Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urtarrilla »  iritzia »  Iritzia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitia 2004 : Uztarriak artikulu hau gordeta izan du azken hilabeteetan, hirigintza gaiari buruz Udalari beste artikulu bat eskatua geniolako. Hainbat aldiz eskatu diogu, baina ez zaigu heldu. ‘Azpeitia 2020’ gaiaren azkeneko alea

Ze ondo bizi gean Azpeittixen!

Gaizka Larrañaga

Euskal Herriko Unibertsitatean arkitekturan lizentziatua da Gaizka Larrañaga. Jaiotzez azkoitiarra da, baina azkeneko urteetan Azpeitian bizi da. Landatek Bulego Teknikoko sortzaileetakoa da, eta gaur egun bertan ari da lanean.

Hemendik 15 urtera Azpeitiaren hiri garapenak nolakoa behar lukeen aurreikustea ez da lantegi erraza. Azpeitiko hiri garapenaren modeloa gauzatzeko epe moduan urte hori ipintzea interesgarria dela uste dut.

Azpeitian bizi den azkoitiarra naiz, eta, beraz, bi herrien arteko harremana eta bakoitzaren abantailak eta gabeziak ikusteko aukera izan dut. Ondorengo planteamendu hau ez da soilik Azpeitiari dagokiona, beraz.

Bi herrien artean antzekotasunak, desberdintasunak eta batak bestearekiko dituen abantailak aipatu nahi nituzke.

Azpeitiak etxebizitza eskuragarrien beharra du. Merkeak. Neurrikoak. Ez dezagun bankuekiko zorrak ordaintzeagatik gure duintasuna galdu, edozein lan baldintza miserable onartuz eta etxeaz gain bizi maila hipotekatuz. Babes ofizialeko etxeak beharrezkoak dira, ikusi baita udal sustapenekoak ez direla izan hain eskuragarriak. Batek baino gehiagok atzera egin du ordaintzeko gaitasunik ez duelako. Edo bestela, espekulazioari aurre egiteko, hutsik dauden etxe horiek merkatura atera alokairu bidez. Nola?

Hutsik dauden etxeak zerga bidez kargatuz. Merkeagoa izan dadila etxeak alokatuta izatea, hutsik izatea baino. Azkoitian babes ofizialeko etxeak bukatzen ari dira. 80 inguru. Eta azpeitiar batzuk hara doaz bizitzera. Azpeitian noizko? Aurreikusita al dago babestutako etxeak egitea? Azpeitiko Udalak lurrik erreserbatu al du horretarako? Gustatuko litzaidake horrela izatea, baina zoritxarrez ez dut uste hala denik. Luxuzko adosatuez gain, beste zerbait behar da!

Zerbitzuak. Herriaren beharrei erantzuteko zerbitzuetan fijatuko naiz jarraian, eta hauek, batik bat, hiru izango lirateke: kirola, kultura eta zerbitzu sozialak.

Lehenik, kirolari egingo diot kolpe, eta arlo honetan herri bakoitzak baditu bere abantailak. Neurri batean, elkarren osagarri dira. Azpeitian kanpoko igerilekua, Azkoitian teniseko pistak, kiroldegiak bietan —nahiz eta batean herri erdian egon eta bestean industri gunearen aldamenean—, estalitako igerilekuak bietan, kantxa dotoreak...

Baina Azpeitian kiroldegia eta igerilekua elkarrengandik urrutiegi daude. Eta udaletxean bueltaka darabilten proiektuarekin, astakeria handiagotzeko aukera ederra dago: Garmendipe futbol zelai eta kiroldegiaren tarteko lurretan kirol gunea osatu nahi da. Txarra da denak batera ez izatea, eta garbi ikusten da igerilekua alde batean eta kiroldegia bestaldean izanda, baina denak batzekotan egin ditzagun esklabetako inguruan, horretarako izendatuta dauden lurretan, Loiolako kirol gune naturaletik gertu. Aparkalekuekin, behar diren kirol pista eta kantxekin, eta pixka bat haratago joanez gero, bailara osoari zerbitzua emateko moduko instalakuntzak prestatuz. Azken hauteskundeetarako azaldu zen horrelako proposamen bat, eta orain dela 15 urte inguru beste alderdi batek ere egin omen zuen antzeko proposamenik.

Kultura. Kultura mailan, Azkoitian Baztartxo aretoak, kultur etxeak eta Matadeixek, eta bertan dauden mugimendu desberdinek Azpeitiari badaukate zer erakutsi. Bai, Azpeitian Soreasu hor dago, eta etorkizunari begira zerbait egitekoak dira. Noiz gauzatuko da? 2020a baino lehen, espero. Eta honekin nahikoa izango al da? Azpeitiak antzerki topaketetarako gune duin bat behar du. Soreasuk erantzungo al dio? Herriaren beharrekin batera, herritarren beharrak ere kontuan izan behar dira. Hau da, kalitatezko areto bat beharrezkoa dela jakina da, baina gazteek elkargunerik ez badute, motz gelditzen da. Beraz, Soreasuko gune horretan, edo beste nonbait, txikiagoentzat Zapo Txoko egin den moduan, gazteentzat ere zerbait beharrezkoa dela uste dut; ari dira eta ea behar bezalakoa den. Eta kultur etxea ere ezinbestekoa dela nork ukatu! Instalazio egokirik gabe jarduerak egitea, aurrera ateratzea zaila izaten baita.

Zerbitzu sozialei begira, ez dugu ahaztu behar Azpeitia bailarako gunea dela. Hor daude anbulatorio txikia, aparkaleku egokirik gabe. Auzitegi kaskar bat, erabiltzaileen iritziz: Haziendako bulegoa eskaileraz beteta, Erregistroa beste hainbeste. Lelokeria dirudite detaile horiek, baina zenbait pertsonentzat trabak dira. Eta biztanlegoa zahartzen doan heinean, horiek eta beste batzuk kontuan hartu behar ditugu. Adibidez, zaharren egoitzak duen kokagunea oso egokia da, eta ez Azkoitian bezala, ia-ia herritik kanpo.

Horiez gain, industria guneen garrantziaz konturatu behar gara. Ezinbestekoak dira Azpeitia bezalako herri batean horiek baldintza egokietan mantentzea, baina berriak eraikitzerakoan inor gogoratzen al da nekazaritzaz? Lurrak emandakoa jan behar dugu, eta horrek ere lekua behar du. Elikagaiekiko independentziarik ez badugu, larri gabiltza. Horregatik landa ingurunea zaindu eta babestu beharrekoa da; txaletismoa gaitzetsiz.

Erantzun zehatzak. Herriak zati desberdinak ditu, behar eta arazo desberdinekin, eta bakoitzaren izaera bereziari erantzun zehatza eman behar zaio. Alde zaharra biziberritzeko PERI bat beharko da, baina Pablo VI.a inguruarentzat aparkalekuak aurkitu beharko ditugu. Ez dakit, Betharramistetako azpian edo.

Eta horren harira, mugikortasunaren arazo larria. Denok ekologista samarrak gara baina kiroldegira joateko (nora?) kotxea hartzen dugu. Eta saihesbidea ezinbestekoa, jakina. Eta batzuetan nola azkoitiarrekin ez garen oso ondo moldatzen, beraien futbol zelai erditik jaitsiko gara. Inori ez ote zitzaion bururatu bi herrientzat batera egitea bariantea? Horrela gutxienez, batak besteari ez lioke kalterik egingo.

Bukatzeko, zein motako herria nahi dugun definitu behar da lehenengo. Amerikarrak bezala, dena kotxez egiteko leku fisikorik ez daukagu. Horregatik, Europatik gehiago ikasi behar genuke, Holanda eta Alemaniatik, batik bat. Oinezkoentzako herriak osatuz, lanerako, lagunekin ibiltzeko, kalean komunikatzeko... Azken batean, kaleko bizitza egin ahal izateko. Nik behintzat, hala nahiko nuke. Eta lehenbailehen hasi beharko genuke horri forma ematen, gure iritziak eta nahiak adieraziz gauza horiez arduratzen direnei. Eta gustatzen ez zaizkigunak ere jakinaraziz. Izan ere, 2020. urtea gainean da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak