Zer dio?
Azpeitiko ESAITen lana
Aitor Arrizabalaga (Azpeitiko ESAIT taldeko kidea)
Gabonak iritsi orduko zabaldu ohi da Euskal Herrian euskal selekzioaren aldeko oihartzuna. Arrazoia zer izango eta urtero Euskadi futbol selekzioak jokatu ohi duen partida, zerbait esateagatik. Epaileak amaierako txistua jo orduko eramaten du haizeak oihartzuna, Katalunia aldera nonbait.
Euskaldunok beti izan dugu zer ikasia kataluniarrengandik hizkuntza maitatu eta erabiltzerako orduan, eta orain berriro beste lekzio bat eman digute. ‘Zergatik?’, galdetuko du batek. Erantzuna erraza da: Kataluniako federazioek benetako konpromisoa erakutsi dute euren selekzioaren alde, espainiarrei aurre hartuz mundu mailako hockey federazioan, nahiz eta ondoren espainiarrek beraien trikimailu guztiak erabili dituzten hori horrela gerta ez zedin.
Bien bitartean Euskadiko Futbol Federazioetako arduradun eta politikari asko lasai gelditzen dira
urteroko festa antolatuta, aldi berean eskuak garbituz, bai baitakite urte osoan eskuak zikintzen dituztela Espainiako federazioetako arduradunei ipurdia garbituta edo beraiek arduradun izanda.
ESAITek benetako apustua hartu du eskuartean, benetako euskal federazioa sortzearena alegia, horretarako federazio desberdinekin bildu eta konpromisoa eskatuz. ESAITek lan hori Euskal Herri mailan emango du, lan instituzionala da.
Baina lan instituzionalak ez du zentzurik aldarrikapenak oihartzunik ez badu, denok baitakigu lan instituzionalak nola joaten diren herrian bultzadarik ez badu. Hori ikusita, Azpeitiko ESAIT sortu dugu, eta helburu nagusia herritarrak selekzioa posible dela konbentzitzea eta selekzio propio bat lortzea da.
Hori lortu nahian ekintza desberdinak antolatu ditugu eta joango gara azaltzen, dagokigunean.
|