Mamia
Beste zerbaiten bila
Nerea Uranga eta Oihana Elduaien
Falta denaren bila beste norabaiterako bidea hartzen du hainbatek. Asmo jakinik gabe askok, inprobisazioa motxilan hartuta denak
|
|
Luis Etxaniz, Perun, Andeetako mendikatean. Bost eta sei mila metroetako hiru gailur igo ditu.
(Luis Etxaniz)
|
|
|
|
Eneritz Oiarzabal -ezkerretik bigarrena- Mexikon. Guatemala, Costa Rica eta Venezuelan ere ibili da.
(E. Oiartzabal)
|
|
Zeren bila doazen oso argi izan gabe, baina hemen ez duten zerbaitekin topatuko direlakoan beste herrialdeetara jotzen dute askok.
Azpeitian ere bada horrelako esperientzia bizi nahian motxila bizkarrean kanporako bidea hartu duenik. Egingo dutenaren gutxi gora-beherakoa buruan izaten dute joaten diren gehienek, baina inprobisatzea tokatzen zaie guztiei. Etxerako gogoak auzoan, urrutira. Uztarriak bi adibide bildu ditu.
Luis Etxaniz
“Bizitzeko esperientzia pasatzera joan naiz”
Luis Etxanizek ekainean lana utzi, motxila egin eta Hego Ameriketarako bidea hartu zuen. Bost hilabetez ibili da han eta azaroaren hasieran bueltatu zen. “Bueltatzeko egunik jarri gabe joan nintzen, diruak ematen zuena arte”.
Bost hilabeteotan Argentina, Bolivia, Peru, Brasil eta Uruguain ibili da. Biziko esperientzia bizitzera joan zen: “Aukera nuen, dirua nuen aurreztuta eta bizian igual berriz ere horrelako aukerarik ez dudalako edukiko joan nintzen. Biziko esperientzia pasatzera joan nintzen eta gustura etorri naiz. Batik bat, Andeetako mendikatea ezagutzera joan nintzen”.
Andeak ezagutu bakarrik ez, gailur batzuk ere igo ditu. Perun sei mila metroko Toictlaraju eta bost milako Urus igo ditu, eta Bolivian sei milako Goina Potossi. “Gehiena neure erara egin dut, bestela garesti ateratzen delako. Herrialde merkeak dira, baina atzerritarra izanda, dena dolarretan kobratu nahi dute”. Hala ere, inoiz ez da bakarrik sentitu: “Mendian beti bilatzen da jendea”.
Mendian ibiltzeaz gain, turismoa egiteko eta hango herri txikiak eta jendea ezagutzeko aukera ere izan du. Han gehien gustatu zaiona, “jendearen irribarrea” izan da. “Izugarria da, batez ere Bolivian eta Perun. Pobrezia handia dago, baina, hala ere, gustura bizi dira. Beti kalean jendea dago, kalera ateratzen dira, eta giroa eta saltsa dago, eta ez da nabarmentzen jai eguna edo asteguna den”. Egon den herrialdeetatik gutxien gustatu zaiona, berriz, Uruguai izan da. “Hala ere, han gutxi egon naiz eta ez dut asko ikusi, baina hondartza politak ditu”. Argentina aldean leku ederrak bai, baina nola dauden ez zaizkio gustatu: “Leku ederrak daude baina oso esplotatuta, dena turistentzako prestatuta dago”.
Luis Etxanizek esan bezala, bost hilabeteko esperientzia bizi, diruak bukatu eta etxera bueltan abioia hartzea erabaki zuen, azaroaren hasieran. Baina bazterrak ezagutzeko gogoak ez zaizkio itzali: “Nire ilusioa Nepalera joatea da, baina lehenengo Pirinioetan eta Alpeetan ibiliko naiz, eta ea egunen batean hara iristen naizen”.
Eneritz oiartzabal
“Esperientzia berriak bilatu eta gozatzera joan ginen”
“Bizia laburra da, eta ahal den heinean gozatu egin behar da”. Hori eta esperientzi berria bizitzeko irrika izan ziren Azpeititik joateko bultzada Eneritz Oiartzabal eta bere bikotekidearentzat. Eguraldi epelaren bila, Mexikora jo zuten aurrena, handik Guatemalara, eta gero Costa Ricara (bitarteko herriak pasatu egin zituzten) eta Costa Ricatik, berriz, hegazkina hartu eta Venezuelara. Bi hilabeteren bueltan elkar ikusiko zutela esan zieten etxekoei, baina bost hilabete itxoin behar izan zuten.
“Egun bakoitza desberdina zen eta abentura bat”. Asko gustatu zitzaion hori Oiartzabali. Izan ere, “hemen beti etorkizuneko planak egiten ari gara: astea lanean pasatzen dugu, gogoa asteburuan dugula”. Han egiten zutenak ez zuen horrekin zerikusirik. Egun bakoitzean, “gaur zer egingo dugu?” pentsatzen zuten. Hain galdua zuten denboraren ardura, ezem orduz nahastea gutxi balitz egunez ere nahastu zirela. “Ez ginen aklaratzen zein egunetan geunden, eta behin andre bati galdetu genion. Geure buruaz barre ederrak egin genituen”.
Aurkitu zuten guztia ez zen ona, ordea. “Hemen oraindik ere matxismoa baldin badago, han oraindik eta gehiago dago”. Izan ere, harrituta geratu zen emakumeak zenbateraino dauden gizonezkoen menpe. Bertako mutilek atzerriko emakumeekin duten jarrera ere ez zitzaion gehiegi gustatu. “Mutil-laguna eta biok parrandara atera ginen. Guregana segituan hurbildu ziren hango mutilak. Nik uste dut kanpoko emakumeekin irudi okerra dutela. Badakite zenbait gauzatan pentsamendu irekiagoa dugula, eta ondorioz errazagoak garela uste dutela iruditu zitzaidan”, dio.
Bertako jendearekin nahasteko aukera ere izan zuten, batik bat Venezuelan. Izan ere, Venezuelan eskola batean jardun zuten lanean, boluntario. Indigenen eta geroago hara joandako venezuelarren artean alde nabarmena zegoela konturatu ziren. “Venezuelakoak oso irekiak dira, baina gu geunden eskola hartan baziren indigenak ere, eta haiek oso-oso itxiak iruditu zitzaizkidan”.
Ahal dutenean egingo dute berriz ere motxila, Nepal aldera joateko “ilusioa” dutelako.
|