Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urtarrilla »  Mamia »  Mamia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Antonio Loinaz / Gudari ohia

Gerra galdutakooi lanik ez ziguten ematen orduan”

Miel Anjel Elustondo

Antonio Loinaz, Gasteizen. Han bizi da 1973tik.  (Zaldiero)
Loiolako batalloia
Loiolako batalloia.  Argazkian, Loiolako batalloiko kide asko. Goitik hasita, ezkerretik eskubira. Juan Beobide, Joxe Sarasua, Frantzisko Aizpitarte, Antonio Loinaz bera, Frantzisko Arrue, Joxe Maria Elias, Roke Azkue, Kandido Mitxelena, Joxe Maria Otaño, Etxeberri baserrikoa, Klemente Arrue, Iñaki Arrue, Martxelo Etxaniz, Eusebio Azpillaga, Fidel Zubiaurre, Akilino Eizagirre. Hiru ez beste denak Loiola batalloikoak dira. Argazkia, Zelaitxon, 1952ko azaroan.   (Antonio Loinaz-ek utzitako argazkia)
Legution (Araba), Espainiako gerra garaian, 1936ko azaroan. Ezkerretik eskuinera, Patxi Aizpitarte azpeitiarra, Azkona donostiarra, Juansansoro aiarra, eta Antonio Loinaz azpeitiarra.   (Antonio Loinaz-ek utzitako argazkia)

Laurogeita zortzi urte ditu eta Gasteizen bizi da 1974az geroztik. Ondoan izan ditu beti andrea eta seme-alabak. Nire oroitzapenak izeneko liburua idatzi du, oroimen ariketa zehatza. “Liburu hori etxerako bakarrik egin dut”, dio, hala ere; familiak etxeko historia jakin dezan, alegia. Baina familiak ez ezik, auzoak eta herriak ere jakin beharko luke Antonio Loinazen historia. Berak idatzi dituenak garai bateko Azpeitia, eta Euskal Herria, erakusten dizkigute. Historia baten azken lekukoa da Antonio. 88 urte ditu...

Has gaitezen txikitako kontuetatik. Zein dituzu lehenengo-lehenengo oroitzapenak?

Akordatzen naiz bi urte nituela Zumaiara joan ginela bizitzera. Ordurako bi anai-arreba zaharragoak nituen: Joxe eta Pakita. Pasatu zen, gure aita Zumaiara joan zela lanera, itsasontzi bat egitera. Eta egin zuen. Ramuntxo zuen izena barkoak, 50 tonako pisua zuen. Bota zuten uretara eta primeran nabigatzen zuen. Zumaian geundela jaio zen gure anaia Inaxio.

Zure oroitzapenetan, zuen aitak beste itsasontzi bat ere egin zuela diozu...

Bai, Zumaiakoa ondo atera zen, eta beste barku bat egiteko esan zioten orduan, Zarautzen, San Pelaion. Egin zuen, baina haitzetan geratu zen, katigatuta, ez aurrera eta ez atzera. Zarauztik Medina de Pomar-era joan ginen, Burgosera (Espainia), pedaletako armonioak egitera. Han geundela jaio zen Carmen, arreba. Medinan geundela monjatara joaten ginen eskolara. Ibaian karramarro mordoa zegoen, eta gu haiek harrapaketan ibiltzen ginen. Atera kontuak! Hainbeste harrapatzen genituen, haien buztanak jaten genituela, tortillan. Nik orduan zazpi urte nituen. Lau bat urte egin genituen Medina de Pomarren. Gero, atzera Azpeitira joan ginen, 1924an.

Eta zer berri orduko Azpeitian?

Ni, artean, mutil koskorra nintzen, eta eskolara. Eskola publikora. Don Timoteo Gomez genuen maisua, eta haren laguntzailea, Don Carlos Mendiola. Gaiztoa zen hau! Gerrikoa hartu eta zarta! jotzen gintuen. Eta gero, goxokiak ematen zizkigun, “etxean ez esan, eh!”, esanez. Akordatzen naiz Urolako trena inauguratu zuten egunean estaziora joan ginela eskolako umeak, Don Timoteoren atzetik. 1926ko otsailaren 22an izan zen hori, Alfontso XIII.a (Espainiako) erregea etorri zen eta gauza handia izan zen Azpeitiarentzat. Gu, eskolako umeak, denak Espainiako banderatxoarekin eskuan, bandera astintzen! Hamar urte ez nituen nik artean. Gero, bi urte egin nituen herriko maristetan eta 13 urte bete nituenean lanean hasi nintzen, tailagile. Ordurako zortzi anai-arreba ginen, eta nahiko lan bazen gure etxean! Beharko lanean hasi! Zeozer egin beharra zegoen!

Non hasi zinen lanean?

