Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Abendua »  Iritzia »  Euskarazko prentsaren erronkak Azpeitian

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gogoeta

Euskarazko prentsaren erronkak Azpeitian

www.uztarria.com-eko eztabaida

Uztarriak urriaren 30ean ‘Euskarazko prentsa eta Azpeitia’ liburua aurkeztu zuen. Herrian arlo horretan egin den lana jasotzen du...; baita ildo nagusien berri eman ere. Gaiak garrantzia duela eta, uztarria.com-ek Eztabaidan galdera hauxe jarri du: ‘Aurrera begira, zeintzuk izan beharko lirateke herrian euskarazko prentsaren erronkak?’. Hemen ale batzuk.

Uztarriaren azken liburua dela eta, hainbat gauza

Uztarriaren azken liburuan, Euskarazko prentsa eta Azpeitia-n dauden datuak hartu, eta horra datu positibo batzuk:

  • 2002ko urtarrilean El Diario Vasco-k egunero 1.250 aleko aldea kentzen zion Azpeitian Egunkaria-ri. 2004ko urrian 887 alekoa Berria-ri. Hortaz, gure herrian alde hori 363 aletan murriztu da egunero. Bi urte eta hamar hilabetean aurrera egin du euskarazko egunkariak.
  • 2002ko urtarrilean DV zen Azpeitian egunero egunkaririk zabalduena: 1.367 ale. 2004ko urrian, berriz, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria da zabalduena geure herrian: 2.200 ale egunero. Une hauetan Urola-Kostako Hitza-k DV-ri 960 aleko aldea kentzen dio egunero. Bada zerbait. Gainera, Hitza-k DV-k baino gehiago informatzen du Azpeitiaz (eta hobeto ere bai, neure ustez).

Aurrera begira zer? Ez legoke gaizki:

  • Gaur egun informazio orokorreko euskal prentsak (Gara-k, Berria-k, Deia-k) egunero 823 ale saltzen dituzte Azpeitian. DV-k 1.240. Ea parean jartzen ditugun laster. Oso garrantzitsua izango da hori, balantza informatiboa gure alde jartzea.
  • Nik uste posible dela Berria Azpeitian 500 erosle / harpidedun izatera iristea. Urola-Kostako Hitza-rekin batera, alde horretatik, egin beharko lituzke kanpaina bateratuak Azpeitian eta eskualde osoan (Berria-ren enpresa EKT, Hitza-ren enpresako bazkidea da, gainera, ezta?).
  • Urola-Kostako Hitza ekonomikoki sendotu egin behar dugu: Azpeitiko Udalak (ere) diruz ondo lagundu beharra du (ez al dute gure agintari jaunek prentsaren garrantzia ikusten ala?) eta irakurleok ere diruz lagundu beharra dugu (Uztarriakoek esan dute, Kaiton bi aurkezpen desberdinetan entzun dudanez, Hitza-k irakurleon artean diru bilketa kanpaina hasi duela). Animo!

Lan ideologikoa. Horretarako, oso garrantzitsua da Azpeitian lan ideologikoa egitea. Mezua: euskarazko prentsa, Euskal Herria da; DV, Espainia.

  • Seme-alaba euskarazko hezkuntza ematen den ikastetxera eramaten duen guraso horrek ezin du etxean euskara (hezkuntza, euskalgintza...) despreziatzen eta erasotzen duen egunkaria sartu.
  • 45 urtez azpikoek euskarazko hezkuntza jaso dute, eta ez lukete prentsa euskaraz irakurtzeko arazorik izan behar. Hemendik aurrera giro hau lortu beharko litzateke: herrian 45 urtetik beherako DV erosleak ez izatea gehiengo inola ere, eta erdia baino gutxiago izatea gainera. Adibide bat jartzearren: garai batean soldadutzara joaten ez zirenak ziren ‘arraroak’, baina gero joaten zirenak ziren ‘arraroak’; lan handia egin zelako eta konpromiso galanta erakutsi zutelako gazteek, eta erakundeen-eta babesa ere izan zutelako ondorioz.
  • Uztarriak segitu beharko luke, eguneroko lanean eta euskarazko komunikabideak sortzeaz gain, lan ideologikoa ere egiten, orain arte bezala (horra hor liburua).
  • Komertzioek eta enpresek ere zeresan handia dute: publizitate bidez beraien errentagarritasuna bilatuz, aldi berean horrekin finantza dezatela euskarazko prentsa. Hartara, publizitate hori lortuz, euskarazko prentsak diru gehiago luke (lan baldintzak hobetzeko, produktu gehiago eta hobeak izateko, irakurleei zerbitzu hobea emateko, kanpainak egiteko...).
  • Udalak, euskarazko prentsa diruz laguntzeaz gain, hau ere egin beharko luke: euskarazko prentsaren aldeko sustapen kanpaina handia eta etengabea (publizitatea, irakurle posibleei laguntzak, kontzientziazioa, ikastetxeetan sartu euskarazko prentsa...). Azken batean, azkenean diru laguntzak eman ematen dituzte erakunde publikoek (oraindik Azpeitikoak ez Hitza-ri baina...), baina beste lan hori ez dute egiten, eta bestea bezain garrantzitsua da. Zerbait

Eskelak lortzen hasi behar

Nik ulertzen dut jendea Hitza-ren alde ateratzea, neu horrela nagoelako, eta denok Udalari diru laguntza eskatzea. Orduan hori da erronka bat herrian daukaguna.

Baina Uztarriak bota duen galdera ez da horretara mugatzen, nire ustez. Diru laguntzak lortzeaz gain, beste gauza batzuk egin behar dituelako euskarazko prentsak.

Adibidez, eskelak lortzea. Hutsaren hurrengoa da Hitza-n, Berria-n... eskelen presentzia. Zer ba? Arrazoi asko egon litezke: El Diario Vasco-k hartuta izatea terreno hori, Hitza-k eta Berria-k arlo hori ez lantzea... Diru pila bat mugitzen da eskelekin (entzunda nago El Diario Vasco-k urtean mila milioi pezeta irabazten dituela horrela), eta euskarazko prentsak hasi behar du garrantzia ematen. Esaterako, Hitza-k planteamentua zabaltzen. Hau da: Urola-Kostako Hitza gure eskualdekoa izan arren, hemen sartzen den eskela bat beste Hitzetan ere jartzea prezio berean. Nire ustez, familiak eskela jartzen duenean ez du soilik bilatzen bertako jendea enteratzea, baizik eta beste eskualdeetako jendea ere enteratzea. Jar liteke Berria-n ere hori.

Familia aipatu dut. Baina DV-n ez da egoten familiaren eskela bakarrik. Azkoitiko ziklista hori hil zenean, 24 eskela zeuden DV-n. Haien artean, asko ziren lagunenak, elkarteenak eta abar. Hor dago terreno bat lantzeko, eta ahoz ahoko lana egin behar dugu euskaltzale denok. Hau da: txipa izan behar dugu horrelako eskelak Hitza-n jartzeko.

Erronkak

Beste erronka batzuk ere bai

Ados eskelen gaiarekin. Gehitu behar dira erronken artean, publizitatea, herrien arteko elkar laguntza, egitasmoak, eta Hitza-ri dagokionez, herrietan gertatzen diren ekitaldiak ere aipatu. Ikastoletan Urola-Kostako Hitza zabaldu, haurrek ezagutu dezaten inguru honetan egunkari bat badagoela, eta ikas dezaten euskaraz irakurtzen (egunkaria). Erronka arlo guztietan zabaldu behar dela iruditzen zait. Dirua garrantzitsua da.

Izar

Kazetaritza etikoa egiten segitu

Aurrera begira, zeintzuk izan beharko liratekeen herrian euskarazko prentsaren erronkak? Ondo informatzen segitzea, hori da erronkarik nagusietakoa. Bide batez, horrela ere jendea mota horretako kazetaritza etikora eta proiektu euskaltzalera biltzen segitzeko.

Zergatik diodan hori? Gaur goizean (azaroaren 16an), bederatzietan, Radio Euskadiko albistegietan, lehen esaldia, motza, tinkoa: “*Gran operación contra ETA*”. Bai, Radio Euskadin hori, ez Radio Nacionalen, COPEn edo dena delakoetan. Radio Euskadin. Espainiako Poliziaren eta Baltasar Garzón epailearen mezuaren bozeramaile lanak fin-fin eginez eta kazetaritzaren oinarri-oinarrizko arauak pikutara bidaliz.

Enekoitz Esnaola

Idazkera kaletarragoan

Nik ere badiot mitoa dela zera: euskaraz delako irakurtzen dela euskarazko egunkaria edo aldizkaria gutxiago. Horra Uztarriaren eta Hitza-ren tiradak. Bai uste dudala, ordea, euskarazko prentsan idazkera freskoagoan idatzi behar dela, kaletarragoan. Nola hitz egiten da kalean? Ba halaxe prentsan, arrunkeriak saihestuta. Esate baterako, nola idatziko genuke: “Lagun Onakek garaipena lortu du” edo “Lagun Onakek irabazi egin du”? Zeinek sortzen digu traba leitzean?

Joxe

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak