orain, tropelan joaten dira, elkarren anparoan: “Aiztitxo, Kaxero, Atxunberri...”.

Esfortzu froga egiten diete lehenik eta behin. Froga horretan ikusten dute bakoitza nola dagoen, horren arabera zein aukera dituen jakiteko. Gero, kirolariaren nahiak eta helburuak aztertuta, entrenamendu plan pertsonalak prestatzen dituzte, norberari berea. Mendiak onartu digu batzuetan jendearen helburuak “gutxitu” egin behar izaten dituztela, eta kirolariari “kontra” egin. Izan ere, “osasunari garrantzi ahandia” ematen diote Kemenen. Jakina da batzuk helburu txikiak lortzeko ahalegin handiak egin behar izaten dituztela, eta baita alderantziz ere.

Entrenamenduak “erantzun integrala” behar du. Hala dio Mendiak. Eta, beraz, dietak ere badu bere garrantzia “onerako eta txarrerako, pisuak ere zeresana baitu errendimenduan”. Mendiak dioen bezala, “gorputzak gasolina behar du”, eta gasolina orekatua. Kemenen jartzen dituzten dietetan “denetik ematen saiatzen” dira jateko, beti ere norbere baldintzen arabera “kontrolatua eta orekatuta”.

Jarraipena. Norberak bere entrenamendu plana izanda, hori aurrera eramatea besterik ez da geratzen, behar den momentuan, gorputza erraz-erraz mugitzeko. Hori norbere borondatearen arabera dago, baina jarraipena ere egiten diete Kemenen.

“Bakoitzaren helburu eta borondatearen arabera”, kontrol hori hilekoa, astekoa edo beste epe batekoa izan daiteke, aukeran. Jarraipena nola egin ere, bakoitzaren borondatearen menpe dago. Mediarengana berarengana joan daitezke, telefonoz kontakta dezakete, edo baita e-mailez ere.

Disdira, esaterako, hilean behin joaten da, eta, “orduan hilabeterako planifikazioa” jasotzen dute. “Ezin badugu joan, bidali ere egiten digu”.

Prestaketa plana eskuan, bete besterik ez dago, gogoz, indarrez eta ‘Kemenez’.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak