|
|
|
txirrindularitza
: Joseba Albizu ziklistak lagun-mina eta lankidea galdu zuen urrian biek izan zuten istripuan, baina ari da osatzen
Aurrera Begira
Enekoitz Esnaola
|
|
Bizikletan.
Joseba Albizuk berriro hartu du bizikleta, hasi delako entrenatzen. Suabe, baina hasi da. "Bestela, eguna luze egiten da". Eguneroko bizimodura itzuli nahi du mutilak horrela. Argazkian, Damasoneko auzoan, atzean bere bizikleta daukala.
(Kepa Urbieta)
|
|
Nola dago Joseba Albizu? Hori da askoren galdera. Mutila gaztea da, herritarra, beste edozeinen bezalakoa. Baina ezaguna, ziklista profesionala delako, eta ia denek dute gertatu zitzaionaren berri: urriaren 24an, goizaldean, Itziarretik zetozela, Jokin Ormaetxea lagun ziklista azkoitiarrak eta biek kotxe istripua izan zuten, Albizu bera zela gidari, eta Ormaetxea hil egin zen. Eta nola dago Albizu? Pasatu zitzaion zoritxar haren ondorioz, askoren galdera da; itaun zintzoa, besterik gabekoa.
Albizu ondo dago. “Aurrera begira”, berak esaten duen bezala. Mutilak “soltatzen” hasteko gogoa dauka, eta Uztarriarekin egon da, solasaldian, ebaki bat hartzen duen bitartean. “Ari naiz errekuperatzen, pixkanaka. Ezkerreko klabikula hautsi egin nuen, ezkerraldeko saihets batzuk ere bai, biriketan edema izan nuen, sudurrean hausturak, traumatismo torazikoa... Medikuak esan zidan urtarrilaren erdialdera hasteko bizikletan, pixkanaka, baina ni hasi naiz”.
Psikologikoki ere ari da buelta ematen. Beste istripu bateko
esperientziari esker, nolabait esatearren. “Askoz aberia handiagoa egin nuen lehen, beste istripu batean. 1997an izan zen, 18 urte nituela. Afizionatuetako neure lehen urtean. Hankak denak hautsi nituen: belaunak, bernezurrak, izterrak... Bi urte egon nintzen osatzen; aurrenekoan hankak denak burdinekin nituen eta bigarrengoan zulo asko. Ez nuen uste bizikletan gehiago ibiliko nintzenik, medikuek beraiek ez zidatelako ezer segururik esaten, baina asko saiatu nintzen, Elgoibarren goiz osoa pasatzen nuen osatze lanak egiten Jose Mari Arakistainekin, eta osatu egin nintzen. Lesio larri hura gainditzeak balio izan dit, bai bizikletan saiatzeko, bai gertaera hau gainditzen saiatzeko ere. Mentalki gogortu egin nintzen orduan”.
Hutsunea. Urri bukaerako gertaera lazgarriaren ondoren, Albizuri medikuek esan zioten kolpea psikologikoki ere nola gainditzen zuen ikusi nahi zutela, eta ikusi dute mutila ondo doala. “Buruz nahikoa gogorra naiz. Neure kezkak-eta izaten ditut, baina ez naiz buruari bueltak eman eta eman jarduten. Aurrera begiratzen dut”. Ari da gainditzen, “familiaren eta lagunen laguntzarekin”, eta ez du tratamendu psikologikoaren beharrik izan.
Baina “oraindik dena ez” du gainditu. “Oso gogorra delako hau dena”, berak dioenez. “Lagunekin-eta zaudenean betiere nahi izaten duzu alai egotea, jendeak beti galdetzen dit zer moduz nagoen, normala den bezala, eta saiatzen naiz ondo azaltzen, ez buru-makur, eta igual hori lortzen dut, itxuraz ondo agertzea, baina oraindik galdu dudana hor dut, eta barrutik izorratuta nago”.
“Hutsune handia” duelako mutilak. Lagun-mina zuen Jokin Ormaetxea. Orain dela zortzi bat urte hasi ziren ezagutzen, baina batik bat, duela lau urtetik izan zuten harremanik handiena. Biak ere, Albizuk esaten duenez, “izaeraz tankerakoak” izanik, “oso ondo” konpontzen ziren, eta bizikletatik aparte ordu asko pasatzen zituzten batera. “Nik beti kontatu izan nuen harekin, eta hark nirekin ere bai”. Ia egun osoa elkarrekin pasatzen zuten. Goizez Andoni Aranaga urrestildar ziklista profesionala eta hirurak entrenatzera joaten ziren (Ormaetxea ere profesionala zen), hasi hamarretan eta ordu biak aldera arte, eta arratsaldean Ormaetxea eta Albizu elkarrekin geratzen ziren, kosta aldetik buelta bat egiteko, kafe bat hartzeko edo.
Ormaetxearen gurasoak beraiek ere ari dira azpeitiarraren hutsunea estaltzen. “Harreman handia dut haiekin, aspalditik ezagutzen ditudalako, Jokinen probak ikustera joaten zirelako... Istripua izan eta ospitalean nengoen bitartean, jota egoteaz gain, kezka handia nuen, ez nekielako nola erreakzionatuko zuten Jokinen gurasoek; gutxi gorabehera pentsatzen duzu, baina ikusi arte... Gelara etorri zirenean, hasieratik bertatik babes osoa adierazi zidaten, esan zidaten gertatzen diren gauzak direla, animoak eman zizkidaten berriro, eta horrek asko lasaitu ninduen”.
Lagunak ere hantxe izan zituen, Donostiako Ospitalera joanda
bisitara, istripua izan eta ordu gutxira. Ziklista bera artean zaintza berezietako unitatean zegoen, larri, baina haren 20-25 lagun ia barruraino sartu ziren, baimenik izan gabe eta erizain bati kasorik egin gabe. Albizuren aita tokatu zen hantxe, esan zien ondo zegoela semea, eta orduantxe lasaitu ziren lagunak pixka bat.
Umorea falta. Jokin lagunaren irribarrea eta umorea ditu gogoan Albizuk. “Ospitalean hasierako shock hori oso gogorra den arren, gerokoa da gogorragoa, hasieran artean ondo ez duzulako barneratzen gertatu dena. Handik etorritakoan hasten zara ohartzen gertatu denaz, Jokin falta dela... Adibidez, Jokinekin entrenatzera irteten nuenean, geure tokiak genituen, aldapak, geure pikeak toki horietan, beti berak jotzen zuen erasoa behe-behetik, nik erantzun eta horrela. Eta, bestela, hura beti alai agertzen zen, beti denekin hitz egiten zuen... Gogoratzen naiz istripua izan zeneko egun hartan ere egunez horrela pasatu zuela, txisteak-eta kontatzen. Orain ez dut horrelako unerik. Falta da”.
Gogoan du laguna, eta denboraldi honetan garaipen bat eskaini nahi dio. Txirrindularitzako denboraldia otsailean hasiko da baina azpeitiarra ez da martxoa arte hasiko, ez duelako “presaz” hartu nahi aurtengoa. “Zer karreratan irten behar dudan ez dakit. taldekoak nirekin ez dira horretaz hitz egiten hasi”. Irteten duen karreratan irtenda, bakarren bat irabaztea du helburu. “Berriro bizikletan hasteko motibazioa behar nuen, eta zerbait irabaztea da nire motibazioetako bat, Jokini eskaintzeko. Behin ere baino motibatuagoa nago”. Euskaltel-Euskadi taldeari ere eskaini nahi dio zerbait, “asko lagundu” diotelako, eta, bestetik, kontratua aurten bukatuko zaiolako; “iaz baino gehiago erakutsi behar diot ekipoari. Ea zorte ona dudan”.
|