|
|
|
Burutik beherakoa
Norenak garen
Jose Luis Otamendi
Edozein dela ere mintzagaia, aurrera doan herria esloganarekin bukatzen dira Jaurlaritzako iragarki eta ohar ofizial mordoa irratian eta. Delako herri hori zein herri den jakin nahi izatea gehiegi eskatzea da, oraingoz. Badakit.
Burutazio ernegagarri horiekin gabiltzala, jakin dugu aldizkari honi ere laguntzak gutxitu dizkiola EAEko gobernuak 2004an. Bitartean kultura sailak futbol kamiseta batean Euskadi txaplata jartzeagatik ia milioi erdi euro eman ditu. Promozioa esaten omen zaio horri. Akaberan guztion kontura egina denez, Euskadi hori gurea ere ba ote den ez ote den nago. Ala geu gara Euskadirenak?
Espainiako gobernuak –harenak ere bagara, ezta?– eguratsera karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak banatu ditu. Industria kutsagarrienek doan isur dezaketen CO2 tona kopurua proposatu du, hortik gora botatzen duenak erosi egin beharko du gehiago kutsatzeko eskubidea. Kyotoko hitzarmena betetzen hasteko asmoz egin dute enpresen zerrenda. Hego Euskal Herrian 82 izendatu dituzte; 17. dago zerrendan Aceralia Redondos Azpeitia S.L. (Arcelor taldea). Enpresari egiten zaio proposamena. Baina CO2 hori arnastu, denok arnastuko dugu doan. Ezer galdetu gabe, propagandarik gabe. Eta galdetzen dut Arcelor ez ote den ari doan kutsatzeko eskubidea erosten futbol kamisetetan edo Uztarriako mendi gidan publizitatea jarrita. Ke beltzak zuritzeko beste modu bat, Euskadirena bezala.
|