Eta beste
Beste argiak
Ainhoa Odriozola
Urte guztiak berdinak direla esango duzue, baina engainatuta zaudete. Urteak gero eta motzagoak saltzen dizkigute, eta bizkorrago bukatzen dira. Nola azaldu, bestela, gabonak urtero goizago iristea?
Telebistan hasten dira lehenik, isil-isilik gehitzen doazen iragarkiekin. Dendetan ondoren, oraindik mauka motzean eta turroiekin tentatzen. Azkenik argiak jartzen hasten dira, eta horrek bai, garbi esaten digu gabonak gainean ditugula. Ez dago santotomasei itxoin beharrik, teknikoak garabian igota ikustean jabetzen gara gainera datorkigunaz.
Iaz Londresen egoteko zortea izan nuen gabonetan. Benetan esaten dizuet eta sinetsidazue: hango kale komertzialenetako batean, Oxford street-en, Azpeitiko Jose Artetxen baino argi gutxiago zegoen. Zuhaitz bat jarri beharrean, argi zerrenda galanta dugu guk. Izan ere, zuhaitz guztiak errotondetarako gordeta dituzte.
Zelai Luzen bada pinu bat ikaragarri polita. Bonbillez bete dute eta bikain dago. Hango txoriek beste zuhaitz batera emigratu beharko zuten. Txori horietako batek, Udalak urtero bidaltzen duen gabon postaleko azalera emigratu du. Mezu egokia dakarkigu bizi ditugun garaietarako. Atzean oraindik eta mezu egokiagoa adierazten du: Unicef.
Azpeitia elurtuta agertzen zuten postalak ere onak ziren, gehienbat gabonetan inoiz elurra tokatzen ez delako. Postal honek, ordea, balio duenaren zati bat behar dutenenentzako bideratzen du. Hori gehiago.
Ez dakit zenbat kostatuko den argiak piztuta izatea, baina ez dela merkea izango pentsatzen dut. Boliviako haur bat urtebeterako apadrinatzea zer kostatzen den badakit, ordea: berrehun euro soilik. Horrek ez lituzke bonbilla asko suposatuko, eta argi asko piztea lortuko luke, beste argi mota bat, baina gabonetakoak, nahiz eta argi horiek ez ikusi.
|