Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Iritzia »  Tirikitrauki milioi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Tirikitrauki milioi

Ainhoa Odriozola

Parte zaharrean, etxea salgai. Banoa ikustera! Karreran sartu gara, pasilloa dirudi. Hormetan, denborak eta hezetasunak egindako muralen erakusketa. Eskailera okerrean orekak eginez gorantz. “Heldu gara”. Ate okerra zain. Ireki eta pasillo luze estua, oso estua. Hormak haurdun, tripa galantaz. Hemengo erakusketa zartatuena da, zulo ilunek bistan uzten dituzte pitzadurak. Obserbatua sentitzen naiz, pasilloan barrena, zartatuetan biziko diren armiarma eta auskalo zer piztien begi nimiñoengatik zelatatua. Lurra krik eta krak, pipien lanorduetan etorri gara antza! Bukaeran egongela ttipia. “Oso argitsua da”. Aurreko etxea hain dago gertu, lanpara pizten badute honaino iritsiko dela argitasuna. Aldamenean logela, “bista ederrak ditu”. Burua eta gorputz erdia leihotik atera eta zerua eta Xoxote ematen duen harri zatitxo bat ikusten da. “Logela horrela saltzen da, altzari eta guzti”. Ohe handi bat ardi usaina duen koltxoiarekin, eta armairua, guztia lurra bezala, norbaitek erosi bitartean pipiei alokatuta. Sukaldera. Aurretik, trasteleku ttipia: “Hau bigarren logela da”. Isilunea. Suizidatu nahi izanez gero, ezin leihotik burua bota, ez du-eta leihorik. Sukaldea sintasolaren inperioa. Iluntasuna eta itukina nagusi. Non daude Arantzadi Elkartekoak? Perfilez jarri gara, ez politago gaudelako, komunera daraman pasabidea igarotzeko era bakarra delako baizik. Hirugarren mundu gerratea balego, norbaitek itaundu nahi banau, komun honetara sartu besterik ez dauka. Neure birramonaren abizenak ere esango nizkioke. Indezentea.

Ordu fatidikoa. “Zenbat eskatzen dute?”. “Tirikitrauki milioi”. Ziur gazte askok badakiela ‘tirikitrauki’ hitzak zenbat milioi esan nahi duen. Komuna baino indezenteagoa. Ez etxe horietan bizitzeko erreparorik dugulako, kopuru horiek ordaindu ezin ditugulako baizik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak