Hau
Zertaz?
Aitor Aranguren
Danborrada igaro zain egon naiz sansebastianez hitz egiteko baina beldurtu egin naiz. Mamia bazegoen, bai; aurtengo koordinazio falta, talde batzuen desmadrea, gero eta musika pieza berri gehiago, batzuek politika eta festa nahasteko duten obsesioa... Nahiz eta aipatutako bakoitzarekin lerro mordoska bete daitekeen, idatzitakoa batak eta besteek nola hartuko dutenaren beldur ‘akojonatu’ egin naiz. Beti bezala testua bidaltzeko berandu nenbilen eta ordenagailuaren aurrean galderak eginez aurkitu naiz. Zertaz idatzi inor ukitu eta molestatu gabe? Idatzi al daiteke zerbait inork bere burua aipatutzat jo gabe?
Idazteko materiala egon badago, euskararen alorrean adibidez. Udalak eta euskalgintzak azkenaldian izan dituzten ika-mikak, edo Uztarriaren web orria eta anonimotasuna, edota bestela, Azpeitia euskalduna bai baina euskaltzalea? Baina ez naiz ausartu.
Zertaz idatzi orduan? Gizarte honen hipokrisiaz (hondakinak, garraioa, kontsumoa, azpiegiturak...) edo Arau Ordezkatzaileak berridazten ari direla eta Azpeitiaz, edota gure ibai eta ibaiertzen egoeraz, azpeitiarrok parte-hartzaileak al gara? Motorrak eta zarata, Ezkerretegiko larunbateroko eskandaluaz edo agian, autogestionaturiko gaztetxeaz, edo udal politikaz, edo omenaldirik jaso ez duten azpeitiarrez.
Pentsakor nengoela lagun bat eta bere gaixotasun larria etorri zaizkit burura, eta jendez inguratuta edo koadrilakoekin ere bakardadea senti daitekeela gogoratu dut. Adiskidetasunaz eta ‘lagun’ hitzak duen esanahi sakonaz lerro batzuk idazten ere hasi naiz. Eta penatu egin naiz.
Martin Ugaldek honela zioen: “Gizon askea naiz, askatasuna nahi dut naizena izateko eta idatzi behar dudana idazteko. Gizonak askatasuna galtzen badu, gizon hori galdua da”. Ba horixe.
|