|
|
|
Enbido
Begien magia
Alaitz Olaizola
Auto txiki bat txofertzen ari da gizon gaztea. Semaforora iritsi aurretik, kolonia potoa eskuetan hartu eta behin eta berriz lurrindu du bere burua, eta bide batez, autoa. Espaloian gora noa ni, paseoan, eta kanpotik ikusi dut. Begira geratu natzaio ezkutatu den arte. Gizonari hartu diodan itxuragatik, lurrin gozoa izango zela pentsatu dut, gaur egun modan dauden horietakoren bat. Nora hoa, gazte? Akaso, Internet bidez ezagutu berri duen neska edo mutilarengana. Akaso, laneko bilera batera. Akaso, gimnasioren batera. Batek daki!
Ordu gutxira, kale berean, zebra bidearen aurrean, mutiko beltz bat hurbildu zaigu. Hark ere zebra bidea pasatzeko intentzioa izango duela pentsatu dut. Semaforoa berde jarri bezain pronto, ordea, aurrera beharrean atzera egin du, eta isiltasun hilgarriz, espaloian behera zetorren bikote batengana hurbildu eta disimulu handiz, bikoteko gizonari eskua luzatu dio. Hitzik ere ez elkarri, eskua eman baino ez. Berehala, beltzaranak zebra bidea korrika batean pasatu du eta bikoteak espaloian behera jarraitu du. Zer eman diok, gazte? Bidea gurutzatu dugunerako, bakoitza bere bidea hartua zegoen, isiltasun ederrean, disimulu osoz, ustez.
Beste egun eta toki bat: inauteri aurreko ostirala. Etxetik kalera noa eta bidean, pantera arrosarekin gurutzatu naiz. Mutiko beltzarana, arrosa koloreko buztan eta guzti, maskara buru gainean darama. Hego amerikarra da eta hamar urte ez ditu izango. Hotz egiten du eta mutikoari nabari zaio masail erreetan. Kandela parea sudurretik zintzilik dituela badoa, esku artean poltsatxo txuri batekin. Ezpain buelta gorri-gorri egina du, eta eskuan, poltsatik atera berri duen marrubia. Poltsatxoan, beste dozena, pantera arrosak jateko pronto. Metro gutxi batzuk aurrerago, frutategi barruan beste bi mutiko beltzaranarekin tratuan sumatu ditut. Zergatik marrubiak, mutilak? Barreari ezin eutsita jarraitu dut. Barrez, sekulako grazia egin didalako pantera arrosak. Grazia, grazia topatu diodalako kontuari. Ez hainbeste pantera edo marrubiei, ekintzari baizik. Guk, dirua izaten genuenean, gozoki zorroa erosten genuen, edo donutsa.
Desfilean. Inauteri eta umeekin jarraituz, umeen desfilean, plazara iritsi baino lehen alaba ikusteko zain nengoen. Dotore asko jantzitako ume ugari, plazan ematen dituzten gozokien zain zeuden. Ileordeak tokian jartzen batzuk, geldi-geldi besteak, jantziaren duintasuna mantentze arren edo. Hor dator mutil koadrila bat, inguruan dabilen lagunari ileordea kendu bat, mozorroaren gaineko aldea atzean datorren prakadunari eskatuta bestea... Badakite, mozorrotu gabe, gozokirik ez dutela. Tontoak ez direnez, itxura emateko jantzi eta ale! Mutil handiak zarete mozorrotuta ibiltzeko, baina hain dira erakargarriak gozokiak!
Asteartea, arratsaldeko bostak, zezenari itxoiten gaudela, egurrezko babesaren atzean, iturrira igota dena primeran ikusi ahal izateko, gizon bat atera da banketxe batetik eskuan larruzko zorro dotorea daramala. Zezena ez da oraindik iritsi baina badatorrela nabari daiteke jendearen zalapartan. Kanpotarra da gizona eta ez dirudi zezena ikusteko interes handiegirik duenik, baina badaki nonbait, hesitik kanpora ateraz gero, lasterka egin beharko duela, traje dotore eta guzti. Ordu erdi inguru egin du jendearen atzean, zezenaren adarrei begira tarteka, denbora nola pasatu ez dakiela. Zer pentsatzen ote du ehunka lagun hesi atzean, kieto, zezen beltzari begira gaudela ikusita?
Une berean, puzgailuetan ume txiki bat gustura dabil saltoka, izerdi patsetan. Aitak, zezena badatorrela eta une batez hesiraino doala esan dio semeari eta, egoteko jolasean lasai bueltatu arte. Zezena ekarri berri dutenean, umeari entzun diot oihuka: “Aita, kaka!”. Aitak, hasperen egin du, eta hor joan da semearengana. Hurrengo urtean izan beharko du... Oraintxe behar al zuen?
Ez al duzue uste, begiekin, ikus daitekeena baino haratago ikustea posible dela? Hori da magia, eta ez Harry Potterrek egiten duena.
|