Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Otsaila »  Garikoitz Etxeberria 'Kafe': "Euskal gazte mugimendua borroka erreferente da eta hori moztu nahi dute"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Presoak

Garikoitz Etxeberria 'Kafe': "Euskal gazte mugimendua borroka erreferente da eta hori moztu nahi dute"

Uztarria

 
Xabier Etxeberria 'Txapi' eta 'Kafe', jai karnabal batean. Biak preso dituzte orain. 

.24 urte zituela eraman zuen Espainiako Poliziak Garikoitz Etxeberria Kafe, 2001eko martxoaren 6an, eta ordutik preso daukate Espainian, Alcala-Mecon (Azpeititik 500 kilometrora). Orain 28 urte ditu. Gaztaroko lau urtean eduki dute kartzelan, gazte erakunde bateko kide izateagatik. Kafe Haika erakundeko kidea zen. Hori ETAkoa izatearen parekoa da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen iritzian. Epaiketarik egin gabe giltzapean eduki dute lau urtez, badaezpadako presoaldian. Orain, behin-behineko presoaldi epea amaitzera doanean, epaitu egingo dute. Laster. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 14 urteko kartzela zigorra eskatzen du Kaferentzat. Beste 41 gazte ere epaituko dituzte.

Ia lau urte dira Espainiako Polizia zuen etxera sartu eta eraman zintuztenetik. Kartzelan zaude ordutik, eta orain epaiketa. Zer irakurketa egiten duzu?

Aipatu behar da gure aurkako operazioa testuinguru politiko jakin batean gertatu zela. 1998an irekitako giro politikoaren ondotik, izua nagusitu zen Espainiako Estatuan eta bere posizioa finkatu beharrean aurkitu zen. Haika izan zen lehen gazte erakunde nazionala, hori ez da ahaztu behar. Hortik etorri zen Itun Antiterroristapean ezker abertzaleko sare sozial eta politikoa desegiteko PPren apustu errepresiboa. ?Inguruaren? teoria eta abar. Eta harrezkero hemen gaude, oso ondo jakin gabe zertaz akusatzen gaituzten.

Lau urte hauetan prozesu juridiko guztia geldirik egon ondoren, orain gauzak azkar egin nahian dabiltza. Zergatik?

Alde batetik, fiskalak gure kaleratzea saihestea nahi du, lau urte hauetan beraiek izandako utzikeria agerian ez gelditzeko. Eta bestetik, bizkortze horrek Espainiako Auzitegi Nazionalean dauden barne gatazketan sektore erreakzionarioenen mugimendu bati erantzuten ote dion susmoa ere badugu. Horretarako, epe juridiko, defentsa eskubide, errugabetasun printzipio eta berme guztiak gainetik pasatzea berdin zaie. Seguruenik, gure sententzia aspalditik idatzita dute Audientziako bele beltzek.

Dena ETA delaren teoriatik abiatzen da hau dena; 18/98. Ekin, KAS, Jarrai? denak ETAren menpekoak omen dira.

Hasteko, sumario horien guztien instrukzioak txapuza juridikoa direla esan behar da. Sumario guztiek patroi berbera jarraitzen dute: ?inguruaren? teoria. Baina ondoren ez dute froga bakar bat bera ere aurkezten eta dena literatura hutsean gelditzen da. Honek denak bultzada politiko batzuei erantzuten dio, ezker abertzalea zirkulaziotik kentzeko helburuarekin eta errepresioaren judizializazioan. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezinbesteko funtzioa betetzen du Espainiako Estatuaren politikan.

Legez kanporatze politika ere hor dago?

Oso larria da ilegalizazioekin gertatzen ari dena. Edozein pertsonak edo gizataldek dituen eskubide politiko eta zibilak ez dira errespetatzen gaur egun. Antolatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, bozkatzeko eskubidea, euskaraz egunkari bat argitaratzea, jarduera kriminal bihurtu dituzte. Zerrenda luzea da, eta ez daude gazte erakundeak bakarrik; hor daude Udalbiltza, Batasuna, presoen aldeko taldeak... Azken hauek ere hiru urte eta erdi daramatzate kartzelan. Baina antza denez, hau ez da agenda politikoan lehentasuna eta salbuespen egoera honen aurrean ez da inor asaldatzen. Izan ere, azken batean, interes politiko zehatzak daude honen atzean.

Hau da hitzez hitz fiskalak zuri leporatzen dizuna: ?Jarrai- Haika erakunde terroristaren Gipuzkoako arduraduna? izatea. 14 urteko kartzela zigorra eskatzen du zuretzat. Zer irizten diozu?

Eskaerarekin gertatzen ari dena instrukzioaren ildo berean kokatu behar da. Fiskalak ez daki sumarioari nondik eutsi, eta egin diezaguketen eskaera handiena egitea erabaki du. Nolabait esatearren, euskal gazteriaren borroka grinaren faktura ordainarazi nahi digute. Urteetako gazte borroka emankorra da epaitu nahi dutena. Gure kasuan, 42 gazteren kontrako 654 urteko kartzela zigor eskaera da horren erakusgai.

42 gazte horien artean da Asier Tapia. Harentzat egin duten zigor eskaera 112 urtekoa da, zuek atxilotutakoan emandako prentsaurrekoan egin zituen adierazpen batzuengatik.

Hori Estatutaren harrokeriaren beste adibide bat besterik ez da. Edozein astakeria egiteko inpunitatea dutela erakutsi nahi dute. Nola uler daiteke iaz M-11ren ondoren Angel Berrueta iruņearra hil zuen poliziari 16 urte eskatzea eta Tapiari horrenbeste? Edo bere emaztea hiltzeagatik 10 urte eskatzen dizkioten tipoak dauden bitartean, prentsaurreko batengatik 112 urte eskatzea Tapiari? Zer logika juridikori erantzuten dio horrek? Benetan kafkianoa da. Europan, Turkian baino ez ikusten hau dena.

Gazteek zer egin behar dute, beraz? Non geratzen da antolatzeko eskubidea?

Hori da, hain zuzen, jokoan dagoena. Kontuan hartu behar da euskal gazteria lehen lerroan egon dela. Bere garaian Lemoizen aukako borrokan eta NATOren aurkako kanpainan, ondoren intsumisioaren aldeko borrokan, edo gaztetxeekin espazio propioak antolatzen. Euskal gazte mugimendua borroka erreferente nagusia izan da Europa osoko gazteriarentzat. Europan ez da egon Jarraik erakutsi duen borroka gaitasunaren parekorik eta hori da Espainiako Estatuak sustraitik moztu nahi duena. Gazte antolatu eta errebeldeak ematen die min estatuei, eta hortik datoz euskal gazteria kriminalizatzeko saiakera etengabeak. Gainontzekoak aitzakia hutsa dira.

Bukatzeko, zer deialdi egingo zenieke azpeitiarrei?

Estatuak bide errepresiboan salto kualitatibo garrantzitsua eman duen garai hauetan, konpromisoa eskatuko nieke. Fronte desberdinetan Euskal Herriaren aurkako erabakiak aktibatzen ari dira eta hor tentuz ibili behar dugu, eta erantzuteko prest egon. Ezin daiteke Amaia Urizarri egindako tortura basati eta bortxaketa erantzunik gabe gelditu, edo ateratzekotan dauden presoen kontrako neurri berrien aurrean beste aldera begiratu. Asko dago lan egiteko eta denok gara beharrezkoak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak