Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Martxoa »  Iritzia »  Zenbat mundu?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Burutik beherakoa

Zenbat mundu?

Jose Luis Otamendi

Planetaren zenbateko zatia jaten ari zara zu?”, bota digute blaust Jaurlaritzaren babespeko 2005eko egutegi ekologikotik. Gazte bat ageri da mundua sagarra bezala jaten. Erantzuna bertan dator: EAEko biztanleen kontsumo galga balu munduak, bi planeta eta erdi beharko lirateke iraun ahal izateko. Galderaren ‘zu’ horrek dauka indarra, herritar bakoitzari nahi zaio kezka sortu, ‘gu’ triste bat lausoegia baita barruak astintzeko. Ea jendeak horren zoro kontsumitu ez dezagun lortzen den. Ariketa politetarako bidea ematen du galderak. Esate batera, Odriako zabortegiak eta Sistiaga errekako lanak gure kontsumo grinaren bistako orban dira.

Aritmetika lan burutsuegia ez da: hamalau mila biztanleko hainbeste zakar tokatzen da, hainbeste auto, hainbeste behartsu, hainbeste hainbeste... Konparazio batera, eta goiko jolasari jarraitzeko, munduan denok horrelako galderen atzean dauden agintarien tamainan irabazteko eta kontsumitu ahal izateko, zenbat mundu beharko lituzke munduak? Eta galdetzen hasita ez dakit nola lor litekeen neurrian kontsumituta herriko enpresek gehiago produzitzea, bankuek urtero mozkin historikoak lortzea, ogasun publikoa etengabe gizentzea, soldatak igotzea... Gutxiago salduta nola aberastu?

Askotan kontra esan eta alde egiten dugu, esandakoaz bestera alegia. Nork galdetu eta nori galdetzen zaion aldea dago. Eta kopeta behar da zenbait gauza galdetzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak