|
|
|
Bertsolaritza
Xebastian Lizaso: "Bertsolaritzari ordu asko eskaini behar zaizkio"
Ainitze Oruesagasti
|
|
Bertsotako lokomotora.
Azpeitiko tren museoan bada hainbat tren. Bertso munduak ere badu lokomotora bat: Xebastian Lizaso; motorra berotzen duenean, ezin du inork gelditu. Argazkian, tren museoan.
(Ainitze Oruesagasti)
|
|
|
|
Herri Irratiak Zelaitxon antolatzen zituen bertso txapelketen finalean, Joxe Mari Iriondo mikroa eskuan duela, Xebastian Lizaso bertsotan.
|
|
|
|
Abel Enbeita irabazleari saria eman aurretik, Xebastian bertsotan.
|
|
|
|
Xebastian Lizaso, 13-14 urterekin, Angel Larrañagari, orduko bertso txapelketako irabazleari, garaikurra ematen.
|
|
|
|
Zelaitxoko bertso txapelketen finalean Lizaso, zazpi urterekin, Joxe Luis Gorrotxategirekin.
|
|
|
|
Xebastian Lizaso, bost urte zituela, Mugarterekin, kopa jasotzen.
|
|
|
|
Xebastian Lizaso, 46 urte. Horietatik hiru hamarkada bertsotan eman ditu. 16 urte zituela Gabiriko bat-bateko lehenengo saio hartatik 30 urte bete dira orain. 30 urtean bertsoa ahoan eta buruan.
Hiru hamarkada bertsotan. Zein da urte hauetako balorazioa?
Zaila da 30 urteren balorazioa egitea, gauzak asko aldatu direlako bai bertsolaritzan, baita bertsotan egiteko posturan ere. Garai batean, herri txikietan baino ez ziren izaten bertsolariak, gero ailegatu zen Belodromoa betetzera. Oro har, balorazioa ona dela esango nuke. Bertsolaritzak 30 urtean aurrera egin du, bertsotan lehen baino jende gehiagok egiten du, eta kantitateaz gain, kalitatea ere aldatu da.
Kalitatea aipatu duzu. Zertan nabaritzen duzu aldaketa?
Orain bertso hobeak egiten dira. Teknikari begiratzen badiogu, ez da hutsik egiten, baina lehen teknikan narratsago ibiltzen baziren ere, hizkuntza hobeto erabiltzen zuten eta bizitasun handiagoa izaten zen bertsotan egiteko garaian. Binakako saio gehiago egiten zen garai batean, eta binaka saioa egitean, besteari erantzun egin behar zaio, ez dago norberaren bertsoan pentsatzen hasterik, bestela elkarrizketa galdu egiten delako. Azken batean, bertso saioa elkarrizketa da, bi lagunen arteko elkarrizketa kantuan. Garai bateko ateraldi eder, bizi haiek orain ez daude, baina teknika aldetik asko irabazi da.
Beraz, orain, hizkuntzaren kalitatea ez da lehen bezain ona.
Bertsoan hori nabarmentzen da. Bertsoak bizitasuna galdu du, min eman gabe, adarra jotzeko instinto hori falta da. Gauzak esateko disimulua falta da.
Umetatik bertso munduan...
Bai, nik esan dezaket bertsoa sehaskatik ezagutu dudala. Ni umea nintzela gurasoek taberna zuten Landetan, aita bertsolaria izanda, bertsolari eta zaletu asko izaten zen bertan.
Aita eta semea bertsolariak dituzu. Geneen kontua al da?
Nik uste dut, giro horretan bizi baldin bazara, giroak eragina duela. Bertso giroan bizita, eta gustatzen baldin bazaizu, aproba egiten duzu zenbaiteraino balio duzun. Aprobatu gabe zail da jakiten. Orain, maila bateraino, bertsotan egiten ikasi egiten da.
Atzera begira jarrita, gogoan al duzu jendaurrean noiz egin zenuen bertsotan lehenengoz?
Bost urte nituela, Zelaitxon uste dut zela. Herri Irratiko txapelketa izan ohi zen orduan, eta azken saioa eta sari banaketa Zelaitxon egiten zen. Jendaurreko nire aurreneko bertsoa Mugartegiri sari bat ematerakoan kantatu nuen. Jakina, bertsoa aitak egina zen, eta bertsoaren bukaera behin ere ez zait ahazten gainera. Azkenengo bi puntuak gogoan ditut oraindik: Nere eskutik hartu ezazu merezitako sariya / betiko lagun izan daitezen Gipuzkoa eta Bizkaya. Gero eskolan eta santa eskeko bat-batekoak aparte, Amabirjin bezpera baten Gabirin izan zen, justu aurten 30 urte. Urtebete lehenago hots egin zidaten Gabiriko sariketan parte hartzeko, eta agindu eta ez nintzen joan. Aitari galdetu nion, eta berak nahi nuena egiteko, baina “gaztetako burukoa gero gogoan izaten duk” esan zidan. Orduan, gure etxean asko ibiltzen zen Arroako Don Juan txikiya, bertso gaiak-eta jartzen ibiltzen zen apaiza, eta hari zer egin galdetu eta hark “gaztetan hartutako muturrekoa gogoan izaten duk”. Biek gauza bera esanda, ez nintzen batere joan. Hurrengo urtean, 16 urterekin joan nintzen.
Mugartegiri kantatu zenion bertsoa gogoan duzu. Nolakoak ziren, ordea, zure hasierak?
Lehenengo bertso haiek ikasitakoak izan ziren. Ni bat-batean bertsotan santa eskean, ate ondoan hasi nintzen, 10-11 urterekin. Pixkanaka bi puntura izaten zenez, tartean hasi nintzen bertsoa moldatzen, aldatzen, bertso berriak egiten. Buruko mekanika lantzen.
Plazetan gehien ibiltzen direnen artean al zaude?
Bai, bagabiltza 3-4 bat bazter gutzietan ibiltzen garenak, Argiñanorekin perrexila bezala. Horiek modak izaten dira, eta ez dakit, gure modak ez du honezkero askorik iraungo, baina azken bolada honetan plaza faltarik ez dugu. Noizean behin, jai bat jai izatea loteria da. Bertsolaritzari ordu asko eskaini behar zaizkio. Hitz ematen baduzu, joan egin behar duzu.
Jai bat jai, loteria diozu. Horrelakoetan zer egiten duzu?
Nahi dudana. Askotan bertsotara joan behar dudanean, etxean gelditzeko gogoa izaten dut. Gero jai dudanean, etxean gelditzeko aukera izan eta kanpora irtetzen naiz. Jai izatean, aukera dut neure buruari eskaintzeko, irteteko edo egoteko, nahi dudanerako.
Mahai inguruko bertsolariaren fama duzu. Hala al zara?
Ni ez naiz behin ere txapelketa zalea izan. Mahai inguruan aritzean, gai librean ari zara eta bi bertsolarirekin. Zailagoa da, gaiak bilatu egin behar dituzulako, baina, bestetik, zeure papera errazago betetzen duzu, zeure lekutik jarduten zarelako. Gaia ematen badizute, gaiaren paperean sartuta ibili behar duzu. Libre ari zaren garaian, askoz ere bertso gehiago kantatzen da. Gainera, denbora gehiago daukazu hanka-sartzeren bat egin baduzu, edo nahi duzuna esan ez baduzu, hurrengo bertsoan esateko. Gaia jarritakoan 3-4 bertso izaten dira, askotan ez duzu izaten denborarik barruan duzuna emateko. Askotan gorputzaldiak ez dira berak izaten, egunetik egunera alde handia egoten da.
1986an Euskal Herriko Bertso Txapelketan txapela lortu zenuen. Zer oroitzapen dituzu?
Goizean nahiko garaiz jaiki nintzen. Buelta txiki bat egin, gosaldu eta Belodromora. Goizeko saioan, han nonbait nenbilela banekien, baina ez nuen txapelarekin ametsik egiten. Arratsaldea etorri zenean, zozketa egin eta zortzikoetan aurrena nintzela uste dut. Kartzelako gaia etorri zenean, ikusi nuen hor nonbaiteko papera egin nuela, eta bertsoak ez ziren beste munduko gauza bat. Haiek baino bertso hobeak askotan kantatu ditut nik. Gero ikusi nuen Xabier Amurizak ez zuela asmatu, Jon Lopategik ere ez... Urte haietan puntuak bistan ematen ziren, guk ez genituen ikusten, baina jendeak bai, eta jendearen erreakzioak ikusten genituen, jendea kinuka... Belodromoko jendeak batuketak eginak zituen. Ezuste ikaragarria izan zen, garai hartan oso faborito zirelako Amuriza eta Lopategi.
Txapel hark zertarako balio izan dizu?
Txapelak balio izan zidan ezagunagoa egiteko, bertso plaza gehiago izateko eta konpromiso gehiago izateko. Azken batean, txapelketa hark markatu zuen gehiago ibiltzeko modua. Erreferentzia bihurtzen zaitu txapeldun zaren unetik.
Zer da 1986ko txapel hori zuretzat?
Garai hartan, artean Basarri bizi zen; hiru egongo ginen txapela lortutakoak. Geroztik, Lopategik eta Andoni Egañak badauzkate. Azken batean, zuk egindako lan baten saria da. Une hartan zerbait adierazgarria izan zen. Horrek ez du esan nahi gero izango zarenik.
Bertso txapelketa gerturatzean, ez al duzu enbidiarik sentitzen?
Ez, zezenak ederki ikusten dira barreratik. Nik, azken bertso txapelketara, 2001. urtean, ez joatea erabaki nuen. Orain txapelketan lagunak entzuten ere sufritu egiten dut, baina oso sufrimendu ezberdina da.
Jendea harrituko litzateke, beraz, hurrengo bertso txapelketara aurkeztuko bazina.
Bai, gehien neu. Ez dut uste txapelketetan parte hartzera bueltatuko naizenik. 1986an txapela atera eta geroko urteetan, bigarren eta hirugarren postuetan ibili nintzen. Nik podiumean nengoela utzi nuen txapelketa, eta horrela beste batzuei utzi lekua.
Zuk esana da bertsolaritza aparkatu eta urte sabatikoa pentsatu izan duzula.
Neguan eta udaberrian ez dut horrelakoetan pentsatzen, baina behin maiatzetik atzera eta trote handian hastean, ez naiz bertsotan soilik aritzen, eguneroko lanari ere segitu behar zaiolako. Gorputza nekatzen denean, ‘dios, nik hemen, horrelako freskatu bat hartzeko, ez al dut hobe eten bat egitea?’ pentsatzen izan dut. ‘Han konpromisoa, hemen ere bai, hara urtero joaten naiz’, noiz eten eta non eten ere pentsatu egin behar da. Nik badakit seguru urtebete sabatiko hori hartzera iritsiko banintz, zaila litzatekeela bertsoetara bueltatzea. Gogoa txikitu eta herdoildu egingo nintzateke eta... Orain, burua gelditzen ez bazaizu, ez zara herdoilduko, baina urtebete sabatikoa hartu behar baduzu, horrek esan nahi du burua ere gelditu egin behar duzula, bestela alferrik da.
**Lizaso-Egaña bikotea ezaguna egin da azken urteetan. Non dago sekretua?**
Herriak egiten ditu bikoteak, eta herriak aukeratzen du bikotea. Elkarren nahiko osagarriak gara bertsotan. Ondo moldatzen gara. Egañak ironia handiagoa dauka, eta nik ateraldi desberdinak. Nik betiko herriak izan duen forma edo ironia hori daukat, eta Egañak, berriz, ironi landuagoa. Biok gaudenean, beti ni hasten naiz, eta bera bigarren eskutik etortzen da. Ez da segitu soilik egiten duena, bigarren eskutik etorri eta bidea jartzen duena da. Bi bide jartzaile elkarrekin ondo osatuz gero, bide luzean joaten daiteke neure ustez.
Bertsotan noiz arte?
Nik ere ba al dakit ba! Azken batean, joandako tokian egiten duzun onena bertsolaritza dela ikusita... Hori denborak erakutsiko du, kuerda noiz arte. Orain, ez naiz ikusten 60 urterekin bertsotan, seguru asko lehenago aspertuko naiz. Norberarentzat denbora hartu behar da noiz edo noiz.
Jendeak Lizaso bertsolaria ezagutzen du. Ze alde dago Xebastian bertsolari eta pertsonaren artean?
Nik uste Xebastian pertsona eta bertsolariaren artean alde handirik ez dagoela. Aldea derrigor egon behar du, baina diferentzi handirik ez dagoela pentsatzen dut. Xebastian eta Lizasoren artean dagoen diferentzia, Xebastian eguneroko bizimoduan, ahal den eta disimulatuen pasatzen saiatzen da. Egunerokotasunean, ez da bertsotan bezain eztarri indartsua, hala izan edo ez, nabarmendu egiten zara. Eguneroko bizimoduan al den eta disimolatuen pasatzen saiatzen naiz, eta hala ere nahiko lan izaten da. Eguneroko bizimoduan, zaren bezalako azaltzen zara, eta bertsotan askotan, tokia eta egoeraren arabera behartuta egoten zara. Eta diferentzia hor dago, nahiz eta pertsona bera izan erreakzioa ezberdinak izaten dira bertsotan eta eguneroko bizitzan. Errekazioak diferenteak dira, egoera ezberdina delako, eta askotan eguneroko bizimoduan zeuretzako ari zarelako. Bertsotan aldiz, jende askorentzako ari zara.
Bertsolaritza inoiz estudiatu duzu?
Ez. Garai batean irakurri nituen bertso zaharren liburuak, orain ere bai tartean, baina ez bertsolaritza aztertzeko ea… Hasiberri hartan gehiago irakurtzen nituen, behin martxan jarrita gutxiago.
**Bada erronka ezagun bat Egaña, Diego Garzia eta zuk egin zenutena. Apustu zalea al zara?**
Ez naiz ni apustu zalea izan. Gertatzen dena, apustuak lagunartean egiten baditugu, baten bat zerbaitegatik animatzeko egiten dugula. Diegorekin egin genuen apustua, bera maratoi bat frakasatu eta moralez baxu zegoelako egin genuen. Neure buruari erronka batzuk jartzen dizkiot, baina ez naiz erronka zalea.
Zure asteburu bat nolakoa da?
Herriren batera kotxez joaten naizenean ez naiz bidean bertsoari bueltak ematen jarduten. Bertsoarekin hasi behar dudan momentuan akordatzen naiz, edo oholtza gainera noala, eskaileretan behetik gorako momentuan. Bertso afari batetan makina (burua) martxan jartzen duzu kafeak mahaira ateratzerako garaian. Bueltakoan, etxerakoan, makina (burua) lanean duzu eta orduan agian bai, baita inoiz ohera joandakoan ere. Ohean sartu eta pentsamendu denak bertsotan izatea, hori bai. Lehen egindako bertso batzuk mejoratu eta horrelakoak, behin saioa bukatuta.
Bizarra eta purua. Etxeko seilua.
Aspaldian lehen baino gutxiago, eta gutxiagotan erretzen dut. Saitzen naiz gutxienez, bertsotan ez erretzen, gutxienez ez dezatela esan gu ikusita hasi direla erretzen. Erregabe ez dut sufritzen, erre gustora egiten dut.
Urteetan, euskararen hiztun kopuruak gora egin badu ere, hizkuntzaren kalitatea ez da lehen adina ona.
Bertsoan hori nabarmentzen da. Bertsoak bizitasuna galdu du, min eman gabe, adarra jotzeko instinto hori falta da. Gauzak esateko disimulua falta da.
Azpeitiko bertsolari kantera.
Lehen eta orain, antzeko. Lehen, Txapelen garaia, gero gure aita, Oanda eta Lazkano etorriko ziren, eta geroago Gorrotxategi eta Larrañaga. Baina belaunaldiak izan dira. Orain datorren belaunaldia saiatzen baldin bada, gogoa harten baldin badu, badu lekua, gertatzen dena da, bertsolaritzak asko ematen duela, asko ematen badiozu, bestela jai duzu.
Bertsolaritzaren etorkizuna nola ikusten duzu?
Bertsolaritzari etorkizuna ikusten zaio. Gaur adina bertsolari inoiz ez da egon. Bertso eskolak, bere fruitua ematen ari dira, eta bertsolariak bakarrik ez, bertso eskoletatik datoz gai jartzaileak, gero epaimahaikoak izango direnak ea… Momento honetan, bertsolaritzari etorkizun nahiko argia ikusten zaiola esango nuke.
|