Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Otsaila »  Iritzia »  Atzera edo aurrera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Atzera edo aurrera

Koldo Aldalur

Nire lagun bardoak dioen bezala, etorriak lanean harrapa gaitzala. Hasi berria da Euskal Herriko goma gaineko sokatira Txapelketa. Munduko Txapelketa bi urtetik behin jokatu ohi da eta aurten ez da tokatzen. Hala ere, ia bazter guztietatik etorritako taldeak plazaratuko dira martxoaren 19an, finalak jokatu arte. Horretan ere berezia da definizioz berezia den kirol hau: atzera gehien egiten duen taldeak irabazten du. Bizkaikoak: Abadiņo, Altamira, Gatika eta Gaztedi. Arabakoak: Badaiotz, Arrizkozubi eta Koartangoko Arana. Nafarroakoa: Sakana. Lapurdikoak: Ņapurrak eta Baionako Indarka. Gipuzkoakoak: Oiartzungo Girizia eta Auzolan. Eta Baxenabarrakoa: Jutsi-Baigorri.

Azken orduan talderik osatzerik izan ez dutenak, berriz, Beti Gazte, Berriozar eta Torrekolanda. Koadrila ederra, beraz, dirurik ez baina ohorea gainezka duen kirolean. Lehen saioa Mungiako (Bizkaia) pilotalekuan jokatu zen eta airean hamaika komentario ibili zen. Sakanako neskak bertan egon izana, zalantzarik gabe, albiste pozgarria da. Japonian 2001ean geure selekzioak behar ditugula azaldu ondoren, Nazioarteko Sokatira Federazioaren erantzuna etorri zen, eta ondorioz, gaizki samar egotetik seko jota egotera pasatu den herria garen aldarrikapena.

Hiru urte. Hiru urte luze igaro dira eta Sakanakoak sokan ikustea garai berrien seinale da. Eztabaidak, epaileak txistua jotakoan. Elkarrizketak, dutxa beroa hartu ostean.

Kontua da, gaur egungo egoera negargarria alda daitekeela, irailean Italian Europako lur gaineko txapelketa hasi baino lehen. Baten batek gogoratzen ez badu ere, esan, orain euskal taldeek Espainiako izen eta banderapean hartzen dutela parte nazioarteko lehiaketetan. Badakizue txunda, txunda, piperpotoa, eta abar. Bakarren batzuek, iraina mingarriegia delako edo, hortik ez pasatzea erabaki zuten, arerioen pozerako eta lagunen penarako.

Hona heltzeko esanguratsua da Nazioarteko Sokatira Federazioaren (TWIF) agintarien jarrera. Coren buru dutela, erabateko paper politikoa jokatu ohi du Nazioarteko Federazioak. Espainia dela bere ordezkaria izendatu behar duena eta geure arteko arazoak konpondutakoan azaltzeko zerbait eskatzera. Betikoa, xinplixmora jo erroari ez begiratzeko.

Euskal sokatira federazioa. Talante berriaren itzalpean, ordea, Madrilen kirol agintariak konturatu dira Espainiako Sokatira Federaziorik ez dela eta, ondorioz, Euskadikoek behar dutela txapelketetan. Beno, beraiek konturatu baino gehiago, belarri ertzera errepikatu behar izan diete Eusko Jaurlaritzatik denok genekiena uler zezaten. Lehenago mila aldiz entzuna ez balute bezala!

Eta balizko egoera horretan kokatzen dira lehen aipatu ditudan airean zebiltzan galderak. TWIF-eko ordezkariak, Espainiako Kirol Batzorde Goreneko jauntxoa nahiz dagokion ministerioko atsoa Jaurlaritzako arduradunekin bilduko balira, zertaz negoziatuko (barkatu, ‘hitz egingo’) lukete? Ikurrina, bai ala ez? Zein ereserki? Nafarrak barruan diren ala ez? Iparraldeko lagunak frantsesak ote diren?

Sokaren alde beretik tiraka. Ba-tzuek esango dute, tiraldiak kolpeka hasiz gero, frontean denak lehen kolpea geratzea duela lanik edo egitekorik zailena. Beste hainbatek, berriz, goxo-goxo hastea hobe dela, presioan, indartsu bukatzeko. Barre egingo digutela pentsatuko duenik ere ez da faltako. Irabazteko atzera egin behar den kirol honetan, aurrera egiteko garaia heldu zaigu (Nuarben ederki dakite hori).

Horretarako, baina, tiratzaileek eta politikariek sokaren alde berean jarri beharra dute. Eseri eta jarrera bat hartu. Akordioa maitatu, bilatu. Bakoitzaren interesak neurtu, ahal den neurrian, interes orokorra topatu arte. Eta elkarri eskua eman arte mahaitik jaiki ez.

Unea interesgarria da, sokatiraren kasua bide luzearen lehen urratsa izan daitekeelako. Hemen badakigu. Madrilen ere bai.

Nire lagun bardoak dioen bezala, etorriak lanean harrapa gaitzala.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak