Enbido
Pello eta Lola
Alaitz Olaizola
Urtarrilaren 31. Eguerdiko 12:00ak.
Herriko plazan bi azpeitiar elkartu ziren. Lola eta Pello dira bi haiek, eta urte zahar eta berriari buruz izango dute
zeresanik.
Lola Pello, majo... Urteak eskatutakoa eman al dik?
Pello Nola esango dinat... Eskatutakoa baino gehiago, saiatutakoa.
Lola Hire burua zaindu al duk?
Pello Ingurukoena adina.
Lola Zenbat da hori?
Pello Zoriontsu izan direnen adina.
Lola Eta, memoria? Memoriak zer esaten dik?
Pello Memoria, arimaren pare dinat nik.
Lola Beteta...
Pello Batere ez, Lola, batere ez.
Lola Orduan, zer gorde behar duk iraganetik?
Pello Etorkizunera begira bizitzeko gogoa.
Lola Itxura onarekin al dator? Etorkizuna,
alegia...
Pello Iraganaren parekoa badun, heuk ere badakin erantzuna.
Lola Aizak, guapo, ez zagok hire jarduna ulertuko duenik!
Pello Hirea ulertzen dutela iruditzen al zain?
Lola Ah, badakik, hemen bakoitzak bereari.
Pello Hori, zilborra lehertu arteraino.
Lola Bakarra izanda, ez duk ba horrenbeste puztea komeni.
Pello Zerk kezkatzen hau? Hirearekin bukatzean, hartu ondokoarena.
Lola Aizak, hi, deprimitua al hago edo zer?
Pello Ez ba. Deskonprimitua baino ez.
Lola Reprimitua esan nahiko huen...
Pello Sanoenaren pare.
Lola Sano, bai. Egia esan, itxura ona daukak.
Pello Urte berriari aurpegi hoberena eman nahian, badakin.
Lola Mahatsekin egingo duk saltoa urte berrira...
Pello Bakarrarekin, Lola.
Lola Kanpai bakoitzeko bat izan ohi duk, ordea!
Pello Hori hik dion...
Lola Nik ez, tradizioak.
Pello Tradizioak, querida Lola, askotan
memoria eta anima bezalakoak izan ohi ditun.
Lola Itoko haizen beldur haiz... Koldar hutsa.
Pello Igeritan aspaldi ikasitakoa naun.
Lola Hala ere, koldarra, eta gainera, lotsagabea!
Pello Ez, Lola. Umoretsua.
*Lola Umoretsua al da hire berba? Zaila esan nahiko huen...
Pello Egungo gizartearen modukoa.
Lola Baita zera ere! Jende majo asko zagok.
Pello Bai horixe!
Ezin konpondu.
Lola Zaila esan duk ba hik!
Pello Hor hago hi, maja-maja, heure buruari begiratu ezin eta nirea deskonprimitzen.
Lola Aizak, Pello, pasatzen ari haiz!
Pello Eta zer nahi hunan ba?
Lola Urte berri ona opatzea baino ez.
Pello Garaiz habil ba horretarako ere.
Lola Garaiz diok? Amargatu egin nauk eta!
Pello Amarratuta bizi haizelako.
Lola Hara Pello, itoko al haiz gaur gauean hire mahats bakarraren haziarekin!
Pello 2004a izango dinat nik hazi, mahats ale bakar handi.
Lola Hara...
Pello Berriak itotzeko kuidadorik ez dinat nik, zaharrarekin joango naizelako.
Lola Badakit zer esaten dudan? Joateko haize freskoa hartzera hire mahats ale eta guzti!
Inozoa...
Pello Adios Lolita, guapa! Ahaztu egin zaidan esatea! Urte berri on, panpoxa! Egun, bazeuden hazirik gabeko mahats aleak; beraz, hik ere badakin zer egin, ito nahi ez badun!
|