Libre
Rotonda berri on
Xabi Borda
Beste bat! Seigarrena? Zazpigarrena? Auskalo zenbatgarrena den. Kontua da urte berriarekin beste bat dugula zeharbidean. Beste rotonda edo biribilgune bat. Eta honekin bai, honekin konponduko omen dira trafiko arazoak. Ea egia den.
Nik ez dakit zenbateraino balio duten rotondek, benetan bidegurutzeetarako soluziorik egokienak diren. Trafikoa arindu eta istripuak gutxitzen dituzten. Edo obra estetikoak besterik ez diren. Moda berri bat. Ikusi nola apaintzen dituzten zuhaiztxo eta kolore askotako loreez (azkenengo honetan lanak bukatu aurretik ipini zituzten). Dotoreak egin nahi dira, beste herrietakoak baino ederragoak. Entzun izan ditut alboko herrietako rotondei buruzko txisteak ere.
Adituek baietz diote, asko arintzen dutela trafikoa. Eta zuzen daudela dirudi. Oraindik gogoratzen naiz Harzubian nola ibiltzen ginen ispilu batera begira. Eta nola agertzen ziren batzuetan auto fantasmak, ispiluan ikusten ez zirenak. Landeta aldeko bidegurutzeko hobekuntza ere nabarmena izan zen. Bejondaiola beraz, toki horietan rotondak ipintzea pentsatu zuenari.
Dena ez da ona. Ez da beti horrela izaten, ordea. Azkarate azpian, autopistarako sarreran, badago beste rotonda bat. Ni Bilbora joaten naiz goizero autobusez eta batzuetan rotonda horretan atasko handiak egoten dira. Azkaraten behera kotxeak ilaratan zain, noiz sartuko biribilgunera. Istripuren bat gertatu zela pentsatu nuen lehenengo aldian, baina rotonda zen gainezka zegoena. Besterik ez. Beste bat ipini beharko ote da?
Ez ezazue pentsa ni bariante berriaren aldekoa naizenik. Ez. Gehiegizko trafikoaren afera gainditzeko biribilguneak nahikoa badira primeran. Nahiago dut zorabiatuta irten herritik, Izarraitzen tunelak egin baino. Dudarik gabe. Baina trafiko arazoa gainditzeko benetako soluzio bakarra ikusten dut. Sinpleena. Kotxe kopurua murriztu. Autobusak jarri Landetara eta gainerako lekuetara. Eta autoak elkarbanatu. Ia utopia.
Hori bai, gauza bat aitortu behar dut: ikusgarria izan da nola egin duten rotonda berria. Lanak hasi aurretik han ez zegoela tokirik pentsatzen nuen. Txikiegia irtengo zela. Eta hara! Ikaragarria.
Rotonda eta Politika. Eta rotondez ari naizela, begira zer idatzi zuen Amets Arzallusek aurreko batean Berria egunkariko bere zutabean: “...hemengo politika rond-point bat dela. Bueltak eman eta eman bueltak, eta beti leku berean”. Rotonda bat dela euskal politika, alegia. Gero honela jarraitzen zuen artikuluak: “Noizbait, bueltak ematen nazkatzen bazara, etsi baduzu, irtenbide bat baino gehiago dituzu. Denak eskuinera”. Ateraldi ederra bertsolariarena, pentsatu nuen. Ateraldi biribila.
Gure herrian gauza askok dute rotonda itxura. Auzi askok. Esaterako, gaztetxearen edo gazte lokalarenak. Urteak daramatzagu (ia-ia gaztetasun osoa) gauza berarekin bueltaka: Udalak lokal bat uzten duela, ez duela uzten, uzten duela... Gaztetxearen rotonda. Badirudi orain adostasun batera heldu direla. Badirudi etxe bat ahalbidetuko duela Udalak gazteontzat Damaso inguruan. Badirudi.
Beste zenbait arazotatik ere irten ezinik gabiltza: zinegotzi “ilegalak”, kultur etxearen afera, euskal prentsaren diru laguntza ukatuak... Ematen du birak emanez konpondu nahi direla. Baina inoiz irteerarik hartzeko asmorik gabe. Jira eta bira. Salbuespenik ere bada, bestelakoa da etxebizitzen salneurriaren arazoa. Honek rotondarena baino autopista itxura du gehiago.
Auziei aurre egiteko modu hau, uste dut pertsonok geure-geurea dugula, gizakion berezko ezaugarri bat dela. Ez dakit zuek, baina nik batzuetan arazoen aurrean xibot batek bezala jokatzen dut. Bai, xibot edo erremota baten moduan. Arazo bat datorrenean sokaz korapilatzen naiz. Behetik goraino. Eta honela, sokak estalirik egoten naiz nola irten pentsatzen. Gero korapiloa askatu nahi dudanean sokatik tira eta kontrolik gabe biraka hasten naiz, guztiz mareatu eta lurrera erori arte.
Bueltaka-bueltaka urte berrian sartu gara.
Zaharra atzean utzi eta berriari gauzak eskatzeko momentua da. Nik aurtengoarentzat eskari bakar bat: rotonda horientzat denentzat ezinezko irteera eder batzuk. Urte berri on denoi!
|