Gregorio Segurola Potxolo-ren fabrikan. Zilarrezko pezeta bat irabazten nuen egunean. Ni lanean hasi eta, handik laster, erre egin zen fabrika. Nonbait, su eman zioten. Andre batek eman omen zion su. Fabrika ez zebilen ondo eta, itxura denez, partea zeukan han andre hark. Goizeko ordu txikietan edo, serenoak esan zuen andre bat ikusi zuela fabrika alde hartatik irteten, eta eskerrak! Bestela langileei emango zieten kulpa. Gero, lehengo fabrika hartako bi bazkidek beste lantegi bat jaso zuten Miserikordia aurrean. Eta haiekin hasi nintzen. Ni, beti, tailagile. Baina fabrika horrek ere ez zuen askorik iraun eta Rafael Nazabali alokatu zioten, alpretak egiteko. Horrek ere ez zuen askorik iraun. 1931n, Agirrenean hasi nintzen.

Aguirre Hnos. zuen idatzita etxe horrek gu artean gazte ginela...

Bai, hantxe, zezen-plazatik gora, Apatein-eko etxea eta gero, Aguirre Hnos. Halaxe zuen izena fabrikak ere. Ebanista ikasten hasi nintzen. Nagusiak gogorrak ziren, baina lanean ikasten zen, behintzat. Era guztietako altzariak egin nituen: aulkiak, mahai txikiak, mahai automatikoak... Neguan egundoko hotza pasatzen genuen lanean. Hotz handia, eta soldata txikia: zazpi pezeta irabazten nituen egunean 1936. urtean, gerra irten zenean. Agirrenean lanean ari nintzela, Primo de Rivera etorri zen Azpeitira, organeria ikustera. Organería Española zen fabrika. Eta Agirrenean lanean ari nintzela, beste behin, Azpeitiko parrokiko altare nagusia erre zen. Herri guztia joan zen hura ikustera. Eta ni ere bai, jakina. Hori goizean pasatu zen. Arratsaldean lanera joan nintzenean, hura errieta egin zidana fabrikako nagusiak, Ziriako Agirrek! Kontu asko fabrika hartan...

Kontu asko, eta zeure liburuan daude. Guk aurrera egingo dugu denboran, Antonio. Dena ezin ba hemen ipini... Huelgarena konta ezazu, faborez...

Huelgarena nahi al duzu kontatzea? Espainiako gerra hasi zen urtean, 1936an, hil hartan bertan, uztailean, altzarian lan egiten genuen denok huelga egin genuen. Soldata handiagoa eskatzen genuen. Lan handirik ez zegoen, astean hiru egunetan egiten genuen lan. Baina greba egin eta irabazi genuen: nik hiru pezeta eta 50 xentimo irabazten nituen –edo 14 erreal; orduan asko kontatzen genuen errealetan–, eta zazpi pezeta arte igo zidaten soldata. Kalean gora eta kalean behera ibiltzen ginen, taldean, lanik egin gabe, eta kantu bat kantatzen genuen, eskusoinuak lagunduta. Honela zen kantua: Besteren bidez jornalak jaso, poztutzen ditu diruak. / Nagusiak baino kulpa gehiago, langile enbusteruak. Soinua Zelestino Iturraldek jotzen zuen, Urrestillako Txandrame baserrikoak. Hura ere Agirrenean zebilen lanean, gurekin batera.

Hilabete hartan bertan lehertu zen gerra. Zure liburua irakurri eta gero bistan da gerra ez zela gozoa izan...

Bistan zegoen zeozerk pasatu behar zuela. Eta gerra! Fabrikak itxi egin ziren, eta jendea mobilizatu egin zuten. Azpeitian, Loiola hutsik zegoen, Errepublika garaian jesuita denak Espainiatik kanpora bidali zituzten eta. Hala ere, jesuita batzuk Azpeitian geratu ziren, ezkutatuta. Tira, hortaz, Loiolan egin zen lehenengo kuartela eta handik irteten zuen jendeak, batera eta bestera joateko. Donostiatik agintari batzuk etorri ziren, hura pixka bat zuzentzera. Eta, tartean, Saseta kapitaina; asko balio zuen Sasetak.

Nondik nora ibili zinen gerran?

Esan dizut batera eta bestera bidaltzen zutela jendea Loiolatik, eta ni, adibidez, Bidanian ibili nintzen, eta Beizaman, Zarautzen, Legution... leku askotan. Fusilak ibiltzen genituen, baina ez zegoen denontzako lain! Orduan, txanda egitera etortzen zirenei ematen genien fusila. Zarautzen nengoela, Zarateko bentan, Basarri bertsolariari fusila ematea tokatu zitzaidan. Beste behin, Paulino Uzkudun etorri zen Azpeitira, egundoko abiadan. Boxeoan Europako txapelduna zen ordurako eta denek ezagutzen zuten. Nonbait, atzetik zetozkion CNTkoak, akabatzeko asmotan. Azpeitiko gerra batzordekoek Uzkudun hartu eta udaletxeko teilatupean ezkutatu zuten. Eta onik libratu zen Uzkudun. Hurrena, ordea, batzorde hartakoak preso hartu zituztenean, Uzkudunek ez zuen errukirik izan, eta ez zien batere lagundu. Gerrako ibilerak luze kontatzen dituzu liburuan. Asko aipatuko nituzke nik. Mandiolatza-ren heriotza, Agirre lehendakariari ohore egin zenioten eguna, Gernika bonbardatu zuten eguna, gerrako preso eduki zintuzten denbora... Gerran preso hartu ninduten eta 1940 arte ez nintzen libre izan.

Militarrentzako lanak egiten eduki ninduten. ‘Batallones Disciplinarios de Trabajadores’ esaten zen orduan. Bi batalloi pasatu nituen: 76 eta 152 zenbakia zuten. 1940ko ekainaren 8an Azpeitira, etxera, ailegatu eta lan bila hasi nintzen lehengo tokian. Ez alferrik! Falangearen sindikatuak zerrendak eginda zeuzkan eta, lehenengo, gerra irabazitakoen aldekoak hartzen zituzten. Edozein lanetan, ordea! Behin, La Cepa tabernan nengoela, Erdi kalean, errekete bat etorri zitzaidan eta esan zidan: “Loinaz, segituan etxera!”. Nik esan nion zergatik joan behar ote nuen ba etxera, eta berak: “Esan diat etxera joateko, eta berriz ere ez diat esango”. Eta isildu egin behar, lagunak bertan laga eta etxera. Horixe zen orduko panorama! Eta astero-astero guardia zibilen kuartelera joan behar, aurkeztera, beldur galantarekin; deskuidoan zeozer ez bazenuen behar bezala erantzuten blastada ematen zizuten eta. Eta, gainera, gero, dekretu bat atera zuten: soldadutza egin gabeko denak Miranda de Ebroko kontzentrazio eremura joan behar genuela! Eta 1941ean, berriz preso joan behar Mirandara. Han kanpoko jendea ere eduki zuten: polakoak ere ikusi nituen nik han. Mirandan eta beste leku batzuetan eduki gintuzten, lehenengo preso eta gero beraientzat lanean. Eta 1943an, libre, atzera Azpeitira, argal eta gaixorik.

Pasadizo asko eta larriak. Baina organo egitea ere gauza handia izan da zure bizitzan, garrantzitsua...

Bai, liburuan ere esaten dut hori: “Apaltasunez, baina Karmelo Loinazek eta haren bi seme zaharrenek, Joxek eta Antoniok, Azpeitiko organeroen izena, Akilino Amezua jauna buru dela, goratzen lagundu dute”. Egia da. Gure aita organeroa izan zen, eta gure anaia Joxek ere lan horixe egin zuen. Gure aita Filipinetaraino joan zen organo egiten, eta Joxe ere bai. Joxe han ezkondu zen, eta haren andrea bertako Ongizate ministro izan zen! 1943an Azpeitira etorri nintzenean, lan egin nahi baina ezin ‘topatu’, gerra galdu genuenoi ez ziguten ematen eta! Gero, halako batean, Agirrenetik hotsegin zidaten lanerako. Lan egin bai, andregaia ere bai, baina ezkontzeko aurrerapenik ez eta Gasteizera etorri nintzen, koinatu batentzako lanean, konstrukzioan. Baina Gasteizen ere gauzak ondo ez, eta 1948an atzera Azpeitira joan nintzen. Ez nuen besterentzako lanean hasi nahi, eta aitarekin hasi nintzen, Nafarroan, herriz herri, tutu-organoak konpontzen: Ustarrotzen hasi nintzen, eta gero, Izaban, Lodosan, Uxuen, Iruñeko San Fermin parrokian eta San Nikolasen...; leku askotan. Ebanista nintzen lehenago, eta organo-konpontzaile, berriz, gero.

Liburuan diozu Vatikano II.az gero hondoa jo zuela zuek egiten zenuten estiloko organoak. Horregatik hasi zinen altzari egiten berriz ere...

Organo elektronikoak sartu ziren elizan, atzerrikoak –Japongoak eta Ameriketakoak– eta gitarrak ere bai koruan. Horrela, pedaldun armonioak pikutara joan ziren. Akabo eskaerak! Azpeitiko Organeria Españolak ateak itxi behar izan zituen, eta Bilboko beste etxe batek ere bai. Guk, itxi ez baina fabrikan geneuzkan makina haietxek aprobetxatu eta altzari egiten hasi ginen. Urte batzuk Azpeitian pasatu eta gero, 1973an, Gasteizen ireki genuen gure altzari negozioa. Eta bertan bizi gara harrezkero. Aspaldi erretiratuta nago, jakina. Gaur egun, Luis semeak eta Teresa alabak negozioan segitzen dute lanean. Eta horrelaxe dira gure kontuak eta komeriak!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak