Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Iritzia »  Liburutegiaz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Liburutegiaz

Xabi Borda

Kitto! Amaitu dira azterketak. Azken orduko apunte bilaketak. Urduritasunak eta histeriak. Amaitu dira ekainera arte bederen.

Ederki bizi gara ikasleak, ia ezer egin gabe ematen dugu urte osoa, parrandaz parranda. Ikasle ez direnek hala diote, behintzat. Eta pentsatzen jarrita, badute arrazoi pixka bat.

Hasteko, gure lan astea (unibertsitariena) besteena baino laburragoa izaten da: astelehenetik ostegunera. Aste laburra edo asteburu luzea. Eta klaseak goizez edo arratsaldez izaten dira bakarrik. Eguneko 4-5 ordu. Gehiegi ere ez. Kalkuluak azkar eginez asteko, 16-20 ordu. Astakeria izango litzateke unibertsitariek 35 orduko lan astea eskatzea!

Eta 20 orduak astunegiak egiten zaizkionarentzat ekintza kulturalak ditugu. Musika kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak, kafetegiko mus txapelketak eta kafe-tertuliak.

Azterketen mamua. Egunak aurrera joan ahala, azterketen mamua agertzen da. Pixkanaka denak izutu eta ikasgela bete egiten da. Hor hasten da gure kalbarioa.

Lehenik eta behin, apunte guztiak osatu behar dira. Honi honakoa kopiatu, hari beste hau kendu. Fotokopiategian ilara amaigabeak. Eta eginahalak egin, beti dago lortu ezin duzun apunte edo ariketa madarikaturen bat. Umetan kromo bildumetan gertatzen zen bezala.

Gero ikasgelako arratsalde luzeak datoz. Segundoak minutu bihurtzen diren arratsaldeak. Azterketak hurbildu ahala, ordea, gauza arraro bat gertatzen da denborarekin eta efektua alderantzizkatu egiten da: minutuak segundo bihurtu eta ez dugu denborarik izaten dena ikasteko. Ulerkaitza.

Ez dakit inpresio pertsonala den ala zerbait orokorra, baina azterketa sasoian beti iruditu izan zait mundua aurka jartzen zaidala. Lagunek normalean baino afari gehiago antolatzen dituzte. Auzokidea lanean hasten da: taladroa hemen, mailua han. Eta hori gutxi balitz, eguraldi hobea egiten du.

Liburutegi baten beharra. Ulertzekoa da, beraz, askok ikasteko liburutegi bat behar izatea. Aurka jarri zaigun mundu horrengandik babesteko leku bat. Beste ikasleen gertutasuna, bakarrik ez gaudela sentiaraziko digun toki bat.

Aurtengo lehenengo azterketak gogorrak izan dira. Berez dira gogorrak azterketak. Baina oraingoan bi osagai gehitu zaizkie. Batetik, herriko bi festa galdu behar izan ditugu; nahitaez. Eta bestetik, lan batzuk zirela medio, liburutegia itxi digute. Gotorlekurik gabe utzi gaituzte.

Ulertzen dut lanak beharrezkoak zirela. Gaur egun era horretako eraikin batek, zerbitzu publiko bat eskaintzen duen momentutik, igogailu bat eduki behar duela. Baina zezen-plazan uztaila bukaeran berrikuntzak egiten hastea inori bururatuko ez litzaiokeen bezala, ez zaio inori azterketa sasoian liburutegia ixtea otu behar. Eta guztiz beharrezkoak badira lanak, Udalak beste ikasgela bat prestatu beharko luke. Ez dut uste hori guztia diru arazoa denik, ez bada ardura kontua. Ikasleenganako ardura falta egon dela iruditzen zait.

Kalteordain moduan, ordutegi aldaketa bat eskatuko nioke Udalari. Ez dut uste ikasleak orokorrean 10:00etan esnatzen garenik. Gutxiago azterketetan. Beraz, liburutegia 8:00ak aldera zabaltzea proposatzen dut. Horrekin batera, larunbatetan ere irekitzea. Azterketa bezperetan guretzat berdinak baitira larunbatak, igandeak eta asteazkenak. Eta amaitzeko, gabonetan eta batez ere abuztuan (gutxienez azken bi asteetan), Enparan martxan izatea.

Horrekin ez diot inori jairik kendu nahi. Guk oporrik ez izateak ez du esan nahi bertako langileek ez dituztenik eduki behar. Pentsatu nahi dut Udalak asmatuko duela, gestio egokiak eginez, ordutegia hobetzen.

Eta ez kontatu berriro, mesedez, jende gutxi joaten den istorioa. Gazteontzat alternatibak proposatu behar direla behin eta berriz entzuten dugun garai honetan, liburutegiaren ordutegia joaten den jende kopuruaren arabera baldintzatzea ez zait zilegi iruditzen. Asteburuan liburutegira hurreratzen den gazteak merezi du, berarentzat bakarrik bada ere, atea zabaldu eta argiak piztea.

Hurrengo azterketetan, ekainean, Udalak ardura handiagoz jokatuko duen itxaropenarekin agurtzen zaituztet.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak