Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urtarrilla »  Jakiteko

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jakiteko : Urteak azkar pasatzen direla eta, aurten 25. aldiz irtengo dute Sansebastianetan Barratsuk eta Amnistiak; Amaiak utzi egin dio irteteari

25. aldia danborra jotzen

Ihintza Agirretxe

Amaia
Amaia.  Amnistia taldea, Amaia Garmendia zuzendaria aurre-aurrean dela.  (Uztarria)

Laster dira sansebastianak eta helduen danborradarekin emango zaio, urtero bezala, festei hasiera. Aurtengoan Amnistia eta Barratsu taldeek 25. aldia izango dure bertan.

Urrun daude hasierako garai haiek, baina ez dituzte ahaztuak Amaia Garmendiak eta Juan Joxe Arakistainek, Amnistia eta Barratsuko taldekoek hurrenez hurren.

Amaia 22 urtean irten da danborradan zuzendari. “Ez naiz ongi gogoratzen zenbat urtean irten dudan, baina 22 urte inguru izango dira, bai”. Baina bukatu da hori, aurten ez du-eta irtengo. “Gazteei lekua utzi behar zaie, eta nik aurten danborradan ez irtetea erabaki dut”, dio Amnistiaren zuzendaria izan denak.

“Hasierako urte batean preso bezala jantzi ginen, buzo txuri-beltz horietakoekin, eta polemika sortu zen jantziak zirela eta”, gogoratzen du. “Lehen urteetan, nik uste, ez genuela Anmistiako talde bezala irteten. Bandera ere lau lelo ezberdinekin ateratzen genuen. Gero hasi ginen ikurrina eta amnistiako ikurra daukan bandera ateratzen”, dio.

Zirrara eta sentimenduak pizten omen ditu danborradak. “Bezperan, urtero egin izan dut negar 00:00etan plazan, beti emozionatu izan naiz”, esaten du du Amaia Garmendiak. Baina aurten Azpeitian behintzat, ez da emozionatuko; izan ere Donostiara joango da egun horretan. “Agian, aldatze aldera da, baina uste dut hemen geldituta ere ez nukeela irtengo, penagatik edo”.

Egunez, lehen aldiz. Juan Joxe Arakistain Pino, Barratsu taldeko zuzendaria da, hasiera-hasieratik. Eta ondo gogoan du lehen urte hura: “Sansebastian egunean, bandera jaitsieran irten genuen guk, baita Amnistiakoek ere lehen aldiz. Ez genuen bezperan irten, egunean baizik”, dio azkar Pinok.

Barratsuren sorrera ere oso gogoan du. “Gure lagun koadrila Etxe-Zuri tabernan egoten ginen, eta hortik sortu zen danborradan irteteko ideia”.

Urte hauetan denetan eman dieten laguntzagatik ba omen du zeini eskertu ere: “Urte hauetan laguntza eman diguten Frantziskanetako monjak eskertu nahi genituzke. Izan ere, urtero, bai bandera eta baita kantineren jantziak ere bertan gordetzen dizkigute, eta urtarrilean beti prest izaten dituzte, txukun-txukun. Bereziartua ileapaindegikoak ere eskertu egin nahi ditugu, bandera euren balkoian jartzen utzi izan digutelako beti. Itsasikoei ere eskerrak; izan ere, aurten bandak egin digun kanta berria entseatzeko lokala utzi digula Itsasik”, esan du Pinok.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak