Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Azpeitia eta topikoak- 1 »  Onintza Zeberio: “Lasterka egiteko gero eta afizio handiagoa dago hemen”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Onintza Zeberio: “Lasterka egiteko gero eta afizio handiagoa dago hemen”

Ihintza Agirretxe

 

Onintza Zeberiok bizitza osoa darama kirola egiten. Hasieran, umetan, bizikletan, karaten... eta beste hainbat kiroletan ibili zen. Gero futbolean hasi zen, baina duela zortzi urtetik lasterketa probetan dabil. Orain, berriz, duatloi probetarako prestatzen ari da lehenengo aldiz, Etor Mendiarekin.

Azpeitian lasterkarako afizio handia dagoen ustekoa al zara?

Bai, eta, gainera, uste dut gero eta handiagoa dela dagoen afizioa. Orain igerilekuan egunero neska koadrila ederra elkartzen da lasterka egiteko. Beraz, neskak ere gero eta gehiago ari dira animatzen. Neskena, normalean, lagunen arteko kontu bat izaten da; mutilek, berriz, erlojuaren menpe egiten dute lasterka.

Noiz hasi zinen lasterketa probetan aurkezten?

Futbolean nenbilela, lanean hasi nintzen, eta orduan ez nuen jokatzen, aulkian gelditzen nintzen. Diego Garcia zenak entrenatzen hastera eta lasterketa probetan parte hartzera animatu ninduen. Eta, horrelaxe, orain zortzi bat urte hasi nintzen lasterketetan.

Zer dela-eta uste duzu dagoela lasterka egiteko hainbesterainoko afizioa gure herrian?

Nik uste dut jendeak kilo batzuk galdu eta itxura onean mantentzeko kirolik errazena eta onena dela, eta jendeak horregatik egiten duela horrenbeste korrika. Azpeitia eta Azkoitia artean, gainera, leku egokia dugu, eta horrek ere bultzatzen du jendea korrika egitera.

Zenbat entrenatzen zara?

Orain, egun batean lasterka ordubete-edo egiten dut, eta hurrengo egunean bizikletan ibiltzen naiz pare bat orduz. Asteburuan bietatik egiten dut pixka bat.

Proba handien atarian nabaritzen al da?

Bai, asko gainera. Garai horretan asko espero gabeko jendea ere topatzen da lasterkan. Normalean, jendea Behobia-Donostiarako asten da prestatzen, eta hura pasatu ondoren ere San Silbestre proba ez da oso urruti izaten. Eta nola Azpeitian bertan izaten den lasterketa, jendeak segitzen du entrenatzen. Ondoren jende askok laga egiten dio entrenatzeari. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian ez du hemengo jende askok parte hartzen. Izan ere, lasterketa honetan oso marka onak daude, eta jendea ez da animatzen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak