|
|
|
Enbido
Inauteri on!
Alaitz Olaizola
Inauteri on! Igaroak badaude, listo; etortzear badaude, ondo pasatu. Gero eta gehiago dira herrian mozorrotzeko eguna iritsi eta kanpora dozenak. Izan ere, ezer gutxi geratzen zaie inauteriei eta gutxi batzuk dira mozorrotzeaz disfrutatzen dutenak. Umeak izango dira gogorik handien jarriko dutenak. Umea dagoen tokian bezalako festa girorik ez baitago inon. Eskerrak hauei! Zenbat santu eta festa, eta zer ilusio gutxi.
Sansebastianak ditut gogoan hori esatean. Ale hau argitaratzen denerako, iraganeko kontu bat emango badu ere, ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Sansebastian bezperan, gaueko hamarrak eta laurdenean zintzo, Egaņaneko aurrean geure lekutxoa hartua geneukan (eta guk bezala beste jende askok), bozgorailuek ditxosozko danborradaren atzerapenaren berri eman zutenean. Hauxe etorri zitzaidan burura: suertea da gero nirea, herriko aldizkarian lekutxo bat izatea, gertaera zehatz baten inguruan nire iritzia askatasunean eman ahal izateko. Aukera horretaz baliatuko naiz gaurkoan ere, inpresioen kronika egiteko. Inpresioena diot eta ez gertatuarena. Inpresioa, nirea eta inguruan izan nituenena baino ez. Hori horrela, badakit honen inguruan iritzi desberdinak egon direla; beraz, denek ez dutela bat egingo nire inpresioekin. Are eta gehiago esango dut: komentariorik ere ez zuela merezi pentsatu izan dut. Baina Uztarriaren webgunean ibili eta gero, eta iritzi batzuk badaudela ikusita, nirea emateko aukera izanda, zergatik geratu isilik? (Pena bakarra daukat: duela urtebete ere sansebastianak nituela hizpide)
Kontuak kontu, bozgorailuetatik atzerapenaren berri eman ostean, txistu hotsak entzun ziren inguruan. Kexuka ari ziren. Eliz kalera joan ginen berehala, tokia hartu ahal izateko danbor-joleak plazarako bidea egiten zutenerako. Ordubete inguru egin genuen danbor-joleen paseoa ikusi ahal izateko. Bidean, udaletxe parean, bi pertsona udaletxeko atean zirela ikusita, hurbildu egin nintzen eta nire iritzi apala eman nien. Ezin nuela Udalak eta taldeen ordezkariek hartu zuten erabakia ulertu, ikusita danborrada hasteko orduan ateri zegoela, jende mordoa geundela zain huraxe ikusteko eta ea nork ziurtatzen zuen, gero ez zela euririk izango.
Erabaki ona? Erabaki hori hartu bazuten, arrazoiak izango zituzten. Ez dut inongo dudarik egiten, erabakia hartzea ez zela erraza izango, baina nire ustez, erabaki txarra izan zen. Eta zer? Ezer ez. Beti ezin dela erabaki zuzena eta guztion gustukoa hartu. Baina asmatzen denean bezala, asmatzen ez denean onartzea baino ez da geratzen. Hara, danbor-joleak, jo zuten denboran adina bustiko ziren behar zuten orduan hasi izan balira. Edo ez? Webean batek esaten du, arrazoiz, jakinda urtarrilean normala dela euria egitea eta nola ez dagoen bigarren aukeraren bat aurreikusia. Niretzat, hiru aukera zeuden: euriarekin ere behar zen orduan hasi eta ibilbide osoa egitea; bertan behera uztea datorren urtea arte; edota ordu batzuk
lehenago denak jakinaren gainean uztea danborrada atzeratu egingo zela eta ibilbidea ere motzagoa izango zela. Ikuslea baino ez nintzen. Ez nengoen erabaki hori hartu zuten bileran. Baina ikustera atera nintzen, beste asko bezala. Eszenategira igotzen garenok, badakigu garrantzitsuak direla ikusleak, zenbat eta gehiago, hobe.
Euriaren beldur? 400 ume harro aritu ziren hurrengo egunean benetako zaparraden azpian danborrak astintzen! Ibilbide osoa egin nuen talde baten ondoan eta kexu bat bera ere ez nuen entzun. Zaparrada galantaren azpian, globoak puzten ari ziren sukaldari txapelak zapuztu ez zitezen. Ilusioa zeukaten, ordea; benetako ilusioa. Ederra da gero umearen ilusioa. Helduak ginen zerura begira ahokadak botatzen genituenak. Umeak, ordea, hasi eta bukatu. Bertan behera utzi behar al zen? Ez nago oso seguru. Baina gauza batez oso seguru nago: danbor-jole trebeak eginak daudela, eta ni neu asko pozten naiz egin izanaz.
Ondo datoz horrelakoak, bai. Aurrekaririk gabe, ez dugu jakiten zer egin. Orain, badaukagu bat.
|