Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko abuztuek 1,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Otsaila »  Parte zaharraren partea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hirigintza

Parte zaharraren partea

Ihintza Agirretxe

Herriko parte zaharra berritzeko asmoak badira, baina “gabeziek” hor segitzen dute oraindik. Zein dira?

Enparan kalea. 
Alberga. 
Gasolindegi txikia; gaur egun itxita dago. 

Herritarren artean behin baino gehiagotan entzuten da herriko parte zaharrari buruzko kexaren bat edo beste. Kaleetan dauden gabezien kontua ez da berria bertako bizilagunen artean. Baina zein dira benetako gabezia horiek? Zein dira benetako kexak? Zer falta da parte zaharrean? Bertakoak etorri dira Uztarriaren egoitzara gauza horiek kontatzera.

Zer da parte zaharra?. “Parte zaharra ez dute Erdi kaleak, Eliz kaleak, Enparan kaleak, Pilotalekuak eta herriko Plazak bakarrik osatzen”, diote, ezer azaltzen hasi aurretik, Jexux Otamendi, Jon Aurrekoetxea eta Juan Jose Odriozola parte zaharreko bizilagunek. “Guk, Aranetik Madalenarainoko eremua hartzen dugu parte zahartzat, eta hori dena hartzen duen plan integral bat behar dela uste dugu”.

Erakargarritasun eza. Bai bizilagunak, bai merkatariak ados daude parte zaharrak momentuan “erakargarritasunik ez” duela esatean. “Parte zaharraren gabeziarik handiena erakargarritasunik eza da. Jendea ez du erakartzen dagoeneko erdiguneak, eta gero eta jende gutxiago etortzen da hona, kalera”, diote.

Azoka hiltzear. Garai batean astearteko azoka “Azpeitiko ekonomiaren motoreetakoa” izan zen. Gaur egun, “indarra galtzen ari da”, eta horretaz ere ohartu dira parte zaharreko bizilagunak eta merkatariak. “Azoka beti izan da garrantzitsua Azpeitian, eta orain galtzen ari da. Ordizia bezalako herrietan azoka oraindik oso garrantzitsua da, eta herriko motore garrantzitsu izaten jarraitzen du, gainera. Guk uste dugu Azpeitian ere lor daitekeela horrelako zerbait”.

Aparkalekuak. Betiko kontua da aparkalekuaren gaia, baina ez du erremedio erraza arazo horrek. “Bizilagunok, aparkatzeko arazoa dela-eta, aspaldi eskatu genuen TAOko pegatinak izatea”, dio Aurrekoetxeak. “Guri denda aurrean aparkatzen dizkigute kotxeak, eta dendako sarrera eta denda bera ikustea oztopatzen dute”, esaten dute Alde Zaharreko Merkatarien Elkartekoek.

Planifikazioa. “Parte zaharrean etxebizitza zahar asko dago eta ez dira berritzen. Egiten dena, etxe zaharrak bota eta berriak egitea da. Herri ikuspegirik eta planifikaziorik gabe. Erdigunetik kanpo egiten duten urbanizazio bakoitzean, umeentzako parkea egiten dute. Parte zaharrean, ordea, ez da horrelako ezer egiten”.

Kotxeak eta kalea. “Gaur egun parte zaharrean dagoen umeentzako parke bakarra Pilotalekuan dago, eta kasualitatea da, baina arratsaldeetan kotxeak kale horretatik soilik pasa daitezke”, diote. “Kaleak itxi behar badira, itxi ditzatela koherentziz”.

**‘Bonba’ herrian**. Herrian bertan gasolindegi txikia dago, eta bizilagunen ustez, “bonba txiki bat da” hori. “Egunen batean zerbait gertatzen bada, inguruan egundokoa pasa daiteke. Neurriak hartu behar dira”.

Telefonia antena. Gasolindegi txikitik gertu, Telefonicako eraikinaren gainean edozeinek ikusteko moduan antena handi bat dago, eta horrek ere “segurtasun falta” ematen diotela diote. “Jarri zutenean, Udalak berak ere esan zuen hori oso arriskutsua dela eta kendu beharra zegoela, baina hemen segitzen du oraindik”.

Jasangarritasuna. Gizarte politikek ere garrantzia dute. “Parte zaharra zahartuta dago, eta bertako biztanleria ere gero eta zaharragoa da. Hirugarren adineko jende asko bizi da. Nahiz eta etxean denbora gutxi pasatu, ura, elektrizitatea eta horrelako gastuen gutxieneko bat ordaintzera derrigortuta daude, erdia gastatu arren”, diote. “Udaletxera joanez gero, lor daiteke gastatutakoa soilik ordaintzea, baina pertsonen duintasuna ere kontuan hartu behar da, eta hori hirugarren adineko guztiei aplikatu beharreko araua da”. Ingurumen politika ere “zaindu beharrekoa da”, eta parte zaharrean zakarrontzi eta erreziklatzeko kontenedoreen gabezia ere ba omen dago.

Herriko altxorrak. Garrantzitsua da kultura, “eta Azpeitian ez dago kultura ekintzako lekurik. Lehen Antxieta zegoen, orain hori ere itxi dute, eta ez dago ezer. Guk Basazabal, Antxieta bera, alberga... irekitzea eskatzen dugu. Herriko altxor eta ondare dira, eta herritarrentzat irekita egon beharko lukete”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak