|
|
|
Burutik beherakoa
Nahi gabe bezala
Jose Luis Otamendi
Kinka gaizto samarrek maiz eragiten dizute atximurka barrenean. Bazoaz saltoki edo taberna batera, errepidean zabiltza, sartu zara eraikin publiko batean eta hor ageri dira. Ikusezinak dira. Garbiketan ari dira, salmentan, zerbitzatzen, gidari lanetan, norbait zaintzen. Zeurekiko egiten duzu, ikusiko zenukeela zulo txiki batetik nola bizi den jende hori... tartetxo batez bakarrik (badaezpada!). Burutik pasatu zaizu agian ez dela oso lan kondizio onetan egongo. Hori, ordea, ez dela zure arazoa, berea baizik, eta hain berea ezik. Kontratatu duen zerria irudikatzen duzu gantza jario.
Eta askotanzerri hori bera ere, aldi berean kontratatua daukala saltoki horrek, delako erakunde publikoak edo beste edozeinek. Ohikoa da lanean oso gaizki egotea erakundeentzako ari diren enpresetakoak. Hamaika jantxakur gizentzeko erreparorik ez dugu izaten; aldiz, beste gastu batzuen kudeaketa zorrotza eskatzen dugu, nahiz legearen mugan ibili azpikontratak eta ABLEak (ETT) hartzeko orduan. Udalak, Jaurlaritzak, kapital publikoko enpresak izaten dira asko. Guk zerbitzu ona nahi dugu, hortik aurrera hor konpon. Langile gaizki pagatu horien problema eurena da funtsean. Gainera, ia-ia ikusezinak ez dira ba! Baina enpresa horiek kontratatzen dituztenak guk aukeratuak dira sarri, edo gure izenean (zorioneko herria) ari dira gestioa burutzen. Edo gure diruarekin hazten. Beraz, izan dezakegu geure partetxoa. Eta akordatzerako zerri mutur bat daukazu ispiluan begira-begira.
|