Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urtarrilla »  Mamia »  Gerra testigantzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Paulina Bidasoro / gerra gertutik bizitakoa

Paulina Bidasolo: "Azpeitian, parroki ondoan hil zuten bonbek aita"

Ihintza Agirretxe

Ez da erraza izan Paulinaren bizia. 23 urte zituela utzi zuen herria, Espainiako gerrari alde egin nahian. Ondoren urte asko pasatu zituen alde batetik bestera; Elorrio (Bizkaia), Espainian Santander eta Kanariar Irlak, eta Paris izan ditu bizi toki. Mila komeri pasatu ditu, eta batzuk kontatu dizkio Uztarriari.

Paulina Bidasoro, Azpeitian, alberga ondoan, umetako etxea izan zuenetik gertu.  (Ihintza Agirretxe)
Paulinak gitarra jotzea gogoko zuen gaztetan. Bera da txikiena. 
Gaztetan ere dotorea zen. 
Paulina —erdian—, Donostian. 

Azpeitian jaiotakoa al zara?

Ez, ni ez naiz Azpeitian jaiotakoa, baina bai hemen hazitakoa. Ni ume inklusa bat nintzen: jaio eta Fraisoron utzi ninduten. Garai hartan ezkongabeek izandako haurrak, edo familian nahi ez ziren haurrak Fraisoron eta beste hainbat lekutan laga ohi ziren. Ni Azpeitiko familia batek hartu ninduen eta hemen hazitakoa naiz. Azpeitian, ama, aita, bi anaia eta ahizparekin batera hasi nintzen.

Noiz etorri zinen Azpeitira?

Urtebete-bi urterekin. Lehen ez zen orain bezala adopzio kontua. Amei zerbait ordaintzen zitzaien haurra uzteagatik eta haurrak umezurtz etxeetan lagatzen zituzten. Orduan ez zen dirurik, eta haurrak utzi egiten ziren.

Nolakoa izan zen haurtzaroa?

Albergatze etxean bizi izana naiz gerra hasi arte. Diru gutxi zegoen orduan, eta txiki-txikitatik hasi behar izan nuen lanean. 11 urte inguru nituela hasiko nintzen lanean, ume zain. Eta ordutik gerra hasi zen arte, alde batean eta bestean lanean aritu nintzen.

23 urte zenituela hasi zen gerra zibila. Nola gogoratzen duzu gudaren hasiera?

Bi anaiek gerrara alde egin zuten, fronte ezberdinera; bat frankistetara, eta bestea nazionalistetara. Nik ere herritik alde egin nuen.

Nora alde egin zenuen?

Herrian koadrila bat elkartu eta Elorrrioko baserri batera joan ginen. Egonaldia gogorra izan zen. Handik Durango-eta nola bonbardatzen zituzten ikusten genuen (Gernikan ere ari ziren). Jendea elizara joaten zen beldurtuta, eta bonbak elizara botatzen zituzten. Jende asko hil zuten. Nire anaia bat han zen borrokan eta tarteka etortzen zitzaigun baserrira. Azkenean hil zuten...

Zer izan zen gogorrena?

Hegazkinen zarata etengabea zen, alde batera eta bestera ibiltzen ziren, eta zarata entzuten genuen bakoitzean, beldurrez zelaira joaten ginen, etxea bonbardatuko zuten beldurrez. Han dena bonbardatzen zuten, eta alde egin beharra izan genuen.

Nora joan zinen ihesi handik?

Elorriotik alde egin genuenean ez genuen nora joanik, eta eskola handi batera eraman gintuzten. Han janaria-eta ematen zizkiguten. Jende ugari bildu ginen.

Eta gero?

Eskola horretara, famili onetarako neskame edo ume zain bila joaten zen, eta ni horrelaxe Santanderrera joan nintzen mediku baten etxera ume zain. Orduan, Elorrion geunden guztiok norabide ezberdina hartu genuen. Santanderren gerra bukatu arte egon nintzen.

Anaia bat gerran hil zitzaizula diozu, baina ez zen familiko hildako bakarra izan.

Ez, aita ere bonbek hil zuten. Azpeitian parroki ondoan hil zuten. Parrokira bota nahi zituzten bonbak, baina parroki atzera erori ziren, eta bertan hil ziren parean tokatu zirenak. Orduan ni Elorrion nengoen, eta hemendik ihesi zihoan jendeak esanda jakin genuen aita hil zutela.

Herrira orduan...

Anaia behean (Durangon) zegoen borrokan, eta biok elkartu eta Azpeitian zeuden ahizpa eta ama hara eraman behar genituela pentsatu genuen. Orduan anaiaren buzoa jantzita etorri nintzen herrira. Herrian prakak jantzi zituen lehen emakumea nintzen; izugarrizko eskandalua izan zen. Garai hartan emakumeek ez zituzten prakak erabiltzen eta denak lotsatuta gelditzen ziren ni ikusten nindutenean. Jendea oraindik ere gogoratzen da ni prakekin agertu nintzen lehen egun hartaz. Ondoren ahizpa eta amarekin, Elorriora bueltatu ginen.

Eta gerra bukatzean, etxera...

Gerra bukatutakoan itzuli nintzen berriro herrira. Egoera gerra hasi zenekoaren oso bestelakoa zen. Aita hilda, baita anaia bat ere, eta beste anaia kartzelan.

Zer egin zenuen orduan?

Ni gerra bukatu zenean hona itzuli nintzen, baina hemen ez zegoen lanik. Mutil-laguna topatu, eta Kanariar Irletara joan nintzen. Mutila oriotarra zen, barkoko patroia, eta Kanarietara joan beharra izan zuen. Han ezkondu ginen. Hiru urte pasatu nituen; nire lehen haurra bertan izan nuen.

Zer dela-eta itzuli zineten?

Hiru urte pasatu ondoren pisu bat topatu genuen Donostian eta bertara etortzea erabaki genuen. Etxea alokairuan hartu genuen, eta nire gustura apaindu nuen. Garai hartan altzairuak-eta zatika ordaintzen ziren, etxera etortzen ziren kobraketak egitera. Etxepeko atezainak nire gizonari beste bi gizonekin nenbilela esan zion. Baina bi gizon haiek altzairuak kobratzera etortzen zirenak ziren. Nire gizonak, ordea, beste emakume bat topatu, etxetik bidali ninduen eta, gainera, haurrak kendu zizkidan. Kalean, ezer gabe utzi ninduten. Umeak nire albotik kendu zizkidaten. Ondoren Parisera joan nintzen, eta hura izan zen nire salbazioa.

Nolatan Pariseraino?

Andre bat zaintzen ari nintzen, eta hura hil zenean agentzi batean eman nuen izena. Han, umeak zaintzeko-eta lana topatzen zuten. Eta horrelaxe Borboiko Siziliaren umeak zaintzera joan nintzen Parisera. Denbora gutxian egon nintzen etxe hartan; izan ere, umeekin lan egiten gaixotzen hasi nintzen.

Zenbat denbora egin zenuen?

Hamalau urte Parisen, bakar-bakarrik. Ni beti ibili izan naiz batera eta bestera bakarrik. Kanariar Irletara ere bakarrik joan ohi nintzen, eta orduan ez zegoen abiorik. Paristik nire anaia gaixotu zelako itzuli nintzen herrira.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak